Gorka Etxeberria Casqueiro
Futbol analista

Mikel Etxarri Sasiain, Futbol munduko azken erromantikoa

UIKeko urteroko emaila jasotzean irakurri dut zure azkeneko urtea izango dela Udako Ikastaroa antolatzen eta bertan omenaldi bat egingo zaizula liburu aurkezpenarekin batera. Hemendik egun batzuetara zure deia edo zure mezua jasoko dudala badakit esanez «Gorka, oraindik ez duzu izena eman, zeren zain zaude?»

Omenaldiaren harira, nigan utzi duzun arrastoa aipatu nahi nuke, Mikel. Oroitzen dut hitz egin genuen lehen aldia, telefonoz hots egin zintudan kolaborazio baten eske, ordurarte ez genuen elkarrekin hitz egin. Zure hitz egiteko era goxo eta maitakorrak elkarrekin askotan hitz egin genuela zirudien eta akaso konfunditu zinala pentsatu nuen. «Mikel, barkatu, ez naiz Real Unionen dagoen Gorka Etxeberria» esan nizun; zuk tonua igo eta «zer uste duzu, ez dakidala zein zaren?» erantzun zenidan. Zur eta lur utzi ninduzun, eta nola ez, kolaborazioarekin aurrera egin genuen.

Futbol mundua mundu hermitiko eta isilunez beteta bilakatzen ari den honetan, zu beti prest futbolaz solastu eta dauzkazun ezagutzak banatzeko eta zabaltzeko gogoz. Informazioa gutxiago banatzen den honetan, zu beti kolektiboan pentsatzen, GUan ipintzen duzu arreta beti NIan beharrean; bakoitza bere zilborrari begira dagoen honetan Gipuzkoako futbol inguruan daudenak prestatuagoak egoteko zure esku dagoena egiten beti. Oroitzen dut Imanol Alguacilek 1-4-4-2 erronboa erabili zuenean eta telefonoz hortaz astelehenean hitz egin ostean, gaueko hamaiketan ordenagailua pizteko eskatu zenidala Skypeko bideodei bat egiteko. Bayern Leverkusenek horrela jolasten zuela eta prestatuak zenituen korte batzuk ipini zenizkidan eta aipatu genituen Leverkuseneko mugimendu taktikoak, klase partikular izugarria jaso nuen gaueko hamaiketan. Beti prest futbolaz hitz egiteko.

Baina erreza da ulertzen egiten duzuna maisu, 78 urte dituzun honetan, gazte batek duen ilusio bera duzulako futbolaren zirrikituak aztertzen jarraitzen duzulako da. Ez dakizun hori ulertzeko saiakera egiten jarraitzen duzu. Big Data eta Scoutinga uztartzen dituen masterra egiten nengoela metrikak eta probabilitatea azaltzea nahi zenuen, nahiz ematen ari zaion garrantziarekin kritiko izan, Antiguon hartu genuen kafea zoragarria izan zen. Ikuspuntua asko ez zizun aldatu, baina zuretzat berria zen hori, ulertu nahi zenuen eta futbolak zer norabide hartzen ari den hausnartu. PPDA eta Xga albo batera uztean, urruneko jokalarien garrantziaz ibili ginen, prestatzen ari zinen hitzaldia azaldu zenidan.

Nire formakuntzan eta futbola ulertzeko moduan garrantzia handia izan duzu, Mikel. Uda batean, futbola ea antzeko ikusten genuen ikusteko, 21 urte azpiko Japoniako partidu bat ikusi nuen, zuk bertako aldizkari batentzat analisia egin behar zenuen eta. Partidua amaitu eta telefonoz hitz egitean gauza antzekoak aipatu genituen eta bide onetik nindoala esan nion nere buruari.

Adibide eta pasarte asko aipatu ditzazket nigan izan duzun eragina aipatzeko, baina hori kafe bat eta pintxo baten laguntzaz hitz egingo ditugu beste batean. Gipuzkoako futbol entrenatzaileen goi mailako etapa honen harira askotan hitz egin duzu eta beti gipuzkoarron balore eta kooperatibak jarri dituzu mahai gainean lan egiteko moduan garrantzia ipiniz. Ez naiz ni izango kontra egingo dizuna, baina entrenatzaile guzti horietan zuk izan duzun garrantzia aipatu nahi nuke, oso entrenatzaile prestatua eta langilea da entrenatzaile gipuzkoarra zuk egin duzun lanagatik eta Gipuzkoako Entrenatzaile Eskolak izan duen profesionalengatik.

Lesio batek jokalari gazte horren ametsak zapuztu zituen Michelinen jolasten zegoela, baina lesio horrek asko eman dio Euskal Futbolari. Beti esan dizut zure Herrialdeko hautatzaile izatea izan daitekela entrenatzaile baten puntu gorena, eta zuk urte luzez izan zara Euskal Hautatzailea konpromezu eta profesionaltasunez betea, amesten dudan selekzioaren ofizialtasunaren alde lanean inurri eta fin. Eskerrak ematea ezin bestekotzat ikusten dut Mikel, bai zuri eta baita Jabo, Iribar, Iñigo Juaristi, Juanjo Arregi eta konpainiri; baita Jagobari ere.

Gipuzkoako zelaietan zure izena aipatzean jendeak hamaika pasadizo kontatzen ditu, zure Taktika edo Estrategiako azterketak ere ateratzen dira lau haizeetara. Denek pasarte horiek kontatzeko garaian irripar handi bat dute aurpegian, zurekin bizitako momentuak oroitzapen ederrak direlako guretzat. Seriotasun horretan beti ateratzen duzulako irripar bat, alaitasuna zure bidelagun duzulako beti.

Denboraldi zaila izan da aurtengoa neretzat eta nahi baino gutxiagotan egon gara, taldea denboraldi borobila egin du baina motxila kargatuegia izan dut eta une askotan luze egin zait; eskerrak emaitzek bidea errezten zuten sarri. Baina aurten ez dut izan zu partidu batera eramateko aukera edo kafe bat hartzeko denbora nahikorik. Gabon zoriontsuak opatu ez izana arraro egin zitzaidan ere, usadio bat bilakatu bai zen zure Krismasa jaso eta bertso bat bidaltzea bueltan. Pentsa zein arraro egin zitzaidan ez jasotzea zure alabari deitu niola ea ondo zinan galdetzeko, mobila puskatu eta berria erosi zenuela, besterik ez, baina bada ez bada hots egin nion, lasai geratzeko, badakizu.

Bueno Mikel, ohore izugarria da nere bizitzaren parte zarela sentitzea, futbol munduak eman didan harreman zoragarria. Ibiltzea kostatzea normala da, duzun bihotz handi hori zurekin eramatea uneoro pisutsua izan behar du eta. Hermetismo eta bakoitzak berean pentsatzen duen futbol mundu honetan, garrantzitsua da eta hauspotzen du zu bezalako profesionalak aurkitzea. Futbolaren pasioa nola maite duzun eta nola maitearazten duzun goraipatzekoa da; ez da erreza aurkitzen hori; futbol munduko azken erromantikoa zara.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Recherche