Juan Luis Mugertza Unanue

Mingarria

«Nagorno» berbak «menditsu» esan nahi du errusieraz; «karak» hitzak «beltz» turkieraz; eta «bakh»-ek «lorategi» persieraz. Hala ere, bertakoek Artsakh erabiltzen dute.

Artsakh entzun, eta furgoneta gidariak bere atzetik joateko adierazi digu esku keinu batez. Egokitutako eserlekuak ikustean, berehala jabetu gara Erevanetik, Armeniako hiriburutik, Stepanakertera, Artsakheko hiriburura, 321 kilometro egiteko ez dugula erosotasun handirik izango. Lehenengo kilometroak patxada ederrean eta begiak erdi itxita egiteko asmoa bagenuen ere, oso argi dago bidaide askok bestelako intentzioa dutela: batzuk kantuan, eta zutik ari dira dantzan; beste batzuk, Armeniako banderei eragiten; gure aldameneko andrea, egoerari lirikotasuna emateko edo, bertso batzuk errezitatzen hasi da. Gero jakin dugu, alaba Ulianak esanda, amak kantatutakoak Yeghishe Charents (1897-1937) poetarenak direla. Esan diegunean lau egunean The Janapar Trail-en zati bat egin nahi dugula, Azokh-en hasi eta Stepanakerten bukatuta, amak alabari esandakoak beldurtu egin gaitu, nahiz eta gure informazioaren arabera 284 kilometroko Janapar ibilbidearen zatia oso ondo adierazita egon. Dirudienez, mendi paraje askotan, pertsonen kontrako minak lozorroan daude. Kezka hori buruan egin dugu aurrera. Bisaz galdetu dugunean, arazorik ez dagoela esan digute. Atzerritarrok 3.000 dram (5,30 euro) ordaindu behar ditugu, eta aldez aurretik erabaki zigilua pasaportean edo aparteko orri batean nahi dugun. Asmoa Azerbaijanera joatea bada, hobe pasaportean ez jartzea. Ulianak esanda, Nagorno Karabakh hizkuntzen nahasketa da: «nagorno» berbak «menditsu» esan nahi du errusieraz; «karak» hitzak «beltz» turkieraz; eta «bakh»-ek «lorategi» persieraz. Hala ere, bertakoek Artsakh erabiltzen dute. Armeniako azken herria atzean utzi dugu, eta paisaiak bestelako itxura hartu du: menditsuagoa da, eta herri arrastorik ez da inon antzematen. Bihurguneak bata bestearen atzetik datoz. Laster, helmugara helduko gara. Bide bazterreko etxetxo batean, mugazaina dago, eta ondoan Armeniako eta Artsakheko banderak ikusi ditugu. Gidariak etxolara eraman ditu bidaiarion pasaporteak, eta gu, furgonetatik irten gara zangoak luzatzera. Polizia etxeari argazkirik ez egiteko esan digute, eta guk Welcome to Artsakh dioen muga taulari egin diogu. Kilometroak ez dira asko, baina furgonetan egin beharreko denbora luzea da. Stepanakertera heldu, armeniar jatorrak agurtu, eta Ulianak gomendatutako ostatura abiatu gara.

Goizean goizetik, hiriburuan gora eta behera ibili gara. Gero, Bigarren Mundu Gerran Nagornon hildako 22.000 lagunen omenezko memorialera joan gara. Tartean, 1991-1994ko gerran bizia galdu zuten Artsakh Errepublikako soldaduen hilobiak ere badaude. Gerraren Museora oinez joan gara, eta ondo etorri zaigu begiak dantzan ipintzeko, eta aspaldiko eraikuntza zaharrak eta berriak elkarren ondoan ikusteko. Museoaren arduraduna oso berritsua da, eta geroa nola ikusten duen galdetu diogunean, itxaropentsu agertu da: «2006an, Konstituzioa onartu genuen; 2015eko maiatzaren 3an, legebiltzarrerako hauteskundeak egin genituen, eta kanpoko begiraleek onartu egin zituzten. Zer gehiago behar dugu?». Erantzutear egon gara, «Nazio Batuen Erakundeak onartzea», baina ez diogu ezer esan. Izan ere, munduko herrialdeek ez dute aitortzen Karabakh Garaiko Errepublika, Amerikako zazpi herrialdek eta Australiako Hegoaldeko Gales berriak salbu, Azerbaijanek gauza asko dituelako bere alde: nazioarteko legeria, petrolioa eta goi-mailako armamentua erosteko aukera (Israelek, Bielorrusiak eta Errusiak armak saltzen dizkiote), esaterako.

Gerra giroa alde batera uzteko asmotan, taxi bat hartu, eta Artsakheko monumenturik ezagunena ikustera joan gara: Tatik-Papik. Armenieraz, «Aitona eta Amona» esaten diote; bertakoek «Gu eta gure mendiak». Bertan, armeniar turista batzuk ikusi ditugu aire zabaleko dendetan oroigarriak erosten. Salgai dauden kamiseta batzuetan, AEBetako Kalifornian jaiotako Monte Melkonian komandante armeniarraren aurpegia ikusi dugu: Artsakheko fronte guztietan borrokatu zen eta 1993ko ekainaren 13an Merzuli herrian hil zuten azeriarrek, Agdam izeneko borrokan. Heroia da bere herrikideentzat, oso maitea.

Sushi. Azkenean, ez dugu egin "The Janapar Trail"-en lau eguneko zatia, baina bai egun batekoa, eta oso leku politak ikusi ditugu 5 orduan Stepanakertik (Dasalti eta Muxtar herriak bidean) 12 kilometrora dagoen Sushira bitartean, bereziki 250 metroko Hunot arroila, Karkar errekak zeharkatzen duena. Naturak Sushi eta inguruko lekuak edertu egiten baditu ere, historiak ez dio batere lagundu herriari eta oso ondo ikusten da oraindik gerrak eraikin batzuetan utzitako arrastoetan. Antza, Karabakh Garaia eta Armenia lotzen dituen pasabidearen erdian egoteak ez dio batere mesederik egin. 1916an, 44.000 bizilagun zituen; 2018an, 4.446 besterik ez.

Herrian turismoa egiteko ere aprobetxatu dugu, eta Ghazanchesots katedrala ikusi dugu, Artsakheko handiena. Ez da oso aspaldikoa (XIX. mendekoa), baina irudi zoragarria izan da abadea eta soldaduak otoitz egiten ikustea. Egun, eliza suntsituta dago, eta nork daki orain dela bi urte ikusitako soldadu haietako zenbat egongo diren bizirik.

Recherche