Garazi Aduriz Zuñeda y Eider Lopez Rodriguez
Euskal Herrian Euskarazeko kideak

Mugarik gabeko euskara. Ofizialtasuna!

Aipatu aurrerabide lotsatien artean uda hasieran Euskal Elkargoak euskarari egin zion «aitortza ofiziala» kokatu behar dugu. Guztiz sinbolikoa den aitortza, inolako betekizunik ezartzen ez duena eta guztiz ez-nahikoa dena EHEren ustez. Euskaltzaleon urtetako eskaerak eta borroka neutralizatzea helburu duen hitz-joko dialektikoa dela iruditzen zaigu.

XXI. mendera hizkuntza bizi gisa iritsi izanagatik, euskarak ez du etorkizuna ziurtatua. Herio patuaren zulo beltzetik ateratzea lortu dugu euskaltzaleok azken hamarkadetan egindako ahalegin itzelari esker. Ehunka urtetako atzerakadaren ondoren, euskarak argi printzak ikus ditzake berriz ere. Hala ere, badira indarrak, eta ez txikiak, euskara zulo beltzera itzularazi nahi dutenak.

Horrela, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan euskararen desagertze-prozesua oraindik ez dugu etetea lortu. Euskara eta euskaraz bizi ahal izatea kinkan jarraitzen du. Euskaldunok egunero-egunero pairatzen ditugu bigarren mailako hiritar izatearen ondorioak. Euskararen transmisioa belaunaldi berriei ez dago ziurtatua; milaka dira gutxieneko euskara-ezagutza gabe ere derrigorrezko hezkuntza-aldia bukatzen duten ikasleak. Euskararen ezagutza ahalik eta gehien mugatzeko ahalegin etengabe horren azken katebegia Seaskari irakasle euskaldun gehiago hartzeko une honetan ezartzen zaion oztopoa da. Beste behin ere irmoki salatu nahi dugun oztopoa. Era berean, euskararen ezagutza jaso ez dugun helduok eskubide hori praktikara eramateko ordaintzen jarraitu behar izaten dugu.

Administrazioan ere euskararen erabilera hutsaren hurrengoa da. Are okerragoa, euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurkari diren politikari askok legearen muga zeharo estuak behin eta berriz baliatzen dituzte euskarari ateak ixteko. Horren adibide dugu euskara ofiziala izendatzeko Ustaritzek hartutako erabakia frantziar estatuak ezeztatu izana, edo, hautetsiek udal batzarretan euskara hutsez hitz egiteko duten debekua.

Eta horrela esparruz esparru zapalkuntza sistematikoaren neurriak etengabe aipa genitzake. Aurrerabide lotsati batzuk eskuratzea lortu dugun arren, euskarak eta euskaldunok zapalduak eta zokoratuak eta izaten jarraitzen dugu gure herrian. Euskaldunon hizkuntza-eskubideak bigarren mailakoak dira, erdal hiztunen hizkuntza-eskubideekiko menpekotasunean.

Aipatu aurrerabide lotsatien artean uda hasieran Euskal Elkargoak euskarari egin zion «aitortza ofiziala» kokatu behar dugu. Guztiz sinbolikoa den aitortza, inolako betekizunik ezartzen ez duena eta guztiz ez-nahikoa dena EHEren ustez. Euskaltzaleon urtetako eskaerak eta borroka neutralizatzea helburu duen hitz-joko dialektikoa dela iruditzen zaigu. Ez baita ofizialtasun izendapen erreala, eta beraz, ez duelako balio gure hizkuntza-eskubideak bermatzeko; beste era batera adierazita: euskara ofiziala izan gabe jarraitzen du.

Sinbolikoa ez dena, guztiz erreala dena, euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketa sistematiko eta iraunkorra da. Onarpen hutsal horrek aldatuko ez duen zapalkuntza estrukturala. Frantziar estatuaren agintari gorenek argi eta garbi adierazi dute ez daudela prest Frantziaren menpeko berezko hizkuntzei izaera ofiziala aitortzeko; beraz, bide horretatik, frantziar zein espainiar estatuen aldetik, euskaldunontzat eta euskararen etorkizunarentzat aterabiderik etorriko zaigunaren esperantza errealitatearekin erkatzeko garaia da. Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok ez dugu etorkizunik frantziar zein espainiar estatuaren menpean.

Baina euskaldunok ez gaude errealitate hori onartzeko prest. Euskarari etorkizun oparoa emateko eta euskaraz normaltasunez bizitzeko erabaki irmoa hartua dugu euskaldunok. Euskal Herri euskaldunean bizitzeko erabakia berretsia dugu euskaldunok.

Hori erdiesteko euskararen berreskurapen-prozesuan jauzi egiteko beharra dugu: Lege-onarpen egokia indarrean jarri behar dugu, euskara ofiziala, berezko hizkuntza, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izendatzetik hasita; euskararen ezagutza unibertsalizatu behar dugu; azkenik, Euskal Herria berreuskalduntzeko plan estrategiko nazionala indarrean jarri behar da, eremuz eremu euskararen ezagutza eta erabilera orokortzeko.

Alta, zalantzarik ez dugu hau guztia ezinezkoa izango dela Frantziar eta Espainiar estatuen menpean. Beraz, burujabetza osoaren beharra nabarmena da: Burujabetza zein nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun erabaki eta indarrean jarri ahal izateko; Burujabetza inolako mugarik gabe euskaraz bizi ahal izateko; Burujabetza Euskal Herriaren berreuskalduntzea azkartu eta bururaino eraman ahal izateko; Burujabetza kolektiboa herri gisa eta burujabetza indibiduala euskaldun aktibo gisa.

Hori eskuratzeko ezinbestekoa da euskaltzaleon grina eta ekimena. Euskararen borroka herriz herri biderkatzea ezinbestekoa da, eta horretarako deia egiten die EHEk euskaltzaleei. Desobedientzia ariketa erraldoia egiteko unea dugu. Urte amaierako Euskaraldian erakutsiko dugun euskaraz bizitzeko determinazioa, euskararen ofizialtasun errealaren eta normalizazio-prozesuan jauzi egiteko borroka iraunkorrean bilakatzera dei egiten dugu.

Norabide horretan, gonbidapena egiten diegu euskaltzale guztiei datorren urriaren 6an, goizeko 11:00tan, Baionako Herriko Etxearen aurrean "Mugarik gabeko Euskara. Ofizialtasuna" aldarriarekin egingo dugun mobilizazioan parte har dezaten.

Recherche