Josu Naberan
Idazlea

Mundua, eromenak hartua

Beraz, «negazionista» ez garenok badakigu gaixotasun bat, egon, badagoela; pneumonia edo dena delakoa, medikuei dagokie diagnostikoa. Baina ez dela fantasiazko covid-19 birus delakoa.

Hasteko, Ipar Amerikarren hatzaparretatik askatu den Afganistan bedeinkatuan agertu berri da Zazpigarren Zalduna, beti bertan egon den talibana. Hor dakusagu hedabideetan, hatz erakuslea gorantz jasota, Mahoma profetarentzat estrainio zatekeen Alah baten izenean.

Bien bitartean, planeta honek bere ardatzean biraka darrai, jada badakigu zehazki norantz, klima aldaketarantz eta abar. Eta horren aurrean, mundu osoko agintariak (geuk hautatuak?) «itsu, zor eta gor», Joxe Iriartek dioen bezala, beren egitekoak egiteke eta hartu beharreko neurriak hartzeke; aitzitik, etengabeko «desarroilismo jasanezinean» tematuta.

Ezin ahaztu Brueghel Zaharrak margotu zuen eszena hura, non itsuen errenkada bat dakusagun, gidari itsu baten eskutik, denak noraezean. Hor goaz iladan, populu, komunikabide nahiz agintari, «zazpi izurriteen» plaga pandemikoaren zergatiaz galdetu gabe, noraezean.

Izan ere, jendeak «zazpi plagen» izaerari buruz galdetzea ez baitzaio komeni, inolaz ere, hura sortu duenari: hots, «kapitalzenoa» (Bikila dixit) delako Aroan agintzen duen sistema suntsitzaileari, huraxe baita, egiatan, gure planetako bizidun oro pandemiara eta apokalipsiara daramana.

Katarra hor dago, guztion begibistan. Adibidez, elektrizitatearen prezioa nahiara igotzen duen Iberdrola; eta ahalara gabiltzan jendea, dorre-goieneko lapur gorbatadunen erabaki deliktibo hori fenomeno natural ekidinezintzat hartzen dugula.

Eta hortxe gainontzeko katarrak, botere eta lur-gose den Petronor, zeinek «energia berdearen» izenean mendi tontorrak haizegailuz eta lur-azalerak eguzki panelez okupatzen dihardutenak. Energia Berdea aitzaki, bai horixe, egungo kapitalismo-ereduak diseinaturiko plan zehatz bat medio: «ekonomia reseteatzea». Esan nahi baita, empresa txiki eta ertainak suntsitzea eta horien kapitala/boterea korporazio handien eskuetara pasatzea.

«Zer egin?», zioen Leninek. Zeinek jarri txilina kapitalismoaren katarrari, genioen. Populua ez baikara horretarako gai; deitu ere ez gaitu deitzen, ganoraz, Europako esker antolatuak. Izan ere, Kapitalismoari aurre egitea (ekintzaz, ez berba soilez) antipopularra da gaur egun; ez du ematen botorik, kendu baizik.

Hala da, sistema kapitalistaren katarra geure barruan ere hortxe baitatza, zeharo baitugu barneratua egungo euskal gizartean ere, nahiz eta «burujabetza eta independentzia» aldarrikatu.

Azkenez, ezin utzi aipatu gabe gure eguneroko pandemia plandemiko honetan, sasi-txertoei buruzko balorazioa. Nazioarteko zientzialariek arraposturik gabe eta populazioa kezkatuta dagoen honetan, Bloomberg adituak dioenez, hemengo hedabide salduenek (Cf. "El País", 22/8/2021) «txertoen arrakastaz» predikatzen darraite. Zeini sinetsi?

Adibidez, Israelen kasua plazaratu da egunotan. Populazio osoa txertatua eta ustez inmunizatua zegoelarik, uste ustela. Halako txerto gehiago behar omen da. Israel, onerako nahiz gaizkirako berezia (herri hautatua), euri gehiago eskatzen ari da, urez ase eta blai dagoen zorurako. Laikoagoa zela uste nuen, hots, dogmari hain fede irmoz atxikitzeko baino laikoagoa. Hemen eta munduan ere, populua oro har fededun. Balizko covid-19 birus fantasma horrekiko fededun irmo.

«Zer diok -erranen du baten batek-, Eroak hartuta ala?» Eta baluke arrazoi pixkat. Zer nabil ni, oinezko hau, egiazko apokalipsi baten sasi-profetarena egiten? Baina oraingoz inurri-memoria urria baino gehixeago daukagunok gogoan dugu nola sortu zuten Covid-19 delako «birus berri» hau, inongo laborategitan isolatu ez dutena.

«Gezurra –ihardetsiko lehengoak– CDC-k isolatu du eta!». Zer esango dizu ba CDC (Center Disease Comp.) horrek, berau izan baitzen Covid-19 sortu zuena, Wuhango antzokian, 2019ko urte hondarrean? Gogoratzen saguzarren istorioa Wuhango merkatuan? Bada, CDC iparramerikar horrexek sartu zuen eskua laborategi ospetsu hartan, birologo txinatar erosi baten kolaborazioarekin. Handik gutxira, birologo hori hilda edo eraila aurkitu zuten, tamalez.

Eta haginak aski berdinduta ditugunez, ez zaigu ahaztu, ezta ere, mundo osoa aztoratu zuen «pandemia alarma» ahanztezin hura zelan eta zeintzuek aldarrikatu zuten bapatean, hots, OMS (Osasunaren Mundu Erakundeak), Farmazeutika Konpainiak (aurrekoarekin estuki lotua betiere), eta Davos herrian, 2019 hondarrean, bildu zen Mundu mailako Ekonomia Foroaren Gailurrak. Bide batez, daten eta datuen memoriak hari mutur batzuk elkarlotzen lagun dezake.

Bada, «pandemia alarma» hura ilegala izan zen, hau da, pandemiaren aldarri-legearen kontrakoa, nahiz eta aipatu aldarrikatzaile horiek astebete aurrerago legea aldatu zuten euren komenientziara (ordurako erdi-prest baitzeuzkaten euren txertoak)

"Berria" egunkariak Juanjo Alvarez jauna, Zuzenbidean aditua, elkarrizketatu du, argi azaltzen duelarik erabaki hartaz geroztiko nahasmendua eta eromena Zuzentzaren eta epaileen eremuan. Ez ei zekiten zer egin, eta Estatu bakoitzean era desberdinez jokatu zuten.

Izan ere, giza eskubideak larriki murrizten zituen ilegalkeria harekin egin zuten topo, eta ilegaltasun hura arau bihurtu zen mundu mailan. Horrek esan nahi du «alarma» aldarrikatzaileek den-dena zeukatela aurreikusita, baita kritikoei nola deitu ere («negazionista eta terraplanista»). Geroztikoa badakigu, syndemia: interes politiko-ekonomiko eta geoestrategikoak (Sputnik txerto errusiarra merkaturatzean, hemengo Pfizer, Moderna eta gainerakoak arrapaladan ondotik, protokolozko froga oro bertan behera utzita...).

Beraz, «negazionista» ez garenok badakigu gaixotasun bat, egon, badagoela; pneumonia edo dena delakoa, medikuei dagokie diagnostikoa. Baina ez dela fantasiazko covid-19 birus delakoa, eta medizina ere ez dela itu gabeko sasitxerto horiena. Zeren sasitxerto hauek garantia gabekoak baitira: batetik, ez dute eraginkortasunaren garantiarik, ezta ere inokuotasun bermerik. Hots, potentzialki arriskutsuak dira. Azal bezate hori ere zehazki birologo eta medikuek.

Egoera hau kontuan hartuta, astakeria hutsa da umeen eta nerabeen populazioa txertatzea txerto experimental arriskutsu hauekin. Zientzian oinarrizkoa den printzipioagatik besterik gabe: Prebentzio Printzipioa. Umeak eta nerabeak merkatarien eta tratularien hatzaparretatik babestearren.

Recherche