Maitane Nerekan Umaran
Irakaslea

Musukodun irakasle lotsabakoak

Argi dago, gauzatzen ari diren desinformazio eta kaos estrategiarekin, hezkuntza zentroetako langileak eta familiak muturrera eramaten ari direla.

Bigarren Hezkuntzako irakaslea naiz ikastetxe publiko batean. Gaurko nire lana, eguneroko berbera da, Euskal Herriko gazteen etorkizunaren ardura hartzea. Atzo 120 euro inguru kendu zizkidaten soldatatik nire zereginaren ardura hartzeagatik. Baina askoz gehiago mintzen nau pentsatzeak, gaur, zuetako askok (baita irakasleak ere) alfer eta arduragabea naizela pentsatzen duzuela. Iñigo Urkulluk edo Jokin Bildarratzek, kasu.

Aspaldikoa da hezkuntza sistemako langileak deslegitimatzeko estrategia. Guri buruz erraz entzuten dira ondokoak: opor pila bat dugula, ez dugula ezer egiten... Inongo sare sozialetan ez da planteatu Hezkuntzako langileengatik txaloka hastea egunero 20.00etan. Desprestigiorako estrategia hori gidatua eta ondo antolatua da; zenbait herritarrek elikatzen baduzue, sistema zuzentzen dutenek diseinatu dutelako da.

Ziur naiz badela irakaslerik oporrengatik aukeratu duena ogibidea. Ziur naiz badela irakaslerik behar baino indar gutxiago jartzen duena bere lanean. «Eskakeatzen» dena. Eskakeatzen diren ingeniariak, kale-garbitzaileak, okinak edo medikuak dauden bezalaxe. Uste dut ikuskaritza lana beste modu batean egin beharko litzatekeela nire sektorean; batez ere, gizartearen etorkizunaren arduraren parte handi bat maneiatzen dugulako, baita diru publiko piloa ere. Hala ere, argi daukat nire lankideen gehiengoa bere lana ahalik eta hobetoen egiten saiatzen dela.

Baina Urkullu jaunak, ustez euskaldun guztion lehendakari den horrek, publikoki deslegitimatu nahi izan du Hezkuntza arloko langileria (ez bakarrik irakasleak, garbitzaileak, jantokiko langileak, hezitzaileak... guztiok egin baitugu bat greba deialdi honetarako). Kargudun publiko batek (are gehiago, «euskaldun guztion» lehendakaria izanda) greba deialdi bat deslegitimatzeko ardura al du? Greba egitea ez al da norberaren hautua? Ez al litzateke hobea grebalariek egindako kritikaren aurrean hezkuntza komunitateari eman dizkion baliabide guztiak zehatz-mehatz zerrendatuko balitu? Non daude mila irakasle «estra» horiek? Non daude euskara indartzeko programak? Non daude baliabide teknologiko biderkatuak? Are garrantzitsuagoa dena, non dago hezkuntza komunitatearen hitza?

Grebaren leloa «itzulera seguru eta adostua» izan da. Nire aldetik, leloaren lehenengo partean sartzea arriskutsu ikusten dut. Segurtasunaren eta askatasunaren arteko gatazka oso presente ikusten dut hezkuntzan, eta sumatzen dut askatasuna erabat alboratu dela. Baita segurtasun eta osasunaren ideia oso pobrearekin lan egiten ari garela ere. Leloaren bigarren parteagatik joan naiz grebara. Adostua! Noizko hezkuntza komunitatea osatzen dugun sektore ezberdinek (gurasoak, garbitzaileak, irakasleak, jantokiko langileak, Hezkuntza Saila...) osaturiko Pandemia-Hezkuntza maila? Noizko zentroetako zuzendaritzei galdetzea beraien ikuspegi eta beharren inguruan? Noizko benetako komunikazioa?

Ez jarri krisia eta pandemiaren zailtasunak aitzakia. Denok onartzen dugu egoeraren zaila; horregatik, hain zuzen ere, ezinbestekoa da sarean lan egitea, ardurak partekatzea eta boterea modu horizontalean antolatzea. Argi dago, gauzatzen ari diren desinformazio eta kaos estrategiarekin, hezkuntza zentroetako langileak eta familiak muturrera eramaten ari direla. Horrek krispazioa sortu eta komunitatearen banaketa besterik ez du ekarriko. «Divide y vencerás». Profe, hori nork esan zuen, NapoKulluk? Edo Iñigo Cesarrek? Lasai Iñigo, aspaldi irabazi zenuen, ez duzu bullying gehiago egin beharrik.

Recherche