Nafar herritarrak, etxetiar «Deep Blue» politikoak
Podemos dela eta ez dela, Nafarroan, eta bereziki aldaketa politikoa desio duten nafarren artean, foru hauteskundeetarako atzo amaitu zen prozesu parte-hartzailean izena ematearen egokitasunaz asko hitz egin da azkenaldian.
2015/02/14
Estatu arrazoiaren izenean jendeari edozer egiteko prest egon badira, dozena bat mugikor erosi eta nahiago duten hautagaiaren alde egiteko prest egongo zirela pentsatzeak logikoa dirudi
Podemos dela eta ez dela, Nafarroan, eta bereziki aldaketa politikoa desio duten nafarren artean, foru hauteskundeetarako atzo amaitu zen prozesu parte-hartzailean izena ematearen egokitasunaz asko hitz egin da azkenaldian. Labur esanda, prozesu parte-hartzailea irekia zenez, benetako hauteskundeetan Ahal Dugu-ri boza emateko inongo asmorik ez dutenek ere hautagai horren hautaketan eragiteko aukera zuten. Nafarroa estatu auzia den heinean, Estatuaren estoldetan eta erregimenaren zirkuluetan hizketaldi hau errepikatu egingo zela pentsatzeak logikoa dirudi. Estatu arrazoi horren izenean jendea torturatzeko, hiltzeko edo sikiera beren borondatea erosteko gai izan badira, dozena pare bat mugikor erosi eta nahiago duten hautagaiaren alde egiteko prest egongo zirela argi dago. Egin duten edo ez, hori beste kontu bat da. Azken batean, erabaki hau hartzeko egin behar diren kalkuluak oso konplexuak baitira.
Nolanahi ere, eztabaida hor egon da. Adibidez, gure profeta birtuala, Osaba Sabine (aka @aranagoiri) honela mintzo zen: «Bueno, ya he registrado un alter ego en Podemos Navarra y he votado a la candidata que menos me disgusta. Si hay agostazo no es mi culpa».
Eztabaida honek guztiok barruan –edo azalean– daramagun makiavelo txikiak piztu ditu. Podemos fenomeno orokorraren ezaugarrietako bat natura kalkulatzaile hori sustatzea izan denez, besteongan ere eragin horixe du. Etxean ibiltzeko «Deep Blue» txikiak bihurtzen gara, Kasparovi irabazi zion kalkulu-makina-erraldoi haren antzekoak. Eztabaida moralez harago, Ahal Dugukoek argi utzi baitute beraientzat ez dagoela kontraesanik beraien kide izan ez eta prozesu honetan bozkatzean –betiere bozkatzen duzuna gogokoen duzun hautagaia bada eta ez gutxien beldurtzen zaituen arerioa, noski–, kaleko eztabaida parte-hartzeak izan dezakeen ondorio eta emaitza politikoei buruzkoa izan da, batez ere. Hori, eta politikoki identifikatuta dauden pertsonak inskribatzearen egokitasunaz.
Adibidez, Joan Bosch hautagai ofizialista ez da osteko paktuez batere argi aritu, eta Madrilen alderdiak dituen interes orokorren menpe jarri ditu erabaki horiek, alegia, Moncloara heltzeko laguntzen duen edo ez duen laguntzen jarriko du balizko edozein akordioren aurretik. Demokratikoki, baina menpe. Beste hautagaiak, Laura Perezek, ordea, argi utzi du berak erregimena sostengatu duten alderdiak kanporatzeko balioko duen indar metaketak babestuko dituela, EH Bildurekin lor daitezkeenak barne, jakina. Hartara, Osabaren botoa argi dago.
Kontrako argudioak entzun ditut, ordea. Kalkuluetara bueltatuz, UPN-PP-PSN hiruhortzari hautagaietatik zeinek kendu diezaiokeen gehiago aztertu dute askok, aldaketa gauzatu ahal izateko lehendabiziko baldintza, paktuen aurretik, emaitzak baitira. Tabernako demoskopia honen arabera, Boschek emaitza hobeak lor ditzake esparru geografiko eta ideologiko arrotzetan –«bera bezain arrotzetan», esan du baten batek–.
Bide batez, askok uste dute benetako bataila paktuak bozkatzeko prozesu parte-hartzailean egongo dela. Izan ere, hauteskundeen osteko prozesu hori erreferendum birtual bat izan daiteke, honek dituen arrisku eta aukera guztiekin. Orduan ez soilik Sabino Arana, Barcina bera ere bozkatzera joan daiteke. Esan bezala, lehendabizi kanpaina, hauteskunde eguna eta emaitzak datoz, oraingoz makiaveloentzat epemuga atzo amaitu baitzen.
«Deep Blue» aipatu dut eta honetaz ari ginela Mikel Zubimendi lagunak anekdota bat kontatu dit. Makina horretan historia osoko jokalari onenen mugimendu guztiak sartu zituzten, orduko txapeldunari irabazteko. Ondorioz, Kasparovi aise irabazi zion «Deep Blue»-k lehendabiziko partidan. Bigarrenean, ordea, txapeldun errusiarrak ume baten moduan jokatu zuen eta makinaren kalkuluak hautsi zituen. Akaso, umekeriarik gabe, baina gehiegizko sofistikazioak albo batera utzita, urteetan hezitako sen politikoari jarraituz jokatu beharko genuke.