Josu Iraeta
Idazlea

Nafarroa «berriro» bidegurutzean

Nafarrak urte askoz pairatu dugu alfer eta harro bezain gezurti diren belaunaldi baten kudeaketa. Ezinezkoa zirudien arren, «Miguelico» eta Barcinak, gainditu bai zuten, Urralburu, Aragón eta Otano bezalako gaizkile ezagunen jarrera.

Uka ezinezkoa da, gaur egun bizi dugun egoera hau mantentzeko gaitasuna erabili, eta historia erabat aldatzetik hurbil gaude nafarrak.

Zentzu horretan, eskerrak eman behar dizkiegu, euren ahalegin, borroka, porrot, nahiz garaipen txikien bidez, aurrean dugun ibilbide hori ahalbideratu duten guztiei.

Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatzen duen aukera politiko baten sustatzailea naizen heinean, jakin badakit, bertako aginduek zer punturaino osatzen duten, -nola edo hala-, gure lehendabiziko esku-hartze eremua. Eremu horretan, gutariko bakoitzaren bizia eta etorkizuna ez ezik, gure herriaren etorkizuna ere badago jokoan. Era berean, munduari begira zabalik dagoen leihoa da, baina baita halako hesi bat ere.  Leihoa da, mundu zabalean dauden beste gizon-emakumeen borrokarekin bat egitea ahalbideratzen digulako. Eta hesia, berriz, gatazketan ez delako batere erraza izaten, ageriko arazoez haratago ikustea.   

Ondo baino hobeto ulertzen ditut, eginkizun nazionala erantzukizun osoz landu arren, eta halako arazo unibertsal batekin topo egiten duten idazle eta politikariak. Hala ere, ez ditut onartzen «tarteka» munduko hiritartasun hori aldarrikatzen dutenek, unean uneko erantzukizun zehatzetatik ihes egiteko.

Dena dela, gaurko egoera honek, ez dauka inolako zerikusirik garai bateko bizitza politikoaren inguruan suma genezakeen humanismoaren «inertzia erosoarekin». Gaur egun, sigla bat edo besteren babespean, harrotasunez «riau-riau» hura eutsi, eta txinatar mandarin antzera,  Nafarroa osoa kudeatzen zutenekin.

Azkenaldian, nire ustez arduratzekoa den errealitate bat antzeman dezakegu Iruñeako bi erakunde nagusien «izaera», eredugarri bilakatzen ari baita. Duela gutxi arte, astakeria handiena  eginda ere, ezer gertatzen ez zenaren baieztapen ikaragarriak, kalte handia eragin zion Nafarroari, eta ez bakarrik kanpora begira, baita lurralde barruan ere. Osmosia ukaezinezkoa baita. Horren guztiaren emaitza suntsitzailea zen erabat. Izan ere, erakundeak «Migueliko» jaunaren estiloari jarraikiz kudeatzeak, hau da, ezagutzaren ordez hantustea baliatzeak, pertsona haserreak, axolagabeak eta ankerrak bilakatzen bai ditu kudeatzaileak. Egiari zor, ez sobera gomendagarriak, demokrazia sasoian.  

Atzera begiratuko bagenu, baiezta genezake -harrokeria pixka batekin bada ere- arazo metafisiko baten aurrean gaudela; zer gara norbanako gisa, eta zer herri gisa, gaur. Hori horrela, eta etorkizunera begira, Nafarroako gizarteak egun bizi duen gatazka ideologokoen barru, ebatzi beharko du; humanismoarekin bat datorren norberekeria garatuz, edota, gizarte aurrerakoi bati hurbilduz, herritartasuna landu.

Azken finean, onartu behar dugu, herrialde, nazio eta herri guztiek arazo nagusi berberari aurre egin behar diotela;  justizia sozialean oinarrituriko bakea.

Denok «egokitu» gara gure ingurura: geroz eta handiagoak diren bukaezinezko pribilegioetara batzuk, eta urritasun nahiz eskasiara besteak. Bizitzaren karrusel horretan, dena bat batekoa dela dirudien arren, ezer ere ez da inprobisatzen, izan ere, erabakia gutxi batzuek hartu arren, makina bat dira laguntzen saiatzen direnak.

Azken hori atsekabez diot; baina halaxe da. Sarasate Pasealekuan hara eta hona ibiltzen naizenean, sarritan gurutzatzen ditut aspaldiko ezagunak -ile zuriak batzuk, eta ia ilerik gabekoak besteak-,  filosofia marxistan esperientzia izan arren, maila pertsonalean jokabide erreakzionarioa dutenak.

Lehen aipaturiko «egokitzapenaren» produktua dira, zalantzarik gabe. Gogorra egiten zait ezagun horiek agurtzea, eta seguru nago nabaritu ere egiten zaidala, izan ere, pertsona horiek dira, «intelektualak» -diren aldetik- kalte gehien eragiten dutenak, amaigabeko espainiar trantsizio honetan bizitako hamaika arazoen aurrean, «sorbaldak jaso», besterik egin ez dutelako.

Mingarria da hori, oso mingarria, eta adiskide bezain  lagun nuen Santi Brouard zenak,  Bilbon esandakoa datorkit burura: «Jakina denez, hipokresia da demokraziaren arte ederretako bat». Egia latza, baino egia.


Zenbait hilabete barru -ez askorik-, Nafarroako gizarteak galdera bat izango du mahai gainean. Non edo non gustura irakurriko nukeen galdera, baina ez da posible izan.

Hemen  galdera; 2019. urtean, XXI. mendeak dagoeneko ia hogei urte bete dituenean, kapitalismoa nagusi den aro honetan, eta Nafarroako sozialistak kapitalismoz eta neoliberalismoz «makilatzen» diren sasoian, nork egingo die aurre Nafarroan milaka eta milaka familiek bizi duten eskasia  egoerei? Hau da, UPN-PSN-PP hirukoteak -bere garaian- diru publikoaren kudeaketa anker bezain lotsagarriaren ondorioz sorrarazitako beharrei?

Mugara heldu gara. Nafarrak urte askoz pairatu dugu alfer eta harro bezain gezurti diren belaunaldi baten kudeaketa. Ezinezkoa zirudien arren, «Miguelico» eta Barcinak, gainditu bai zuten, Urralburu, Aragón eta Otano bezalako gaizkile ezagunen jarrera.

Erakundeetan horren errotuta zegoen lotsagabekeria eta zigorgabetasun hori, bizitza publikotik ezabatu beharrean gaude. Baita zigorgabetasun  osoz aberasteko «oraindik» dituzten aukerak. Zalantzarik gabe, erakundeetako korridoreak korporatibismo lizunez lepo egotearen ondorio zuzena.

Ibilbide nekagarri honen ondotik, bidegurutze batera heldu  gara «berriro», gure erakundeetan zintzotasuna ezartzeko bidea erakusten digun bidegurutzera, alegia. Izan gaitezen objektiboak, eta jarrai dezagun errudunak zigortzen. Ea ba.

Recherche