Josu Iraeta
Idazlea

Nahi eta ahal

Ukaezina da hauteskunde-kanpainak nekatu egiten dituztela denak, ez bakarrik lehenengo arreta eta ondoren bozka  eskatzen zaien gizarteari, baita egunez egun bozka-emaileak konbentzitzen saiatzen direnak ere.

Azken egunean, batzuen eta besteen emaitzak eta balorazioak ezagutu ondoren, protagonisten negoziaketen denbora heldu da. Eta azkenik, «sedimentazio» aldi baten ondoren, hainbat azterketa iristen dira, eta horretan gabiltza orain.

Duela egun gutxi EH Bilduk lortutako emaitzari begira –eta hasierako poza baretzen doan neurrian– geroari begiratuz hainbat burutazio eta zalantza sortzen zaizkit. Behar bada urteari esker bildutako eskarmentuak dioen bezala, egia da gauzak ez direla egun batetik bestera mamitzen, eta denbora beharrezkoa izanik, erne baina lasai jardutea dela zuzena. Baina zalantzak bertan jarraitzen dute, baita antzeko aholku eta buruhauste gehiago.

Zalantza ugari bai, ez bai dakit Gasteizko legebiltzarrean, taldeen arteko lankidetza zer nolako koloreaz azalduko zaigun. Ez bahi dut argi ikusten zenbaterainoko balioaz, Anduezaren taldeak eskainiko ditun ezkerrak oparitutako bozkak.

Ezta lehengo sakeak luze eta gogorrak edo bihurri bezain laburrak izango diren. Baina uste dut, gu izango garela sakeari erantzun beharrean, eta beharbada ez hasieran bakarrik, luze iraungo duen legealdian baizik.
 
Hori horrela gertatzen bada –nik horrela uste dut–  lanak izango ditugu, jasotako indarra herriaren beharrak aseko dituen iturri bihurtzen. Ez da erraza izango.

Ikusiz zer eta zergatik gertatzen ari den gertatzen ari dena, zaila da herri honen oihu eta garrasi luze bezain sakona isiltzea.

Horrela entzutea gogor samarra dirudi baina Euskal Herrian, hainbat froga ditugu aurrez aurre. Bide horretan, badakit ez dela askoren gustukoa eta Vascongadas terminoa entzuten dutenean belarriak «zorrozten» dituztela, baina gauzak horrela dira eta historikoki hala ulertu izan da. Ni termino hori erabiltzearen aldekoa naiz, ezadostasunaren ispilu bezala ikusten dut, benetako helburua zein dugun kontzientzia aldarrikatzeko balio duena.

Dena dela, desintegrazio honen gainetik integrazio borondate bat badagoela ukaezina da. Eta hori ez da hauteskundeetan bakarrik sumatzen, baita nolabaiteko komunitate batean elkartu eta beharreko bideak abian jartzeko gogoa ere nabaria da. Baina Francoren garaian bezala, gertatzen zaiguna da, geure historia besteek kontatuta ezagutzen dugula. Alegia, gure aurkarien esku jarraitzen duela, eta hori aldatu beharra dago.

Gaur egun, PSOE, PP eta bere ingurukoek bultzatzen duten integrazioa ezinezkoa da, ez da posible, integratu nahi dituzten guztiek zeregin bat eduki gabe. Bestela ez da integrazioa, kolonizazioa baizik. Gainera integrazioa espainiarra bultzatzen dute, eta oker ez banago, hauteskundeen emaitzak diotenez, euskaldun gehienek ez daude ados, beste zerbait nahi dute.

Mezulariak  ezagutzen  ditugu, mezua ere bai; elkarbizitza aldarrikatzen den helburu ukaezina, bale, ados. Baita erabakitzeko ahalmen osoa ere, bale, baina ¿zer erabakitzeko, espainiar “nacionalistak” nahi dutena, hala abertzale euskaldunak nahi duguna?

¿Espainiarrak izatea derrigortuz, inposatuz? ¿Hori da elkarbizitza?

Horregatik, denbora asko daramagu normalizazio politikoa eta bakea lortu naian, denon artean egitasmo bat egitea. Baina denok ez dugu normalizazio politikoa eta bakea berdin ikusten. Horregatik hainbeste denbora ezinik.

Dena dela ez da herri arazo bakarra, arazoa ez da hauteskundeetako herri honen borondatea, herri honen kontzientzia eta sentiberatasuna baizik. Hori bai, manipulazio luze, anker eta interesatuak sakon nahasi duena.

Egia da orain arte emandako urratsak emaitzak eman dituztela, baina onartu beharra dago, egia baita, garai batean uste genuen baina latzagoa izaten ari zaigula autonomia desmitifikatzea. Estatu espainiarrak herri honi eskainitako opari pozoitsua dela frogatzea, alegia. Oso zaila suertatzen baita, nazio askapen prozesu guztietan, autonomia independentziaren antidoto gisa erabili duela botere menperatzaileak, aurreko «tresna guztiak» porrot egin da gero.

Bide beretik dator gaur PSOE –agintera igotzeko– hainbeste «laguntza» behar izanak, bultzatzen duen mezu berria. Madrildik datorren oihu isilak dioenez, federalismoa «omen», bai Katalunian, bai EAEn, barne eta kanpoko istiluak baretuko lituzkeen proposamena.

Beharbada onerako izan daiteke, baina baita beste urrats bat, burujabetasunik gabe, tarteko urratsa baino tranpa hilkorra suerta litekeena, herri honetako askatasun aukerari begira.

Beraz, ez dago zalantzarik, denok nahi omen dugun egitasmo hori, konfrontaziorik gabea ez dela izango, euskal komunitatearen egitasmoa bada behintzat. Baina orain arteko identitate marka guztiei uko eginez, probintzia espainiar bezala integratzea bada helburu, nekez inork ekarriko du normalizazioa eta bakea, herri honetara. Eta beldur naiz indar politiko euskaldun batzuk –gutxi gatik bada ere– gaur indar gehien dutenak, bide horretatik doazela.

Eta ukaezina da, badituzte bere arrazoiak eta ez nola nahikoak. Orain arteko bidea jorratuz lortuko dute agintea berreskuratzea. Beraz, zerk egin dezake EAJren traineruak sekula egin ez duen ababorreko desbideratze erabakia?  

Horrela ez bada, herriak eskertuko gaitu denoi, eskuindar eta ezkertiar abertzale guztioi. Hori horrela izatea lortuko bagenu, –zalantza handiak ditut–  eta bide propio bat, elkar jorratu, lehen, orain arte egin ez dugun  eztabaida zintzoaren  beharrean gaude.

Baita mahai gainean geure aukera errealak soilik antzekotzat hartu, ez baita gauza bera «nahi eta ahal». Nire ustez, horrela eginez, jartzen ahal dugu gure herri txiki hau, –aspaldian merezi duen bezala–, libre izateko bidean. Bestela, noren zain gaude, zertarako hainbeste urteetako sufrimendu latza?

Recherche