Jose Mari Zeberio, Jose Antonio Osaba
Munduko Landaguneko idazkari exekutiboa eta Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urterako gizarte zibilaren koordinatzailea

Nekazaritza, amildegitik aldentzeko

oan den uda honetan, azken urteotako elikadura krisi larrienetik lau urte eskas igaro direnean, nazioarteko erakundeek alarma-hotsa zabaldu dute beste behin: 2008ko ataka estu hura errepikatzeko arrisku bizia omen dago. Artoaren prezio indizeek, beste zenbait zerealen antzera, gorakada itzela jasan dute historiako salneurri garestienetaraino, eta horrek berriro ere gosearen eta malnutrizioaren amildegi-ertzean utzi ditu mila milioi lagun inguru. Oraingo honetan, antza, baldintza klimatikoek –AEBetako lehorte izugarriak eta garaiz kanpoko euriak Brasilen— esnatu dute lozorroan zegoen krisia.


Egoerak ez du okerrera egin udazken hasiera honetan, zorionez; baina elikadura krisi sakon baten mehatxuak hor dirau. Lurreko biztanleok amildegiaren ertzean jarraitzen dugu. Elikaduraren Munduko Eguna den honetan (urriak 16), oso presente eduki beharreko gogoeta da hori.

Munduko elikaduraren sistema erabat ahula da gaur egun. Hori ez da gauza berria eta azken hamarkadetan bizitakoei begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Munduan sortzen den elikagai kopurua inoiz baino handiagoa da eta, hala ere, premia larrian bizi direnen zenbatekoak ez du behera egin. Aitzitik, historiako zifra gorenetara iritsi da. Nazio Batuen Erakundeak joan den astean argitaratu ditu gosearen inguruko azken zenbaki ofizialak: ia 870 milioi gizon-emakumek malnutrizio kronikoa pairatzen dute. Elikadura krisi kroniko baten aurrean gaude, aurreko urteekin alderatuz egoerak hobera egin badu ere.

Gaur egun arte egindako bidea

II. Mundu Gerraren ondoren, laborantzaren garapenerako eredu jakin bat zabaldu zen. Ordura arte hein handi batean norbere bizimodua ziurtatzeko nekazaritza zena, kasu askotan, merkaturatze maila altuko industria-jarduera bilakatu zen. Errendimendu handiko haziak eta teknologiaren erabilpena iritsi ziren. Mundu guztiarentzako adina elikagai merke eta osasungarri sortzeko gai izango omen ginen, nazioarteko salerosketen zabalpena lagun.

Urteen joan-etorriak aurreikuspen horiek gezurtatu ditu eta ekoizpen eredu horrek eragin kaltegarriak izan ditu. Oinarrizko produktuen zati handi bat ekoizle gutxiren esku uzteaz gain, inportazioaren esklabo bilakatu dira herrialde asko; baliagai naturalek jasaten duten presioa ere ez da nolanahikoa.

Lurreko biztanleen elikadura, beraz, laborantza industrial horren menpeko bihurtu da. Sargaien erabilpen erabat intentsiboa –ongarri kimikoak, haziak, erregaiak, teknologia, ura, eta abar– eta urruneko garraiobideen beharra ere menpekotasun horren ondorio dira. Azken urteotan jazotako elikadura krisien sustraiak lotura estu horretan bilatu behar dira, artikulu honen hasieran aipatzen den gertaera, kasu. Antzeko larrialdi egoerak, gainera, gero eta maizago kolpatuko omen dute gizateria, orain arteko joerak aldatzen ez badira.

Erronka: mundua elikatzea eta planeta zaintzea

Aurreikuspenek diotenez, munduko laborantzaren emaitzak %70eko saltoa jo beharko du 2050erako, baldin eta Lurreko biztanleen beharrizanak aseko baditugu. Mende honen ekuatorera iristerako, 9.000 milioi biztanle izango ditu planetak. Ez dirudi egungo laborantza eredua horretan lagungarri izango denik eta, beraz, eraldaketari atea zabaltzeko garaia da. Ez dago proposamen berririk asmatu beharrik. Beren txikitasunetik, egunero-egunero, lurra zaindu eta elikagaiak ekoizten dituzten milioika nekazari-familia dago munduan. Horien guztien ahalmenaz konturatzea izan daiteke lehen pausoa.

Elikagaien segurtasuna gauzatzeko bidean, laborari horientzako azpiegiturak sortzea ezinbestekoa da, batez ere garraio eta biltegiratze arloetan; nekazarien antolakuntzan sakondu behar da; tokian tokiko merkatuak berregituratu; emakumeek elikagaien ekoizpenean jokatzen duten papera aitortu eta sustatu; gazteek sektorean dituzten aukerak bultzatu; ikerkuntza eta berrikuntzan aurrerapausoak eman; lehengaien merkatuko legedia hobetu; eta bio-erregaien produkziorako laguntzak bertan behera utzi.

Gaur, Elikaduraren Munduko Egunean, familia nekazariak babestu eta beren lana bultza dezaten eskatzen diegu mundu osoko arduradun politikoei nahiz nazioarteko erakundeetako ordezkariei. Hitz ederretatik haratago, erabaki sendoak hartzeko garaia da, elikagaien segurtasuna eta landaguneen garapena baitago jokoan.

Familia Laborantzaren alde egindako bidea luzea da eta ez da adibide arrakastatsurik falta lehentasun politikoen eraldaketan. Nekazari kooperatibena da adibide garbia. Iparraldeko nahiz Hegoaldeko herrialdeetan, proiektu eraginkorren sorrera eragin du eredu horrek. Ekoizle txikiek, tamaina apropos bat lortzeaz gain, ekoizpen gaitasuna eta negoziatzeko indarra irabazten dute gisa horretan.

Kooperatiben Nazioarteko Urtean gaude eta, hain justu, nekazari kooperatibak dira aurtengo Elikaduraren Munduko Eguneko gai nagusia. Kooperatiben eredu arrakastatsuak garbi erakusten du badagoela sektorea bideratzeko bestelako modurik.

Alternatiba horien existentzia plazaratuko duen hitzordu berri bat, bi urte barru, 2014ko Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea izango da –joan den abenduan deklaratu zuen NBEk, Munduko Landaguneak, 360 nekazari elkarte eta gizarte zibileko talderekin batera, egindako kanpainaren ostean–. Bide horretan, gizarte zibilak koordinazio lanetan dihardu, familia nekazarien eguneroko jarduna babestuko duten politikak lortzea helburu.

Badira alternatibak mundu guztiarentzako nutrizioa eta elikadura osasungarria ziurtatzeko. Planetarekin errespetuz jokatzen duten aukerak dira, gainera. Bide konpartituak, gosearen amildegitik aldentzeko balio dutenak.

Recherche