Eunate Guarrotxena Arzubiaga

«Neohizkuntza» hiztegia handitzen

Nire asmoa ez da tesi baten edo bestearen alde egitea, nire kezkak mahaigaineratzea baino, Estatuak eta bere mezulari diren hainbat komunikabidek helarazten dizkiguten hitzen garrantziaz ohartarazi gaitezen.

Botereak gure hizkuntza ez ezik ezkerreraren baloreak eta aldarrikapenak aztertu eta interesatzen zaizkionak bereganatu egin ditu historikoki (energia berdea, demokrazia, askatasuna etabar). Helburua ez da izan eta ez da debaldekoa. Munduko jainkoak gure ikurrez eta hitzez jabetzen dira eta era berean indargabetu eta inbertitu egiten dituzte.

Isabel Diaz Ayusok nabarmenki irabazi ditu Madrilgo hauteskundeak askatasunaren izenean. Lapurtutako beste hitz bat, berriz ere, edukiz hustu eta boterearen zerbitzura erabili dutena. Ziurrenik, gutako askori Orwellen iragarpena etorri zaigu gogora: «faxismoa mendebaldera heltzen denean askatasunaren izenean izango da». Argia gizona, bisionario bat izan zela pentsa daiteke. Baina ez. Berriro ere topatzen gara botereak lortu izan nahi duen hizkuntzaren erabilpenarekin. Eta bere «neohizkuntzak» gaurkotasun osoa du zoritxarrez.

Demokraziaz ere modu berean hitz egiten da. Eta denok barneratu dugu lau urterik behin botoa ematearekin herri demokratikoan bizi garela. Baina zer da demokrazia? Posiblea da demokrazia ekonomikorik gabe demokraziaz hitz egitea? Edo haratago joanda (nire lagun on baten hausnarketa), posiblea da demokraziaz hitz egitea alboko bizilagun bat bakarrik dagoenean edo beharrizanak dituenean, nahiz eta gurekin zerikusirik ez izan, gai ez bagara eskua luzatzeko? Ez dut uste.

Komunikabideek ardura handia dute herritarrok jasotzen dugun informazioarekiko eta informazio hori helarazteko erabiltzen den zein terminologiarekiko/hizkuntzarekiko. Batzutan makiabelikoki eta beste batzutan behar bada inkontzienteki, botere politiko eta ekonomikoen zerbitzura ari dira doktrina eta hizkuntza ofiziala zabaltzen. Eta erabiltzen dituzten espresioek gizartea modelatzeko eta norabide konkretu baterantza bideratzeko balio dute.

Ez dut uste ezer berririk esan dudanik, baina ez dezagun begibistatik galdu ikuspegi hori.

Gizarte gero eta apatikoago batean bizi gara. Badirudi ihes egiten diogula irizpide propioak izateko ardurari. Eta ondorioz, gehiengoaren ereduak errepikatzeko joera izaten dugu. Orwelek honetaz aspaldi egin zuen bere iragarpena "1984" liburuan, lehen aipatu dudan «neohizkuntza» hiztegi hartan. Duela ez asko, Eduardo Galeanok ere, gaurko munduaren egoera aipatuz, hiztegi hari beste hitz batzuk gehitu zizkion. Kasu honetan hitz batzuek dituzten konnotazio bortitzak leundu nahian. Hala nola, inperialismoari orain «globalizazioa» deitzen diogu; inperialismoaren biktimak diren herriei «azpigaratuak»; oportunismoari «pragmatismoa» deritzogu; traizioa «errealismoa» da gaur egun. Eta abar luze bat.

Hizkuntzak gure garapen ideologikoan, gure eguneroko praktika soziala eta politikoan duen garrantzia izugarria da. Konturatu barik, boteredunen mezuak geureganatzen eta zabaltzen ditugu. Adibidez, 2015ean Madrilen sortutako mugimenduan parte hartu zutenak «perroflauta» gisa definitu zituzten batzuek. Ondoren, RAE-k bere hiztegian sartu zuen. Hiru adiera ditu hitz honek: 1. Txakurra bidelagun duela txirula jotzetik bizi dena. 2. Itxura eskas edo zarpaileko gaztea. Eta 3. Kontrakultura mugimendu bateko partaidea, hippyen eragina duena, gaurko sistemaren aldaketa politikoaren aldekoa dena. Eskerrak, garai hartan erantzun zuzena eman zitzaion adjetibo honi: «hobe perroflauta polizia-txakur baino».

Gaur egun ere eta egoera berezi honetan, beste hitz pare bat sartuko nituzke «neohizkuntza» atal berri honetan. Bata «hippys antivacunas» eta bestea «negazionistak». Berriz ere edozein komunikabideta zein herritarron artean hitz hutsak izango balira legez erabiltzen ditugunak. Berriro ere ez da debaldekoa horrelako terminología. Kasu honetan, osasuna bakarrik omen dago jokoan eta beldurra N.Kleinek esan bezala, arma boteretsua da gure espíritu kritikoa akabatzeko. Negazionismoaren kasuan, Trump-etik anarko edo ikuspegi desberdina duen persona edo taldea saku berean sartzen da. Tiro batekin zenbat txori zulora.

Nire asmoa ez da tesi baten edo bestearen alde egitea, nire kezkak mahaigaineratzea baino, Estatuak eta bere mezulari diren hainbat komunikabidek helarazten dizkiguten hitzen garrantziaz ohartarazi gaitezen. Ez baitira hitz hutsalak, hitz pozoitsuak baizik. Eta gehien arduratzen nauena da, ez ote garen ari gu ere askatasunaren eta demokraziaren etsaien konplize bihurtzen. Demokrazian sinesten baldin badugu, ez diogu beldurrik izan behar eztabaidari eta protesta eztabaidagarriei. Ez bagara gainditu ezinak diren zatiketak sortu barik eztabaidatzeko, ez dugu benetako demokraziarik eraikiko: Berriro ere pentsamendu bakarrean eta bazterkerian hondoratuko gara.

Recherche