Josu Iraeta
Idazlea

Nondik, nora eta norekin

Katalunian sumendia dardarka hasi berria dela eta EAEko lurraldean gauza bera gertatu ez dadin, Sabin Etxeko pentsalariak tartea zabaltzen ari dira. Nola? Moncloako Gobernuari –gaur ere– beste bideak jorratu daitezkeela erakutsiz.

Madrildik babestu litekeen egitasmo politikoan dago gakoa, hau da, EAJk betidanik jorratu duen bide berbera. Orain «egonkortasuna» da helburua estaltzen duen hitz magikoa, baina Ajuria Eneko gobernu ezberdinek zerbait erakutsi badute, zera da, Kixoteak, kixote izateko Santxo behar duela.  

Ukaezina da azken hauteskundeetako emaitzek zerikusi nabarmena dutela gaurko egoeran, baina nire ustez, sakoneko arrazoi eta interesak ez dira hainbeste aldatzen. Gainera, gertatu litekeen zerbait izanik, nik ez nuke sukalde osoa berrituko, are gehiago, sukaldari eta karta berbera mantenduko nituzke. Egia da zuzeneko eragina izaten dutela, batez ere –orain bezala –beste hauteskundeak bertan daudenean, baina hori dagoenetik gehien eskuratzeko borroka hutsa da, ez besterik.

Aurrera begira, euskal herritarrok beste arazo batzuk ditugu, eta ditugun arazoak ez dira hauteskundeetan konpondu eta ez dira horrela konponduko. Egia, hori da eskaintzen diguten tresna bakarra, baina ez da egokia, eta ez da aski. Beraiek aurrebaldintzatutako tresnak dira, eta horregatik gaude gauden bezala.

Nire ustez, gutxiengo baten interesen metaketa da eta izan da orain arte Euskal Herriaren eta Estatu espainiarraren arteko gatazka politikoa bideratu duena. Eta gatazka politikoa gainditzeko bide bakarra hau da: «Euskal Herriak izan behar du hitza». Euskal gizartea da bere arazoak konpon ditzakeena, bere etorkizuna erabakitzeko ahalmena izan behar duena.

Horregatik, nire ustez, bere burua abertzale eta ez abertzale baina demokratatzat jotzen duen guztien zeregin nagusia, hitz hori espresatu eta errespetatua izan dadin borrokatzea, eta Euskal Herriak bere etorkizuna libreki hautatu ahal izateko gutxieneko baldintzak eta bermeak lortzea da.

Euskal Herriko gizarteak hitza izan dezan, egungo xantaia, hipoteka, muga politiko eta oztopoak desagerrarazi behar dira. Euskal gizartearen hitza «inork» ordezka ez dezan. Beraz, dagokion guztian bertatik bertara parte hartu eta erabaki dezan.

Orain arte agertutakoak suposatzen du Estatu espainiarrak Euskal Herriaren subiranotasunari jarri dizkion muga eta oztopo antidemokratiko guztiak baliogabetzea. Eta hori behar dugula izan helburu, ez bakarrik abertzaleok, demokrata guztiok baizik. Euskal Herriaren eraikuntzaren oinarri izan behar duen zinezko prozesu demokratikoa garatzeko, gutxieneko baldintzak lortuz.

Hori lortzen dugunean, egoera berri horretan soilik, izango du euskal gizarte osoak bere iritzia eman eta dagokion erabakitzeko ahalmena bideratzeko aukera. Eta ez faltsukeria eta maltzurkeria erabiliz, Urkulluren hauteskunde kanpaina bukaezinen bitartez.

Bide honetan sakonduz, Euskal Herriaren erabateko ezagutza, eta horrek eskatzen duen muga juridiko-politikoen baliogabetzea da Estatu espainiarrarekin hitz egin eta hitzartu beharrekoa, eta ez besterik.

Horretarako, Gobernu espainiarrak berea egin beharko du 1793ko ekainaren 21eko Konstituzio frantziarrak 28. artikuluan dioena: «Herri batek bere Konstituzioa aldatzeko daukan eskubidea beti da ukaezina. Belaunaldi batek ezin du etorkizuna bere esanetara lotu betirako».

Ez dagokio Estatu espainiarrari, Euskal Herriaren barne-antolaketaz, bi estatuen menpe dauden euskal herrien arteko harreman izaeraz, euskararen beharrezko garapenaren baldintzez erabakitzea, besteak beste.

Euskal hiritarron artean erabaki beharrekoak gure herriaren antolaketari eta etorkizunari dagozkion zereginak dira. Horretarako, alderdi politikoez gain, euskal gizarte osoaren parte hartzea ezinbestekoa da, Urkullu jauna.

Duela gutxi, PSOEren baitan jorratutako kongresuan, hainbat buruzagi entzun ondoren, autodeterminazioa zertan datzan ez dakitela dirudi.

Autodeterminazioa eskubidea da, ez posizio politiko bat. Herri gisa dagokigun eskubide demokratikoa da, eta ez besterik.

Eskubide hori noiz, nola eta zertarako garatzen den euskal hiritarren artean erabaki beharrekoa izanik, eskubidearen onarpena ziurtatu behar da. Euskal Herriak bere etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko ezinbestekoa baita.

Eta kontuan hartu beharrekoa, Euskal Herriaren ezagutzak egungo lurralde banaketaren inposaketa baliogabetzea eskatzen duela. Lurralde batasuna onartuz, eta instituzio-mugak baliogabetuz. Gero lurralde batasuna nola taxutzen den, Euskal Herria nola antolatzen den, euskal hiritarren erabaki osoa izango da.

Euskaldunok aldapa latzak igo ditugu, bai, baina oraindik bide luzea dagoela egiteke jakina da. Aurrera begiratuz argi ez dagoena zera da, nor bidelagun, norekin?

Recherche