NOUko Traumatologia zerbitzuaren gutuna
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako Zerbitzuko profesionalok gure kezka adierazi nahi dugu duela zortzi hilabetetik bizi izan dugun egoeragatik, azken asteetan larriagotu egin baita. Denbora horretan, Osasun Departamentuak azalpen mediatiko jarraitua bultzatu du, egungo osasun egoeraren arduraduntzat gu jotzen gaituena. Horrek gure irudiari kalte egiten dio eta herritarrek gugan duten konfiantza larriki higatzen du; horregatik, aho batez arbuiatzen dugu informazio osatugabea edo partziala zabaltzea.
Halaber, duela gutxi dimisioa eman duen Gonzalez Arteaga jauna, zerbitzuburua, babesten dugula adierazten dugu. Harekin lan egiten dugunok ondo ezagutzen dugu haren inplikazioa, zintzotasuna eta konpromisoa. Zerbitzuburutzari uko egin izanak egoera jasangaitz hau agerian uzten du, eta zerbitzuaren etorkizunari buruzko zalantza sortzen du.
Baliabide mugek eta asistentzia gainkargak, kontsultatik kanpo egin beharreko zeregin ez-medikoen gorakadarekin batera, pazienteen benetako arreta denbora murrizten dute. Horrez gain, lehen kontsultei ematen ari zaie lehentasuna –lehen aldiz espezialistarengana joaten diren pazienteak–, ebakuntza ondoko jarraipenaren eta proba diagnostikoen emaitzen jakinarazpenaren kaltetan. Horrek guztiak arreta integrala ematea zailtzen du, eta asistentziaren kalitatea eta segurtasuna arriskuan jar ditzake.
Deskribatutako egoerak eta benetako elkarrizketarik ezak higadura emozional eta profesional sakona eragiten dute eta horrek eragin zuzena du gure eguneroko jardueran. Konponbide eraginkorrik edo asistentzia hobetzeko plan zehatzik planteatzen ez den bitartean, ez dugu parte hartuko kontsultako zein kirofanoko ezohiko jardueretan.
Gure pazienteei mezu argi bat helarazi nahi diegu: eguneroko praktikan −kontsultan eta kirofanoan− hartzen dugun erabaki bakoitzaren erdigunean beren osasuna jartzeko konpromisoari eusten diogu. Hala ere, itxaronaldiak eta asistentziaren antolaketa ez daude zerbitzuko profesionalon esku, osasun kudeaketako erabakien mende baizik. Medikuntza erantzukizuna gurea da, baina hura garatzeko kondizioak ez. Horietan dago asistentziaren kalitatea jokoan.
*Idazki hau NOUko Kirurgia Ortopediko eta Traumatologikoko 73 zenbakiko barrutiko fakultatibo espezialistek, barruko mediku egoiliarrek eta zerbitzuko zazpi asistentzia unitateetako arduradunek izenpetzen dute.