Ojacastrotik Orkoienera, duintasuna eta borroka dira bide bakarra
Nafarroako Errege García Sánchez, Naxarakoak, forua eskuratu zion Ojacastroko haranari (Ojacastro, Ezkarai, Zorrakin eta Valgañón) 1052 Urtean, Gaztelarekin muga ziren lur haietan populazioa egonkortzeko asmoz ziurrenik.
Handik bi urtera García Erregea, bere anaia Fernando Gaztelako Erregearekin borrokan hil eta lurrok Gaztelaren menpe geratu ziren, Nafarroako Erreinuarekin borrokak mendea baino gehiago luzatu zirelariki. Edonola ere, Ojacastro eta inguruetako herritarrak euskaldunak ziren Nafarroaren menpe, eta euskaldun izaten jarraitu zuten Gaztelapean ere XIV edo XV. mendera arte, zenbait adituk diotenez.
Hala, 1234 urtean gatazka gertatu zen Gaztelako agintariekin: Gaztelako Merioak (Erregeren ordezkariak) Ojacastrora bertaratu eta epaiketak gazteleraz izan zitezen ezarri nahi izan zuen, baina bertako alkateak Merioa atxiloarazi eta herriko seme-alabak epaitzeko prozesuetan parte hartu ahal izateko euskaraz jakin beharra baldintza izaten jarrai zezan onartuarazi zion, Nafarroako Erregek emandako foruari men eginez. Hala jaso zen Ojacastroko «fañanzan» (sententzian):
«Esto es por fazanya que el Alcalde de Oia-Castro mandó prendar D. Morial que era Merino de Castiella, porque juzgara que elome de Oia-Castro si le demandase ome de fuera de la Villa o de la Villa, que el recudiese en Bascuence. Et de si sopo Don Morial en verdad, que tal fuero habían los de Oia-Castro, e mandol dexar e dexaronle luego, e que juzgase su fuero».
Botere gaztelarrari aurre eginez epaiketetan euskaraz mintzatzeari eutsi ahal zioten lur horietako euskaldunek, aldi batez behintzat.
Zortzirehun urte geroago, epaile gaztelarrak garai hartakoak bezain arrotz dira euskaldunontzat, baina Nafarroako zenbait alkate, nafar euskaldunak defendatu ordez euskarafobo bilakatu dira, PSOEko Orkoiengo alkate Alejandro López bezala, adibidez. Bere herrikide euskaldunen eskubideen aurkako azken erabakiak, genero-berdintasun teknikaria ere aurretik eraman du. Nahiago izan du aldi batez berdintasun teknikaririk ez eduki, egungo udal-araudiari jarraiki teknikari euskalduna kontratatu baino. Araudia aldatzeari ekingo dio aurrerago, lanpostu horri euskarazko profila kendu eta teknikari erdalduna hartu ahal izateko. Hori gutxi ez, eta bada urte bete Orkoienen euskara teknikaririk ez dagoela. Nafarroako (nahiz EAEko) PSOEren hizkuntz politika supremazistaren jarraitzaile fidela da Lopez.
Ojacastron orduan egin bezala, antolatu eta zanpatzaileei aurre egin beste aukerarik ez dugu euskaldunok gure eskubiderik oinarrizkoenei eutsiko badiegu.
Ez legoke gaizki, hala ere, Geroa Baik eta EH Bilduk PSOE euskarafoboaren bazkide otzan izateari uztea, eta nafarron hizkuntza eta nortasuna lurperatzea helburu duen alderdi Gaztelazale horren aurrean duintasunez jokatzen hastea behingoz, Errioxako Ojacastroko alkate euskaldun harro eta ausartak duela zortzi mende erakutsitako bidetik.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.