Jose Luis Gallastegi
LAB Arrantza

Ondarroako arrain lonja

Ondarroako portuan arrain-lonja berri bat laster eraikiko dela ziurtzat har dezakegu. Luze hitz egin izan da gai honetaz, eztabaidak ere izan dira eta, bere garaian, atzera bota zen portuan bertan hasitako eraikuntza-proiektu hura.

Horregatik, hain zuzen, sentsibilitate ezberdinak daudelako eta sektorearen etorkizuna jokoan dagoelako, garrantzitsua da, beti ere, gaiari heldu eta ikuspuntuak ematea, hala nola, lonja berri hori non kokatu eta zer balio izan behar duen etorkizunean.

Portuko eragile guztiak bat datoz, lonja berri bat eraikitzeko premia ikusten dute. Azpiegiturarik ezak arazo ugari sortzen ditu, bestek beste, sektorearen gainbehera. Eta Ondarroakoa bezalako portu batek sektorearen etorkizuna ziurtatuko badu horixe beharko du lehenik eta behin, azpiegitura sendo bat.

80ko hamarkadan Europar Batasunarekin bat egitearekin batera portu guztiek behar zuten lonja bat kontrolpean edukitzeko bai arrantza bai osasuna, eta abar. Ondarroako alturako armadoreek haren aurka egin zuten eta trabak ipini zituzten Lea-Artibaiko industriaren azpiegitura izan zitekeena eraiki ez zedin. Ezer ez zen eraiki garai hartan eta denak lehengo eran segitu zuen, bere aje eta guzti. Hala interesatzen zitzaielako, hobe zelako inork ez kontrolatzea zer arrantzatzen zen, ezta zenbat kilo deskargatzen zen ere. Errenta gehiago ateratzen zioten arrain guztia euren «txiringitora» zuzenean eramanda eta dena bertatik antolatuta, salmentak eta banaketak, den-dena euren erara eta nahi zuten bezala gobernatzen zuten eta.

Gaur egun, ordea, aldaketak gertatzen ari dira Europar Batasuneko jarraibideengatik eta besteak beste, legeak bete beharragatik. Espezieak, deskargak kontrolatzea eta osasun arauak betetzea derrigorrezkoa da, oso produktu galkorrak direlako. Orain planteatzen ari da azpiegitura bat arrantzatutako espeziei aterabideak emateko eta horrekin batera, hain egoera larrian dagoen portuari aukera bat emateko.

Eraikiko den lonja horretatik ez da etorriko espezieen bilketa-sistema berri bat, ez eta arrantzatutakoa edo portura ekarritakoa merkaturatzeko kontrola beste era batera egitea ere. Arrantzatua bitartekarien esku egongo da berdin-berdin eta, gaur egun bezala, enkante bidez funtzionatuko da, preziorik merkeena ordainduta. Horrela, negozioa borobila ateratzen zaie bitartekariei eta irabazirik handienak beraientzat dira. Ez da ezer asmatu behar gai honetaz, denok jakina baita Getariako portuan adibidez, edo Pasaiakoan (eraiki den azkena eta gunerik handiena duenetakoa) esportatzaileak irabaziak lortzen ari direla baina arrantzaleak ez, ordea. Ezertan ez diote laguntzen lonja haiek arrantza-ontziteriari. Beraz, ez diogu leporatu behar honelako azpiegitura faltari gaurko arrantzaren egoera larria.

Arrantza sektoreak azpiegitura behar-beharrezkoa du bai Euskal Herrian, bai Ondarroan. Itsasoko produktuak kontsumo era ezberdinetarako prestatu beharra dago eta merkatura zabaltzeko aukera gehiago behar ditu sektoreak arrantzatutako guztia merkaturatzea lortu arte, arrantza-kuotak gero eta zorrotzagoak izango direlako. Etorkizunean arrantzaren errentagarritasuna ez da etorriko itzelezko arrantzaldietatik baizik eta arrantzatutakoaren balio erantsiagatik, hau da, batere bitartekorik gabe, kontsumitzaileari produktu orekatua eskaintzeko gai izan behar du sektoreak, kalitate-prezioa neurri justuan. Azken batean, prozesu bat behar da non kontrola eta irabaziak arrantzaren onurako izango diren.

Horregatik, azpiegitura honek, ez du konponduko gure portuan sektoreak duen arazoa. Arrantzaleak lehengo lepotik burua, bere zeregin bakarra lonja espeziez ondo hornitzea izango da, baina batere aukerarik ez du izango bere lanak sortutako etekinetan parte hartzeko.

Aldaketa sasoiak datoz arrantza munduan. Euskal Herriak prest egon behar du eta Euskal Herriko porturik handiena izanik, Ondarroak, bere portua prestatu behar du etorkizunerako. Horretarako, etorkizuneko azpiegiturak diseinatu, eta gaur arteko, kontrol gutxiko jarduera baten ezaugarria izan diren  “txiringito” gunean joan behar da industria.

Bitartekari eta armadoreen interes ekonomikoen gainetik  Euskal Herriko elikadura burujabetza dago. Beraz, eta etorkizunari begira, denon artean bermatu dezagun Ondarroako portuan behar den azpiegitura egokia. Alde batetik, arrantzatzen den arrainen espezie desberdinei beren benetako balio erantsia ateratzeko arrantzaleentzat eta era berean, gure gizarteari jantoki publiko ezberdinetan beren kontsumoa eskeintzeko. Eta bestetik, arrantza zientifikoa, arduratsua eta iraunkorraren aldeko defentsa eta apustua egiteko.

Gure arrantza defenda dezagun!

Recherche