Aitor Gallastegi
Zero Zabor Bizkaiko Plataforma

Ontzien kudeaketa eraginkor baten alde

Klima aldaketaren aurka altxatu den olatu hau aprobetxatu behar dugu, hondakinen inguruko beharrezko eredu berriak martxan jartzeko

Guztion ahotan daude jada «larrialdi klimatikoa» eta «krisi ekologikoa», Madrilen egin berri den COP25ean ere onartu dute «gure bizitza arriskuan dagoela eredua aldatu ezean». Horren aurrean aukera bi ditugu, aldaketa modu ordenatuan burutu edo errealitateak gaindituta zaplazteko baten bidez. Munduko puntu batzuetan hasi dira jada ingurumen krisi horren zaplaztekoa nabaritzen. Gurean, adibidez, ohikoa bilakatu da plastikozko ontzi zatiak aurkitzea hondartza, itsaso eta hainbat animaliaren organismoetan. Erosi-erabili-bota kontsumo ereduaren hondakinak dira. Herritarroi kontsumitzen dugunean eredu horren zati bat inposatuta datorkigu, produktu zehatz bat kontsumitu nahi dugunean biltzen duen estalkia ere erosi behar dugu, plastikozko botilak, plastikoan gordetako barazkiak… Egunero, erabilera bakarreko milaka ontzi arin erabiltzen ditugu eta horiek murrizteko ahaleginak apalegiak dira gaur-gaurkoz.

Klima aldaketaren aurka altxatu den olatu hau aprobetxatu behar dugu, hondakinen inguruko beharrezko eredu berriak martxan jartzeko. Ontzi arinen kasuan, gaur egun edukiontzi horian bildu beharko lirateke, Ecoembes enpresak duelarik horiek kudeatzeko erabateko monopolioa. Ecoembes ontzien kudeaketa integrala burutzeko sistema gisa sortu zen 1996an. Elikadura eta ontziratze enpresa handiek bultzatuta (Coca-Cola, Nestle, …). Garai haietan hondakinen lege berria indarrean sartzekoa zen, lege horrek enpresak behartzen zituen beren jardunak sortutako kutsadura kudeatzera. Ecoembesen benetako xedea beraz, atxikitako enpresek hondakinen legea betetzea da, beraien aktibitate ekonomikoaren jarraipena bermatu ahal izateko.

Ecoembesek puntu berdea duten ontziak kudeatzen ditu soilik. Kontsumitzaileok kanon bat ordaintzen dugu puntu berdea daramaten produktu bakoitza erostean; gero ontzi horren kudeaketa gastuei aurre egin ahal izateko. Hau da, erabilera bakarreko ontzi eredua inposatzeaz gain, elikadura eta ontziratze industriek bere gain hartu beharko luketen gastua herritarrok ordaintzen dugu. Birritan ordaintzen dugularik, lehena produktua erostean eta bigarrena udaleko hondakin zergak ordaintzean.

Kudeaketa eredu honekin gauza bitxi bat gertatzen da, kudeatzen ez den ontziak gastu gutxiago suposatzen duenez, hondakin bilketaren eraginkortasuna txikiagoa den heinean irabazi handiagoak dituzte enpresa horiek. Izan ere, nor egiten da kargu ontzi hauek erreka, itsaso edo bide bazterrean amaitzen dutenean? Hori dela eta une oro birziklatzearen aldeko kanpainak abiatu behar dituzte beraien ereduaren onurak saldu ahal izateko.

Ecoembesetik soilik birziklatzea bultzatzearen beharraz aritzen dira. Birziklatzea, murriztea eta berrerabiltzea bateraezinak izango balira bezala. Baina noski, salmentetan gora egin nahi duten enpresei buruz ari gara. Ahalik eta produktu gehien merkaturatzen duten heinean, beste hainbeste ontzi arin merkaturatzen dituzte. Ondorioz egiten dituzten kontzientziazio kanpainek greenwashing delakotik gehiago dute proposamen serio batetik baino.

Proposamen sendo batek murriztea eta berrerabiltzea izan beharko lituzke xede, horrek, beraien ohiko negozio eredua aldatzea suposatzen duelarik. Ontzi motak eta hauen materialak aldatu beharko lituzketelako. Hori dela eta, plastikoaren lobbyek euren interesak mehatxatuta ikusiko lituzkete eta gainera, produktuen garraioen kostuaren gorakada ekar lezake material pisutsuagoen erabilerak. Ondorioz, irabazien beherakada bat eragin liezaieke aldaketak.

Edukiontzi horia kutxa beltz bat da; produktua merkaturatzen den momentutik ontziaren trazabilitatea galdu egiten da. Ez dakigu zenbat ontzi merkaturatu diren, ezta zenbat jaso diren edukiontzi horietan eta horietatik zenbat birziklatu diren ere. Ondorioz, ez dago birziklatze datu fidagarririk. Ecoembesek %78,8 estatu osorako birziklatze tasa aipatzen du; baina Zero Zabor Aliantzak, aldiz, %30eko birziklapen tasa aipatzen du. Izan ere, Ecoembesek edukiontzi horira heltzen diren eta euren sistemara atxikitako ontziak kontabilizatzen ditu soilik.

Beste konparaketa bat metalezko ontzien birziklatze tasari dagokiona da, Ecoembesek %85,4ko birziklatze datua ematen du, eta metalezko ontzien Europako elkarteak (Metal Packaging Europe), bestalde, %62 aipatzen du.

Birziklatze datu horiek dantzan daude eta hein batean da enpresak berak aitortutako datuetan oinarritzen delako atzetik inork auditatu gabe.

Honekin guztiarekin ez da nire asmoa inondik ere birziklatzearen inguruan zalantzak sortzea. Baina Ecoembes eta Zabalgarbiko erraustegiaren ereduan oinarrituta dagoen gure Bizkaian, hondakinen kudeaketaren eredua aldatzeko eztabaida sakona behar da.

Ontzien kudeaketa gardenago eta osoago baten beharra dugu. Gure naturaguneak zaborrez libratuko dituena. Erabilera bakarreko ontzien murrizketa bultzatzen duten politikak eta ontzien itzulera ahalbidetzen duten ereduei bidea irekitzea. Ontzien itzulketan oinarritutako sistemek emaitza hobeak erakutsi dituzte Europako zenbait tokitan. Ontzi mota batzuekin has gaitezke itzulketa sistema aplikatzen beste urrats batean beste batzuei zabaltzeko.

Bizkaiko II. BUHKPI (Bizkaiko Hondakinen Uri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala) (PIGRUB) berrituko den honetan urrats zintzoak eta sendoagoak emateko aukera ireki da. Bestela zertarako deklaratu zuen Urkulluk larrialdi klimatiko egoera?

Recherche