Iñaki Altuna
GAUR8

Oraindik ez dute onartu M11n egindako kaltea

Gezurraren eta manipulazioaren ikur dugu martxoaren 11ko data, duela hamar urte Madrilen izandako eraso islamisten ondorioz euskal herritarrok jasan behar izan genuen oldarraldia ekarri zuten gezur eta manipulazioaren ikurra.

Angel Berrueta eta Kontxi Sanchiz hil zituzten, eta hainbat presok kartzeletan gorriak pasatu zituzten, funtzionarioek berez nahikoa gaiztotuta zegoen giroa xaxatu zutelako. Horrek guztiak ez du aparteko lekurik izan urteurrena dela-eta hedabideek argitaratutako erreportajeetan edota bozeramaile politikoek egindako adierazpenetan, salbuespenak salbuespen. Norberak egindako okerrak estaltzen saiatu dira batzuk zein besteak. Tokitan dago hainbestetan hitzetik hortzera darabilten eragindako kaltearen onarpena.

M11ko atentatuen epaia ezagutu zenean, 2007ko azaroan, orrialde hauetan bertan esan bezala, gertaera haiek etenik izan ez zuen «engainu masibo» baten adierazle bilakatu ziren. Aurretik ere elikatu zen manipulazioaren puntu gorena trenetan bonbek eztanda egin eta gero iritsi zen.

«Engainu masiboa» martxoaren 11ren aurretik hasita zegoen, aspaldi. Espainiako egunkariek zenbat aldiz atonduko ote zuten lehen orrialdea «ETA busca una masacre en Madrid» eta antzeko titularrekin? M-11 baino lehentxeago, furgoneta bat lehergailuz beterik zeramaten ETAko bi militante Cuencan atxilotu zituztenean, esandakoak gogoratzea besterik ez dago. Cuencako furgoneta hark baieztatzen omen zuen, zalantzarik gabe, ETA zela kasik 200 pertsona hil zituen erasoaren erantzulea.

Ondo baino hobeto zekiten polizia indarrek, orduko Gobernuko arduradunek eta oposizioan zen PSOEko buruek Cuencan zapuztutako ETAren ekintza saio hark ez zuela halako helbururik; baina horratik, sarraskia egin eta biktima zibilak eragin nahi izatea leporatu zioten. Espainiako Kongresuan egindako M-11ko ikerketa batzordean, ordea, Alfredo Perez Rubalcabak ozen jakinarazi zuen, orduan bai, ETAk azpiegitura ekonomiko bat zuela helburu, ez inolako sarraskirik egitea. PPren jokabidea ipurtageri uzteko, komeni izan zitzaionean esan zuen egia, azkenean, gerora Barneko ministroa izango zenak.

Espainiak Euskal Herriarekin duen gatazkaren inguruan aldez aurretik egindako «engainu masiboa» hain handia izanik, PPko gobernuak ez zuen zalantza txikiena ere izan gezurrari tira eta tira segitzeko trenetan bonbak eztanda egin ondoren. Aznar presidenteak euskal independentismoa birrintzeko ahaleginean sakontzeko apustua egin zuen, bide batez, Espainiako proiektua Euskal Herrian behin betiko inposatzeko gogoz. EAJ eta Uxue Barkos ere eraman zituen Espainiako Konstituzioaren alde deituriko manifestazio hartara. Baina Madrilgo herritarrek, gezurrez nazkaturik, «¿quién ha sido?» egin zieten oihu pankarta lotsagabe hura zeramatenei. Paradoxa: aktibo nagusitzat zuten Euskal Herria zanpatzeko estrategiak irentsi zituen Aznar, Acebes eta enparauak.

Epaia ezagutu ostean bezalaxe, oraingoan ere batek baino gehiagok eskatu dio PPri bekatua aitortzeko, barkamena eskatzeko. Alferrikako lana da, jakina.

Autokritika, haatik, ez dagokio PPri soilik. Juan Jose Ibarretxek ere ederki elikatu zuen piztia: «No son vascos, son alimañas». Maila eskasa eman zuen lehendakariak. Lakuako Barne Sailak ere badu oraindik zer argitu, Ertzaintzak islamisten hipotesiaren berri hasieratik izan arren (horien gaineko informazioa eskatzeko dei bat jaso zuen Madrildik), ETAri leporatu nahi izan baitzioten erasoa. Ezker abertzalearen porrota izan zitekeelakoan-edo, Imazek eta Balzak manipulazioari eustea erabaki zuten.

Indar politikoen bozeramaile nagusien artetik bat salbatu zen: Arnaldo Otegi. Bere burua salbatzea baino gehiago egin zuen orduko Batasuneko eledunak. Lehendakariak eta beste alderdietako buruek ez bezala, euskal gizartearen eta munduaren aurrean, zetorkigun oldarraldia galarazi zuen. Kartzelan da Otegi, egun hartan egia esan zuen bakarra.

Recherche