Palestinarekin elkartasuna, sionismoa eta alderdi instituzionalak
Urtebete pasa da palestinar erresistentziak burua altxatu eta Israelek inoiz egin duen ofentsibarik bortitzena hasi zuenetik. Tamalez, egoerak okerrera egin du, Israelek bere ofentsiba areagotu baitu palestinar lurretaz harago, Libano, Siria, Yemen edota Iranen aurkako eraso berriekin.
Egoera honen aurrean ez dira gutxi izan Euskal Herrian Palestinaren alde elkartasuna antolatzeko ekimenak. Baina ez gara egoerak merezi duen erantzuna antolatzeko gai izan oraindik. Hau aurrera eramateko ikuspuntuak ikuspuntu, elkartasun horretan sakontzeko garaia da.
2023ko urrian Palestinarekin Elkartasuna sortu genuen Euskal Herriko hainbat eragilek. Palestinar herriaren erresistentzia eskubidea defendatu eta mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdiek sionismoarekin dituzten konplizitateak salatzeko helburuarekin.
Argia baita, Israelek ezingo luke jarduten duen inpunitatearekin jardun agente hauen babesik gabe. Hortaz, Palestinaren aldeko elkartasuna hemen bertatik hasten da, Euskal Herrian konplizitate hauek zabalak baitira. Enpresen arloan, «apartheidaren trena» eraikitzen ari den CAF edota Israelendako armak ekoizten dituen MTorres adibidez.
Baina alderdien papera ere aski agerikoa da:
PSOEk gidatutako espainiar Gobernuaren konplizitatea ukaezina da. NATOrekin batera Armada espainiarra Ekialde Hurbileko herrialdeak mehatxatzera bidaliz edota genozidioaren erdian Israelekin armen salerosketa baimenduz.
Era berean, EAJren posizioa argi geratu zen 2023ko urrian «Israelen defendatzeko eskubidea» babestean. Posizio hau, urteetan zehar mantendu duenarekin koherentea da: hamarkadetan zehar enpresa israeldarrekin harreman komertzialak bultzatu ditu, tartean, Ertzaintza prestatzeko teknologia israeldarra erosiz.
PSOE eta PNVk Ekialde Hurbilean gertatzen ari den sarraskian erantzukizun zuzena dute.
Gure ustez, Palestinarekin elkartasuna adieraztearen parte ezinbestekoa da ere sionismoarekin konplizitateak dituzten alderdi hauek seinalatzea. Palestinaren alde egiteko Israel −zeharka edo esplizituki− babesten duten alderdi instituzionalak seinalatu behar ditugu. Hauenganako presioa handitzeko garaia da.
Hala, problematikotzat jotzen dugu sionismoaren konplize diren alderdien atxikimendua bilatzea Palestina babesteko ekimenetarako. Batetik, alderdi hauei arnasa ematen dielako; aurpegia garbitu dezaketelako, haien jardun erreala aldatu beharrik gabe. Eta, honen ondorioz, Palestinaren aldeko elkartasuna mugatzen duelako; alderdi hauek duten paper konplizea seinalatzea oztopatuz.
Gure ustez, Palestinari babesa adierazteak ezinbestean lotuta egon beharra du Israelen aurkako borrokari, eta honetarako entitate sionistaren sustengu diren erakundeak seinalatu behar ditugu, alderdi instituzionalak kasu.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.