Unai Apaolaza

Periskopioa

Hitz egin dezagun argi, Estatuak ez du erabakitzeko eskubidea onartuko, PNVk ez dio Estatuaren ezezkoari aurre egingo eta hori oinarri indepeak jada badakienez, ez da aktibatuko. Bide sinesgarriak behar dira aktibaziorako. Baina orduan zergatik tematzen gara marko orokor zaharrean?

Periskopioa asmatu omen zuen Morgan Robertsonek baina etorkizuna idazten zuelako egin zen ezaguna, hala ere. Erdipurdiko idazle hark, Titanik transatlantikoaren ondoratzea xehetasun handiz deskribatu zuen "Futility, or the Wreck of the Titan" liburuan, urperatu baino 14 urte lehenago.

Umetako ametsa da idatzitakoa betetzea. Desiratzen dena idatzi eta ondoren gertatzea. Politikan ere, joera nagusia da teorizazioa praktikaren aurretik jartzea. Hala ere, jendarteko aldaketa nagusiak gertatu eta gero teorizatu eta ulertu izan dira, a posteriori eman zaie zentzua. Arrakasta izan duten bideek gehiago izan dute espontaneotasunetik eta ezustekotasunetik, aurrez planifikatutakotik baino. Teoriak ez du egin beharreko bidea adierazten, teoriak bizi dugun momentuari zentzu jakin bat ematen dion errelatoa eraikitzen du. Egin beharreko bidea, berriz, ekintzak gauzatzen du eta, ondoren, nagusitzen den errelatoak ematen dio zentzua.

Teoriak iraganera eta orainaldira begiratu behar du. Praktikak berriz, orainaldira eta etorkizunera. Bien arteko dialektika orainaldian gertatzen da. Horregatik, etorkizunaren teorizazioa edo gertatuko denaren errelatoa egiteak frustrazioetara garamatza.

Hala ere, errelatoak badu bere garrantzia; gertatutakoari eta gertatzen ari denari ematen diogun zentzuak baldintzatuko baititu etorkizuneko ekintzak eta etorkizuneko bideak. Independentismoaren barruan ere errelato diferenteen arteko talka dago. Nire asmoa nagusitasuna duen errelatoari kritika eginez, bizi dugun momentuari zentzu diferentea ematea da; horrek, etorkizuna baldintzatzen lagundu dezan.

Estrategia politiko-militarraren logikapean, independentismoaren eskema orokorra Estatua autodeterminazio eskubidea sinatzera behartzea izan da azken hamarkadetan. Baina paperean horren arrazoizkoa zirudienak ez du praktikan funtzionatu, estrategia planteatzeko modu horren oinarrian aurreiritzi batzuk zeudelako. Horietatik aurreiritzi garrantzitsuena zen, Estatuak autodeterminazio eskubidea, marko demokratikoa edo erabakitzeko eskubidea onartuko zituela. Sakon sakonean, Estatua demokratizatu zitekeela aurresuposatzen zen. Baina Loiolako negoziaketen porrota eta gero eta Kataluniako prozesuaren argitan, ondorioztatu zen estrategiak ez zirela marko orokor horretan hankak sartuta pentsatu behar. Orduan hasi ginen aldebakartasunaren inguruan pentsatzen.

Baina aldebakartasunak bazituen gureganatu ezin izan ditugun ondorio zuzen batzuk. Lehena: alderdi, gobernu edo erakundeen adostasunen eta beraiek adostutakoa betetzearen zain egon beharrean, protagonismoa jendarte antolatuak hartzen zuela (politikaren deselitizazioa). Bigarrena: martxan jartzeko hirugarren baten (Estatua, PNV) konplizitatea behar ez zenez, erritmoa eta agenda markatzeko gaitasuna ematen zuela. Ondorioz, aldebakartasunak aukera ematen zuen azken hamarkadetan erabilitako eta ainguratzen gintuen marko zaharra gainditzen hasteko. Bestalde, akordioak estrategiaren zentroan ez jartzeak, EH Bilduri ere, protagonista paperari uko egitea eskatzen zion. Laguntzea (jendartea erradikalizatzen) bai baina protagonista zentrala izatea, ez. Esan bezala, ez gara ondorio hauek gureganatzeko gai izan.

Ezintasun horren ondorioz, berriro marko orokor zaharraren ziurtasun antzura itzuli gara. Estatus politiko berriaren kontua da, marko zaharrera itzuli izanaren adierazle garbiena; oinarri indepeak agortuta zegoela ondorioztatu zuen marko zahar berberera, hain zuzen ere. Alderdi abertzaleen eliteek, ezkutuan landuz, gertatu behar denaren errelatoa egiten dutelako, lehenik. Eta bigarrenik, aurreko hamarkadetako logika jarraituz, marko demokratikoa Estatuari eskatzen zaiolako (baimena).

Euskal Herriko jendarteak bezala, oinarri independentistak ere, aspaldi ondorioztatu zuen Estatuak ez zuela erabakitzeko eskubidea onartuko. Oinarri independentistak, elite independentistak ez bezala, dagoeneko hanka bat marko orokor zaharretik kanpo dauka. Ondorioz, ez da marko horretatik egindako proposamenekin aktibatzen. Horregatik, estatus berriak Espainian izango duen ezetzak euskal jendartean «agrabio» sentsazioa eta, ondorioz, olatua sortuko duela pentsatzea premisa faltsu batean oinarritzen da: hemen eta orain badagoela Espainiak erabakitzeko eskubidea onartuko duela uste duen gehiengo bat.

Hitz egin dezagun argi, Estatuak ez du erabakitzeko eskubidea onartuko, PNVk ez dio Estatuaren ezezkoari aurre egingo eta hori oinarri indepeak jada badakienez, ez da aktibatuko. Bide sinesgarriak behar dira aktibaziorako. Baina orduan zergatik tematzen gara marko orokor zaharrean? Protagonista zaharrek marko orokor zaharra behar dutelako. Beste era batera esanda, alderdiek, beste edozein agentek bezala, ezin dutelako beraiek protagonista ez diren biderik imajinatu.

Hasieran aipatu dugun moduan, aurrera begirako erabaki politiko guztiek berau justifikatzen duten orainaldiaren teorizazioa edo errelatoa behar dute. Estatus politiko berriaren kontuak ere badu berea, Gasteizeko parlamentuko erabakitzeko eskubidearen aldeko balizko gehiengoan oinarritzen baita.

Uste horren oinarrian Preyslerismoa deritzodana dago: Isabel Preyslerrek munduko txiroen alde dirua jasotzeko aitzakiapean ongintzazko galak antolatzen zituen. Ozen aldarrikatzen zuen txiroen alde zegoela. Hala ere, munduko aberastasuna modu justuan banatzeko zerbait egiteko aukeraren aurrean, Isabelek, ezezkoa emango luke. Hori egiteak, bera gustura dagoen egoera aldatu beharra bailekarke. PNV eta Podemosekin berdin. Espainiako autonomia baten kudeaketa eta Espainia batua dira beraien egoera ideala. Oraingo egoerarekin ados daudenak, egoera hori aldatzea xede duen erabakitzeko eskubidearen inguruan konfrontazioan sartuko direla suposatzea, Isabel Preyslerri komunista izaera ematea bezalakoa litzateke. Preyslerismoa, gauzak bere horretan mantendu nahi dituztenen kamuflaje estrategia da. Sakoneko aldaketari lubakia jartzea helburu duen azalaren aldaketa. Horregatik, Preyslerismoari zilegitasuna emanez pentsatzen diren estrategia guztiak, desira eta autoengainutik gehiago dute eraginkortasunetik baino.

Preyslerismoaren markoa irentsiz, erabakitzeko eskubidea adostasuna lortzeko erdibideko puntu moduan ulertu dugu, konfrontazioa parametro egokietan sortzeko instrumentu bezala ulertu beharrean. Baina erdibideko puntuak Eduardo Galeanok aipatzen zigun ortzimugaren antza du; bi urrats gerturatuz gero bi urrats urrutiratuko zaigu, hamar eginez gero beste hamar aldenduko zaigu. Kasu honetan, utopiaren kontrako zentzuan gabiltzanez, erdibideak, helburu politikoetara beharrean amildegi ideologikora gerturatuko gaitu.

Esan bezala, estatus berriak frustrazioetara garamatza; marko zaharrean kokatuz, gertatu beharrekoa aldez aurretik eta alderdien eliteen gidaritzapean eta arerioaren «baimena» bilatuz marrazten baitigu bidea. Baina zer gertatuko litzateke sekuentziari buelta emango bagenio? Idatzitakoa betearazteari begiratu beharrean gertatutakoaren errelatoa idatziko bagenu? Intsumituena adibide ona da hori azaltzeko. Soldaduskara ez joateko intsumituen jarrera Estatuaren baimena lortu arte mobilizazioak egitea izan balitz, gaur egungo gazteek soldaduskara joaten jarraituko lukete. Baina intsumituek, nahiz eta legala ez izan, aldarrikatzen zutena gauzatu eta orduan hartu zuten indarra. Hogei urte beranduago hasi gara, borroka horren garrantziaren jakitun, errelato baliagarria sortzen.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko Estatuaren baimena eskatzera mugatu gara eta, ondorioz, eskubide hau maila abstraktuan kokatu dugu. Eskubidearen aldarrikapen hutsean gotortu gara, berau egikaritzen hasteko indarrik ez dugula argudiatuta. Intsumituen adibideak, baina, erakusten digu, erabakitakoa gauzatzen hasteak indartu egiten gaituela, eskubide hau maila abstraktutik partikularrera ekartzen baitu. Horra hor polarizazioaren giltza. Baimena eskatzetik egikaritzera jauzia ematea derrigorrezkoa dugu, beraz. Udalerriek, adibidez, erakundeen eta herritar antolatuen elkarlanaren bidez, edozein alorretan herriak erabakitzen duena egikaritzeko aukera ematen dutela uste dut, legala izan edo ez.

Morgan Robertsonek bere liburuan idatzitakoak kasualitatetik gehiago zuen kausalitatetik baino. Horregatik, Titanika bezala bukatu nahi ez badugu, asmakeriak utzi eta asmakuntzari heldu behar diogu. Hau da, etorkizunaren idazle beharrean, marko zaharraren ur geldoetatik periskopioa atera eta orainaren errelato eraginkorra eraiki behar dugu. Eta noski, bidea ekintzek idazten dutela ulertu.

Recherche