Adur Lizasoain

Pertsonak

Herri batzuek beste herri batzuen historia idazten dutela zioen Gorka Urbizuk «Kezkak» abestian; lurraldeak beste lurralde batzuen barruan dauden lekuak besterik ez direla, aldiz, Fernando Aramburuk «Patria» eleberriaren harira. Bi era lurralde sentimendua ulertzeko, bi era gizartea irakurtzeko. Bi pertsona ezberdin, euren ikuspuntu eta historiarekin, azken finean. Bi artista handi. Bi euskal herritar. 

Duela hilabete batzuk espainiar futbol selekzioak munduko futbol txapelketa irabazi zuen hemengo jokalari dezenteren protagonismoarekin: jatorri afrikarreko arrotxapear bat, eibartar euskaldun peto-peto bat, gurasoak poliziak dituen gasteiztar bat edo nerabea zela gurera etorri zen frantziar bat, besteak beste. Athleticeko jokalariak batzuk, Realekoa bat. Idoloak jende askorentzat. Euskal herritarrak. Pertsonak. 

Milaka izan ziren garaipen hau ospatu eta kalera harrotasun osoz elastikoa eta «piperpotoa» atera zituztenak gurean. Milaka izan ginen, bestalde, kirol lorpen hau gure sentitu ez genuenak. Gorria −edo biak− maite dituzte haiek, berdea bakarrik guk. Pertsona ezberdinak, gure ikuspuntu eta historiarekin. Euskal herritarrak denok. 

Guri ez digute jokatzen uzten. Hau horrela da. Espainiar federazioak eta espainiar estatuak trabak jartzen dituzte euskal selekzioa ofizial izan dadin edo, behintzat, euskal herritarroi galdeketa bat egitean ea ofizialtasuna begi onez ikusiko genukeen. Itsusia. Gure ametsa da −haurrena edo eliteko kirolariena, hobe esanda− berdez jokatzea nazioarteko txapelketetan, ikurrina defendatuz, denok batera. Aukera hori edukitzea. 

Egun hartan, bestetik, gure kaleetan jende asko jazarria sentitu zen, iraindua, begirada txarren biktima. Biolentzia ere ikusi genuen. Ez ziren aske sentitu euskal herritar hauek euren lurralde sentimendua erakusteagatik. Itsusia ere. 

Munduko pilota txapelketa ari da jokatzen egunotan. Lortu dugu, behingoz, lokala den kirol xume honetan bada ere, ofizialtasuna. Berdez ari dira lehiatzen euskal pilotari asko −ez denak−, ikurrina defendatuz. Zoragarria. Goza eta balora dezagun hau. Zoriondu egin nahi dut hau gertatzeko lana egin duen jendea. 

Gizarte polarizatu honetan enpatia gehiago eduki beharko genuke, eta ulertu zilegia dela ondoan dugun pertsona honen ikuspuntua eta lurralde sentimendua ezberdinak izan daitezkeela, historia ezberdin bat duen pertsona bat da eta. Euskal herritar bat. 

Gora pilota! Gora Euskal Herria! 

 

Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Recherche