Piruxak Nafarroan: zentsura
Piruxak, aizturrak, guraizeak… azkenotan ugari dira ebakitzeko erabiltzen diren erremintak gure balkoietan eta plazetan; baina benetako mozketa ez da erabat ekonomikoa, baizik eta kulturala. Nola ez, bada, Nafarroako feudoan baikaude, UPNk nahi duena.
Tamalez, hala izan da gure historian. Hona hemen zenbait adibide. Esan beharra dago artikulu honetan ez direla zentsurari lotutako kasu guztiak atera, gehienak alde batetik ekarriak baitira. Hala eta guztiz ere, botere-eliteek eta eskuinak duten jarrera zentsuratzaileak Nafarroan inboluzioa badakar, adi!
70eko hamarkadan, frankismoaren ondorengoan, Rodolfo Martin Villak, Sindicato Vertical taldeari lotua, 1976tik 1979era arte Gobernazioaren kartera izan zuenak (UCD) eta 1977tik aitzina Gorte Nagusietako senatari izan zenak, frankismoaren dokumentazioa erretzeko agindua eman omen zuen, eta hala izan da leporatua zenbait alditan, Montse Armengouk eta Ricard Belis-ek eginiko ikerketen arabera. Nafarroako Gobernu Zibileko dokumentazioa barne, instituzio horretako artxibozainak hala esan omen zion Emilio Majuelo Gil historialariari. Garai hartan Jose Maria Jimeno Jurio historialariak Gerra Zibilean zehar Nafarroan pairatutako errepresioari buruz ikertu zuen, 1978ko urrian “Punto y Hora de Euskal Herria” aldizkarian argitaratzen zuelarik. Une honetan Triple A eskuin-muturreko talde armatuak (SEDEC-en esku hartzearekin) ikerlaria erail eginen zuela mehatxatu zuen. Lehenago, aldizkari horretako tailerrak leherrarazi zituzten, 1977an. Horrela, historialariak Gerra Zibilaren gainean ikertzeari utziko zion eta Altaffaylla Kultur Taldeari bildutako materialak eman. Hamarkada hartan, beste kasuak badira.
80ko hamarkadan, zerbait aipatzearren, Ernesto Murillo Simonides marrazkigilearen “Jamon de Gorrion” komikia zentsuratua izan zen. “Diario de Navarra”-ko iritzi atalean hasitako afera izan zen hura eta amaitu zen Liburutegi Publikoetatik komikia kendu zutenean, PDP-PDF-ko Parlamentari foral batzuei esker, Jaime Ignacio del Burgo eta Calixto Ayesa Dianda, hain zuzen. 1981ean Maria Cruz Mina Apat historialariak ‘Fueros y revolución liberal en Navarra’ izeneko doktorego-tesiaren laburpena argitara eman zuen. Horren karietara, Jose A. Zubiaur eta Jaime I. del Burgo politikariek aipatu egunkariaren bidez kritika ugari egin zioten liburuari. Historialaria saiatu zen egunkari berean erantzuten, baina zentsuratua izan zen. 1986ko uztailean, eskuineko foru parlamentari batzuek Els Joglars antzerki taldearen aurka salaketa jarri zuten fiskaltzaren aurrean, artistek Erriberrin (Olite) antzeztu zuten ‘Virtuosos de Fontainebleau’ lanarengatik, Nafarroako Jaialdien testuinguruan. Emanaldia saboteatzen saiatu ziren eskuineko lagun batzuk. Hiesaren aurkako kanpainan, 1989. urtean, Nafarroako Gobernuaren Osasun Sailak (PSN) mila preserbatibo Udalari eman zizkion (UPN). Esaguratsua erantzuna: udaletxeko biltegietara bidali baitzituzten. Kanpaina «gezurrezkoa eta gazteen galaraztekoa» zela esan zuten. UPNko Javier Chourraut Burguete alkate zebilen, 1987-1991 bitartean. Garai hartako beste hainbat kasu ere badira.
90eko hamarkadan, UPNko Alfredo Jaime Irujo [UPN-PP, 1991-1995] alkatea nabarmendu zen guztien artean, Maribel Beriain Hiritar Sustapenaren sailburuarekin batera. 1990ean Iruñeko Udalak ‘Jovenes Artistas 1989” izeneko arte erakustaldia prestatu zuen Gotorlekuan. Erakustaldiaren katalogotik “Autorretrete’ izeneko artelana kendu zuten. Horixe bera gertatu zitzaion berriro artista berari, Mikel Urmeneta, Rodezno Kontea Kulturgunean hurrengo urtean. Oraingo honetan irudiak erlijioa zuen margo-bide. Katalogo beraren beste lan batean beste irudi bat arazoaren muina omen zen eta egileak berak dena kentzea erabaki behar izan zuen. Azken honetan ikusten ziren bi gizon beren zakilek bihotz moduko irudia osatzen zutela. Alfredo Jaimeren Udalak VI. Euskarazko Komikiaren Lehiaketa prestatua zuen eta Rosa Silva komikigileak egin zuen komikia ez omen zuen gogoko; horrexegatik, ale guztiek udaletxeko sotoetarako bidea hartu omen zuten. UPN-PP koalizioak gobernatutako aldian, Juan Cruz Alli presidente zebilela, (1991-1995), Osasun Ministerioak ‘Sida y jóvenes’ doako programa garatu zuen; Nafarroarekin, zirudienez, bat ez zetorrena. Calixto Ayesa Osasun Saileko buruak atzera bota zuen. 1993: Rotxapea Peñaren pankarta izan zen zentsuraren jomuga. Pankarta hark monarkia zuen satira-bide. 90ko hamarkadan beste kasu ugari ere badira.
2004an, Udalak, Iruñeko Ziudadelan prestaturiko kultur ekitaldien markoan, ‘Liburu bat egiten-Cómo se hace un libro’ izeneko erakusketa Pamiela argitaletxearen bizkar utzi zuen. Erakustaldian Joseba Sarrionaindia Uribelarrea idazle bizkaitarraren lana zela-eta, erakustaldia bera apartatu egin zuten. 2008an Maria Kutz Peironcelyk, Osasun Saileko kontseilariak (UPN), osasun heziketaren gaineko liburu bat debekatu zuen, sexualitateari buruzko artikulu bat zeramana. 2009An, liburutegi publikoetan ‘Berria’ eta GARA egunkariak kendu zituzten. Barañaingo liburutegian hasi zen afera, Juan Pablo Gomez Villuendasek, hango Kultura eta Gazteria zinegotziak (UPN), egunkariak ez erosteko agindua eman zuenean. Jose Antonio Mendive Rodriguez Barañaingo alkateak (UPN) arrazoi ekonomikoak aipatu zituen erabakia hartzeko tenorean. Barañaingo liburuzainek Nafarroako Gobernuko Liburutegien Zerbitzuko zuzendariari, Fermin Guillorme Rodrigori, beraien kezka plazaratu zioten eta kontuaren gainean zuten jarraibide profesionala babesteko eskatu. Erantzuna argi zegoen: zinegotziak hartutako erabakiari men egiteko, hitzez hitz, «acatar lo dispuesto por la concejal». Handik gutxira, Iruñeko Udalaren Kultura Saileko zinegotziak ere, Paz Prieto Saenz de Tejadak (UPN), Iruñerriko zortzi liburutegiri helarazitako gutunean honako hau azaldu zien: «con el fin de homogeneizar criterios» eta segituan ezartzen ditu zein diren erosi beharreko egunkariak. Jakina, ‘Berria’ eta GARA desagertu ziren zerrendatik. 2002an Vicente Etayo Garralda Udal zinegotziak (Kultura Sailekoa) Donibane-Oskia Liburutegi Publikoan (egun Yamaguchikoa) eginiko faktura ikusita, non ‘Tortura en Euskal Herria: informe: 2001’ izeneko liburua agertzen zen; eskutitz bat bidali zuen liburutegira esateko faktura hura berregin behar zutela, liburua pagatzeko asmorik ez zuelako eta, gainera, liburuzainak premiatu zituen «liburu-dendara itzul zezaten». Horrekin batera, zinegotzi bera ‘Fucking Åmål’ pelikula suediarrarekin ere saiatu zen. 2007: Muthiko Alaiak Peñari tokatu zitzaion. Pankartan Miguel Sanz Nafarroako presidentea eta Jose Maria Cirarda Lachiondo Iruñeko eta Tuterako artzapezpikua, Francisco Franco Bahamonte diktadorea eta Bibliako pertsonaia, Jesus Nazaretekoa, kritika satirikorako hartuak izan «bide» dira. 2010ean San Fermin eta Armonia Txantreana Peñen kasua izan daiteke zentsura. 2009an horien pankartetan agertzen ziren bi presori eginiko irudiengatik: ‘Iñaki! Etxera!’ zioen batek, ‘Ongi etorri Kurika!’ besteak. 2009: Aizturrekin erlazionaturiko kasua dugu J. L. Garcia sexologoari gertatutakoa (eta ez da sexologoari tokatu zaion lehenengo aldia), zeren bere lana baztertu nahi izan omen zuten: ‘Estreinako aldiz”’izenekoa, Hezkuntza Departamentuko buru Carlos Perez-Nievas Lopez de Goicoechea (CDN) zelarik. 2011n, UPNk betoa jarri zion monarkia eta eliza aztergai zituen hitzaldi bati Iruñean Gonzalo Puente Ojea diplomatiko ohiak Erraldoien Txokoan eman behar zuena.
Eta alde horretatik kasu gehiago ere badira: ‘El libro rojo del cole’ (70/80), ‘!A ver!’ (70/80), Etxarri Aranazko ‘txilina’ (1981), ‘Los abanicos del caudillo’ (1980), Tafallako Ihauteriak (1980), Tafallako Aguzaón Peñaren pankarta (1980), Tafallako Eltxo Irratia (80), ‘La última tentación de Cristo’ (1988), Eguzki Irratia (1988), Heziketa sexualaren gaineko jardunaldiak (1986), ‘En Pamplona, san condón, que funcione la prevención’ (1987), sex-shopak eta helduentzako jostailu erotikoen dendak (90), hiesaren aurkako kitaren kasua (1994), ‘Sida y jóvenes’ (1995), ‘Punto y Hora’ (76/90), ‘Egin’ (77/98), ‘Ardi Beltza’ (90/01), ‘Egunkaria’ (90/03), Apurtu.org (07/11), ‘Jesus: hurbilketa historikoa’ (2007), Barrikadaren abestien letra batzuk, ‘La Bofetada’ (2011), Altsasuko parodia (2011), Nafarroaren konkistari lotutako kasuak (2011)…
Noiz arte? Ezin da krisiaz ere hitz egin!?
Frankismoan baino sofistikatuagoa da, zalantzarik gabe, eta batzuetan, gordina, besterik ez, frankismoan bezala; azken finean, guztiak zentsura. Hitz egin dezagun, eta hitz egiten ikas dezagun inor baztertu gabe, hurkoa isilarazi gabe. Hurkoa, aurrean duguna, nornahi izanda ere: eskuinekoa, ezkerrekoa, fededuna, ateoa, atzerritarra, abertzalea, transexuala…, kritikoa, disidentea edo gure printzipioen kontrakoa. Hala esan zion esaldi filosofiko hark: Ez nago batere ados zuk esaten duzunarekin, baina esateko duzun eskubidea defendituko nuke, harik eta hil arte.