Zaloa Ibeas de la Cruz eta Izaskun Garcia Bordagarai

Pobreziak emakume aurpegia du

Pobreziaren kontrako eguna izan den astean datu ikaragarriak ezagutu ditugu: Espainiar Estatuan iaz milioidunen kopurua %13, eta aurten ia horren bikoitza, %24, hazi da. Honekin batera, Europar Batasun osoan ezberdintasun sozial handienak dituen Estatua bihurtu da Espainia, Letoniaren atzetik.

Hau hautu politikoa da: krisiaren aitzakiapean sistema kapitalista patriarkalak inposatu dizkigun neurri eta erreforma ezber- dinek sorrarazi dute egoera hau. Eta Estatuan ez ezik, Euskal Herrian ere bai, hemen ere norabide bereko politikak aplikatzea erabaki baitzuten Gasteiz eta Iruñeko gobernuek.


Baina datu eta estatistikek, denok dakigunez, gehienetan genero ezberdintasunak ezkutatzen dituzte. Txirotze prozesu honetan kaltetuenak emakumeak izaten ari gara. Dagoeneko lanpostu bat izatea bizi baldintza duinen bermea ez dela salatzen badugu, imajinatu gure egoera, emakumeon egoera, zein den, lan merkatuan gure parte hartzea, krisi aurretik jada bigarren mailakoa izan denean. Sistema kapitalista patriarkalak inposatutako sexuen araberako lan banaketaren ondorioz, emakumeok beti pairatu izan dugu diskriminazioa: aitortza baxuagoko eta lan baldintza kaxkarrenetako sektore eta lanpostuetara bideratu gaituzte, betiere gure lana gizonezkoen lanaren osagarritzat ulertua eta ulerrarazia.


Gaur egun egoera oraindik ere gehiago gogortu da, behin-behinekotasun tasak gero eta handiagoak direnean, emakumeon kasuan %23,8koa da, gizonezkoen %17,7aren aldean. Patronalak lanaldi partzialak gero eta gehiago zabaltzeko egindako apustuaren atzean, lanaldi mota hauetan dihardutenen %94,69a emakumezkoak direla ezin dugu ahaztu. INEren azken datuen arabera, gizonezkoek baino %36,2 gutxiago kobratzen dugu. Gizon eta emakumeon soldaten arteko aldea gero eta gehiago handitzen ari da eta honek, gainera, ondoren jasotzen ditugun prestazioetan (langabezian, ezgaitasunak, erretiro pentsioak...) ondorio zuzenak ditu.
Bien bitartean, erakunde ezberdinek, arazoaren muinera jo eta erabaki ausartak hartu beharrean, dagoeneko ahula eta nahikoa ez den babes sozial sistema eta prestazioak hartu dituzte jomugan. Honek emakumeoi kolpe bikoitza dakarkigu: alde batetik, emakumeok gara hein handi batean prestazio hauen jasotzaileak (datu esanguratsu bat: guraso bakarreko familien artean %88,6k emakume bat dute buru eta, hauetatik, %40k langabezian dagoen emakume bat) eta, bestetik, sistemak bete beharko lituzkeen premiak, zaintza kasu, emakumeon bizkar uzten dute.


Pobrezia ere bortxa da, menpeko izaki bihurtzera kondenatzen gaitu eta. Emakumeok ekonomikoki burujabeak ez bagara, ezin ditugu gure bizi proiektuak aske garatu. Beraz, altxa emakume! Miseriara kondenatu nahi gaituzten horien aurrean duintasunez bizitzeko daukagun eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu!

Recherche