Beñat Solaberrieta Albizu
Orioko alkatea

Portuak herriarenak dira; eta herriak, herritarrenak

Euskal Herria aberatsa da izaeraz, baliabidez eta, batez ere, nortasunez. Euskal Herriaren nortasuna tokian tokiko herrien nortasunen batuketa da. Bereizten gaituenak egiten gaitu aberats.

Oriotarrak kostakoak gara. Mendiak ematen digu babes, eta itsasoak eman izan digu jaten. Urteetan herri arrantzalea izan gara eta oraindik ere zortzi ontzi ditugu lanean. Gogor lanean. Ez nator ofizioan dauden zailtasunez eta horien erantzuleez hitz egitera, ordea; baizik eta adieraztera arrantza sektorean oso azkar gertatu direla aldaketak, oso urte gutxitan egin duela gainbehera, eta administrazioak ez duela izan, horren aurrean, egokitzeko gaitasunik.

Arrantza sektorearen etorkizuna zalantzan dagoen honetan, udalen eta Portu Zuzendaritzaren eskumenen kontua birformulatu beharra dago. Gaia aztertu, eztabaidatu eta erabakiak hartu beharra dago eta prozesu hori eragile guztiekin batera egin behar da, ahalik eta modurik irekienean.

Ez du ematen, ordea, Portuen Legearen aurreproiektu-zirriborroa, udalek orain dela gutxi jaso duguna, era horretara eztabaidatzeko modua izango dugunik, tarte oso motza eman zaigu-eta. Denboran oso atzetik datorren konkista baten ondorioz sortutako arazoei behar bezala heltzeko denbora laburregia, inondik ere.

Lege proposamen hori bere horretan aurrera ateratzen bada, orain arte bezala segituko dugu: portuko eremu izendatzen den gunean Udalak edo herritarrek jardueraren bat egin nahi dugunean (festetarako txosna bat jarri, adinekoentzat komun publikoa instalatu, aparkaleku publikoak antolatu…), Portu Zuzendaritzaren baimena eta onespena beharko ditugu. Portu Zuzendaritzak aginduko du eremu horretan eta Udalak ezin izango ditu ase herritarren beharrak espazio hori erabiliz. Udalarenak diren eskumenak garatzeko baliabideak lapurtzen dizkigute era horretara. Herriek ezin dugu erabaki.

Portu eremuaren planeamendua erabakitzeko eskumena ere Portu Zuzendaritzarena izango da. Alferrik da herrian, parte-hartze prozesu bidez, plan orokor bat diseinatu eta formulatzea. Portu eremuaren garapena ez dagokigu guri; Portu Zuzendaritzak erabakiko du horri buruz, doan eta libre. Udalak ezin du herriaren zati hori «bere» kontsideratu, zerbitzu, instalazio publiko edo etxebizitza politika egokiak planteatzeko.

Hori horrela izan da orain arte ere; baina orain arteko praktika lege batean bildu eta idatziz lege-zirriborro batean jasotzeko ausardia izan du Gasteizko Administrazioak, aurreproiektu horren eragina zuzenean nozitzen dutenekin aztertu gabe eta eskumenak birdefinitzeko premia nabarmena mahai gainean jarri gabe.

Lege proposamenaren zutabeak herrietara egokitu gabekoak dira, adostu gabekoak; eta, beraz, alferrikakoak.

Portuak herriaren parte dira. Eta bertan egiten diren ekintzen arabera banatzen dira eskumenak. Erabakiak hartzeko eskubidea herritarrena da eta horien lehen instituzioa Udala da. Hori kontuan hartu gabe ezin daiteke erabakirik hartu; Udala, bestalde, ezin da izan, lege proiektuan jasotzen den bezala, organo aholku-emaile huts bat. Udalek erabakitzeko eskumena izan behar dute hemen ere.

Portuak, herriarenak dira; eta herriak, herritarrenak.

Recherche