Mikel Zubimendi
GAUR8

Poz handi bat, lasaitu ederra

Ines del Rio etxean da, zorionez etxean. Eta Estrasburgok 197/2006 doktrina indargabetu du, lasaitu ederra denontzat. Beti pentsatu izan dut sentitzen ez dugun horrek, horrela mugatzen gaituela.

Eta orain eta hemen, natural, ondradu, ñabardurarik gabe sentitu behar da poza eta lasaitua. Hain da pisuzko motiboa, hainbeste tonako arrazoia, horrelakoetan bestela ezin litekeenez poza eta lasaitua beti-beti, eta beteki, sentitu behar direla. Ez Barne eta Justizia ministro espainiarren aurpegietan nabari zen amorrazioagatik, ezta xanpaina hartu eta kirol garaipen bat bezala ospatu behar delako, ez preseski, baizik eta Ines bezala dozenaka euskal preso kalera ateratzeak senide eta lagunengan eragiten duen poza kutsakorra delako, herriarena delako. Eta poz horrek beste aldarte batean koka dezakeelako euskal jendea, esperantza indarturik, baikortasun aktiboan, lasaitu eder askoan.

Ez da goiz etorri Estrasburgoko epaia, zorionez baina, ez dirudi beranduegi heldu denik. Jakina, arauen gainetik jauzi eginda eta legea komenentziara bortxatuz euskal preso horiek egin dituzten zientoka zigor urte erantsi horiek ez dira bueltatuko. Eta epaia loteslea den arren, derrigortzen duen arren, saiatuko dira saiatuko direnez are gehiago bortxatzen eta zirrikitu berriak bilatzen euren mendeku egarria asetzeko.

Espainian ez baitago Justiziarik. Arbitrarioa da, kapritxosoa, gaiztakeria asmoek inspiratua, determinista, beti norabide berekoa, aldaketa eta errealitate berrien aurrean sorgor, aurrerapauso txikiena emateko ezgai. Botere politikoaren erabakiak zilegitu egiten ditu, indarrean dauden araudiak hautsiz, prebarikatuz, erregimen autoritarioen irizpide berberei jarraiki. Esan gabe argi jakitera eman du hori Estrasburgok. Kultura demokratikorik, konponbiderako borondate eta heldutasunik, bizikidetza berri baten aldeko parametro erregular eta arrazionalik ez da ageri Espainian. Pedagogia lanik ere ez; testikulu eta errai larregi, arrazoirik eta errespeturik batere. Ez dirudi, hortaz, Estrasburgoko epaia aukera bezala, helduleku legez hartu eta konponbidean gauzak errazteko baliatuko duenik. Ez horixe! Bere obsesioek erabat nahastuta daukatelako, gaixo dagoelako, munstroak sortzen diren argi-itzaletan bizi delako, bere politika zigortzaile eta populistak sortu dituen botere eta erresistentziak kontrolatzen nahiko lan duelako.

Euskal Herrian, aldiz, epaiak indartu egin du ezker abertzalearen estrategia berritua. Objektiboki, zama kendu du gainetik, harri puska astun eta mingarria bizkar-zorrotik; horrek beste arintasun bat uzten du, emaitzen koadernoan irabazi garbia. Doktrina zital hori indargabetzea irrikaz desiratutako ametsa izan da Euskal Herrian, eta, Espainia, horren jakitun, ametsa zapuzten saiatu da, gauzak ezinezkoaren eremuko muga-mugaraino eramanez, esperantza oro galtzeko, independentziarako bidea zeharo lokaztu eta erabat blokeatzeko. Labur adieraztearren, hola-halako mentalitate bat gailendu nahi izan du: «Nola demontre eskuratu nahi dituzue hain helburu potoloak zuen presoak nahi dugun arte atxiki eta hori eragozteko gai ez bazarete?». Estrategia berrituak irabazpide garbirik eskuratzen ez badu Estatuaren abantaila konpetitiboaren aurrean –kartzeletako giltza eta masazko biolentzia mekanizatua aplikatzeko botoia, hots, Audientzia Nazionala–, arrakasta Estatuak emandako kolpeen markagailuan neurtzen bada, oker arituko gara. Estatuak, ezker abertzalea horretara bultzatuta, estrategia berriaren eraginkortasuna hutseratuko zuela uste zuen. Norbere analisi, erabaki eta indarren gainean zalantza existentziala hedatuko zuela. Oker, oso oker, baina.

Arrazoi osoz, lasaitu ederra sentitzeko motiboa badu, bai, uneotan ezkerreko independentismoak. Horrek, baina, epaia ongi eta buruargi kudeatzearekin batera, hausnarketarako lezioak uzten ditu. Besteak beste, presoak kaleratzeko lanaren gaineko ardatzak, moldeak eta dinamikak serio errepasatzekoa. Eta hortik harago, estrategia osoaren errepaso eraikitzaileari, berritzaileari oratzeko bide ere ematen du. Arazoak arazo, gabeziak, ezinak eta errakuntzak onartuta, txanpa onean dago ezkerreko independentismoa, tonu polita berreskuratzeko aukeran, handira jokatzeko moduan. Eta hartara, euskal jendeak izan behar du lehen hartzailea eta azken bermea, euskal jendeak soilik eta beti euskal jendeak.

Horretarako denbora eta espazioa izango dira, bai. Orain poza sentitu, gozatu eta majo lasaituta, Inesi bihotzetik ongietorria ematearekin batera, arnasa berrituta ametsaren ildoan jarraitu behar da.

Recherche