Poza eta harridura
Galdera jakin bat eginen genioke Lizarrako Udalari, behin albistea ezagututa: zergatik eskainiko dira euskara-eskolak?
Entzun dugu Hizkuntza Eskola zabalduko dela Lizarran. Herriak erdietsitako lorpentzat jotzen dugu, eta sumatu dugu poz handia hedatu dela herrian. Lizarrako euskaltegiak, beti herrian sustraiturikoak, bat egiten du berriak eragindako ilusioarekin. Geuk ere onena opa diogu gure herriari. Gainera, AEKn, oso argi dugu zein garrantzitsua den herrigintza eta herrien garapena. Zer esango dugu, bada? Nafarroako 80 bat auzo eta herritan aritzen gara, administrazioak ezer egiten ez duen toki askotan; gainera, hiriburuan (Iruñerrian) eta eskualdeburuetan ez ezik, herri ertain eta txiki askotan ere euskara-eskolak eskaintzen ditugu, eta euskararen aldeko ekitaldietan parte hartzen dugu.
Bestalde, aitortu behar dugu berriak asko harritu gaituela. Ez da entzun dugun lehen aldia, beraz, alde horretatik ez, baina bai erabakiak berekin dakarren informazioagatik. Izan ere, galdera jakin bat eginen genioke Lizarrako Udalari, behin albistea ezagututa: zergatik eskainiko dira euskara-eskolak?
Gure ustez, horrek erakusten du Udalak ez duela guztiz barneratuta zer den AEK; ziurrenik, guk ere indartu beharko dugu gure burua hobeki ezagutarazteko lana, baina, esan bezala, berriak bereziki harritu gaitu ulertzen dugulako erabakia hartu dutenek ez gaituztela ongi ezagutzen, edota ez dutela sobera zuzen ezagutzen zein lan egiten duen AEK-k Lizarran.
Herritarrei zerbitzua emateko jaio ginen, bertatik bertara emateko ere, herri-ekimen gisa, herritarrei beharrezko (eta eskatzen duten) zerbitzu publikoa eskaintzeko asmoz; zorionez, urte hauetan guztietan, oztopoak oztopo, zerbitzu hori gauzatu ahal izan dugu. Gainera, askotan azpimarratu dugun bezala, euskara-eskolak tresna hutsa dira, ez bakarrik euskara ikasteko, baizik eta gure helburua euskara erabiltzen ikastea delako, eta, are gehiago, Lizarran euskaraz normaltasunez bizitzeko urratsak egiten ere gure aletxoa jartzen ahalegintzen garelako.
Beraz, herritarrak garen heinean, bai eta Lizarrako eragile ere, uste dugu gauzak sakonago eta era partekatuagoan jorratu behar direla: baliabideak optimizatzeaz hainbeste hitz egiten den sasoian, Lizarrak behar du euskara-eskolen eskaintza zabaltzea? Zein da arrazoia? Nola egin behar da? Zer pentsatzen du Udalak AEKz, beraz? Euskararen biziberritzeari dagokionez, zein apustu egin behar da? Ez al da hobe horrelako bideei ikuspegi horretatik erreparatzea eta eragileekin partekatzea?
Testuinguru honetan, nabarmena izanen da euskara ikasteko aukerei buruz mintzatu beharko dela, uztartzeko moduaz, aipatu baliabideen optimizazioaz... Horrez gain, pentsatzen dugu abagune ederra sortu zaiola Lizarrako Udalari aurrerapauso galanta emateko doakotasunaren arloan. Izan ere, AEK-k etengabe aldarrikatzen duen egoera gauzatzeko gonbita egiten diogu Udalari: Lizarrako hizkuntza doan ikasteko bidea bermatzea, eta herritar guztiek, ikasten duten eran eta tokian ikasten dutela ere, egoera bera edukitzea.
Bitartean, arestian aipatu pozaz eta harriduraz, Lizarrako AEK Euskaltegiak buru-belarri jarraituko du hobekien dakiena egiten: Lizarraldeko ehunka lagunei euskara gure metodologia komunikatiboaren bidez ikasteko aukera ematen, baita gure ingurunean euskara erabiltzeko hamaika aukera eskaintzen eta haien bidelagun izaten ere.