Ixabel ETXEBERRIA

Presoekin.

Presondegiratze gehiagorik ez! Hau da gogora heldu zaiguna Haizpea Abrisketa eta Aurore Martinen epaiketaren bezperan gaudelarik. Hau da gogora heldu zaiguna Intza Otxandabaratz preondegiratzearen aginduaren egun batzuetara.

Ez da inoiz horrenbeste hautetsi presondegiratze baten aurka agertu. Berpresondegiratzeak izan dira, ama eta haurrak batera presondegiratu dituzte dagoeneko, haien zigorra bete zezaten inongo arriskurik eragiten ez zutelarik. Kasu honetan, hautetsien izenpetze masibo honek ez balu ondorio baikorrik, seinale kaskarra litzateke estatu honetan dagoen demokraziaren maila ebaluatzeko unean. Frantziak hartzen dituen neurriek, libertate askoren urratzeek, ekarri dituzten aldaketa sakonek, noizbait ebaluatu beharko baitira.

Militante askorentzat aspalditik basoa betea dago, euskal presoei doakionez. Izan ere, kasuak hurbildik begiratzen baditugu, haurrak ehunka kilometrotan preso den familiarrengandik ezagutzen ditugu. Haurrak buraso bat preso estatuko punta batean eta beste bertzean. Bikotearengana heldu den emaztea presondegiratua Frantzian egoteko debekua ezarri diotelako. Familia ezin elkartua, aitari Frantzian egoteko debekua ezarri diotelako. Senar emazteak bi presondegi desberdinetan atxikiak, elkarren arteko bisita debekatuz, baldintzapeko askatasuna debekatua.....

Gaur Intza eta Julen bereixiak izateko arriskutan. Ez da inoiz Justizia ministeritzan hain eskubidezale izan den politikaririk. Taubirak ez du urratsik egiten aldarrikapen soil batzuen aitzinean. Erraten digute justiza independientea dela. Aspaldi utzi genion horren sinesteari, haien justiziak borrokan dagoena zigortzen baitu, estatistikek ere hala diote! Azken urteetan erruki gutxi ikusi izan da estatuen aldetik preso politikoei buruz.

Dena den preso politikoek ez dute errukirik nahi. Arrazoi politikoengatik jarri zituzten preso. Arrazoi politikoengatik torturatu zituzten, familiak mehatxatu zituzten, urrundu zituzten, zigor gehigarriak ezarri. Preso politikoak direlako bizi baldintzak larriagotzen dizkiete. Poderearentzat borrokalarien zapaltzeko denak balio baitu. Ez demokraziaren alde egiteko. Agintea atxikitzeko baizik. Estatu Batuetako arduradun politikoek torturaren beharra esplikatu dute, Marine Lepen entzun dugu erraten beharrezkoa zitekeela zonbait kasutan.

Arrazoi politikoengatik sartu zituzten preso, ETAkoak, errefuxiatuak aterpetzen zituztenak, Batasunekoak, kazetariak, Udalbiltzakoak... ! Amaiurreko gudua bukatu zenetik horrela da Euskal Herria. Askok beren bizitzaren zati handia borroka honetan jarri dute, independentziaren aldeko borroka honetan. Borrokan. Hitza ez dago modan ! Beste hitzak sortu dira, « kolosala », « now », « Gure esku dago », gure gogo bihotzei eremua zabaltzeko. Lauaxetaren « bide berriak » olerki xortaren irakurketari lotu beharko gara. Hura ere gudaria zen, bide zailetan aritua, berrien jorratzen.

Formak desberdinak erabiltzen dira, helburua bera da. Inoiz mendeku gordinena jasaten dutenak ahantzi gabe. Haiek laguntzen baikaituzte burua xutik atxikitzen. Haiek gogoratzen digute zergatik milaka urte eta gero Euskal Herria Europako herri zaharrena den. Herri berria nola eraikitzen den. Elkartasunaren bidetik. Karrika da gure eremua, herrietako paretak, zaharrak eta berriak, gureak. Han aurkituko gaituzte, Bilbon datorren larunbatean.

 

Gure presoek jasaten dutena erabaki polikoak dira, politikoen bulegoetan, izen abizena duten politikoek erabakiak. Ez dezatela botorik eskatu, ez han, ez eta hemen, presoen askatasuna gure helburuetan nagusienetakoa dela ez badute entzuten. Helburu politikoak presoekin lortuko ditugulako.

Recherche