Pribatuak ez dio publikoari eusten
Trump administrazioaren azken burutazio bitxietako bat Barne Produktu Gordina kalkulatzeko metodologia ofiziala aldatzeko proposamena izan da, sektore publikoak egindako ondasun eta zerbitzuen hornidura baztertzeko, hala nola osasuna edo hezkuntza, argudiatuta sektore pribatuak bakarrik sortzen duela benetako balio ekonomikoa. Azken helburua da ezkutatzea Elon Musken Gobernu Eraginkortasuneko Sailak (DOGE) bultzatutako murrizketek BPGan duten eragin negatiboa.
Sakoneko funtsa ideia ultraliberal batean datza: «Sektore pribatuak sektore publikoa sostengatzen du». Hau da, enpresek eta ekimen pribatuak soilik sortzen dute aberastasuna modu eraginkorrean; Estatua eta bertako langileak, berriz, izaki parasitoak izango lirateke, sektore pribatuak zergen eta gizarte-kotizazioen bidez sostengatzen dituenak. Argudiatu dute enpresa pribaturik gabe ez legokeela ospitalerik, eskolarik, pentsiorik, ezta epailerik ere, eta gastu publikoa, funtsean, beste batzuek sortutako aberastasunaren kontsumo antzua dela.
Ez da oso urrutira joan behar horrelako diskurtsoak entzuteko. Confebask enpresa-elkarteak, adibidez, argi eta garbi defendatzen du ikuspegi hori, esanez «enpresa pribatua dela, azkenean, gure ongizate kolektiborako baliabide nahikoa sortzen dituena», edo estimatzen duenean «euskal enpresek foru-ogasunei egiten dieten zerga-ekarpena Eusko Jaurlaritzak osasungintzan, hezkuntzan, enpleguan eta gizarte-zerbitzuetan duen aurrekontuaren %94 dela», berriki apirilean argitaratutako "Euskal enpresek Euskadiren aurrerapenari eta gizarte-ongizateari egindako ekarpena" txostenean egiten den bezala.
Hierarkizazio sinpletzaile eta irrealaz gain, kolektiboa den jarduera baten jabetze sinboliko eta material baten aurrean gaude. Diskurtso horrek aberastasuna sortzea enpresen jabeei bakarrik egozten die, bizitza ekonomikoaren produkzioan eta erreprodukzioan langileek eta gizarte osoak duten funtsezko zeregina ikusezin bihurtuz. Ekonomialari klasikoek, Adam Smithetik hasi eta Carlos Marxeraino, argi zuten ekoizpena prozesu sozial, kolektibo eta koordinatua dela: «Kapitala ez da ondare pertsonala, potentzia soziala baizik». Enpresetan ekoiztutako aberastasuna langile, zuzendari, hornitzaile, azpiegitura publiko eta harreman sozialen sare oso baten ekintza bateratuaren emaitza da, hala nola ekonomia feministak azaleratu duen moduan, faktore produktiboen erreprodukzioaren zati handi bati eusten dion etxeko eremua.
Jarduera ekonomikoa enpresaburuaren balentria esklusibo gisa aurkeztea ekoizpenaren oinarri kolektiboa ezkutatzen duen mistifikazioa da, eta gizartean sortutako soberakinaren jabetze pribatua legitimatzen du. Hala, adibidez, txostenak dio enpresek gastu sozialen %94ra arteko ekarpena egiten dutela esan ahal izateko txostenak kalkuluetan sartzen dituela bai zeharkako zergak, azken kontsumitzaileek ordaintzen duten BEZa kasu, bai gizarte-segurantzako kotizazioak, bai langileek PFEZaren bidez egiten dituzten ekarpenak. Mozkinen gaineko zergaren bidez enpresek zuzenean ordaintzen duten zatia bakarrik kontuan hartuko bagenu, ekarpenak ez luke gastu sozialen %15 ere estaliko.
Sektore publikoak funtsezko erabilera-balioa sortzen du osasun-, hezkuntza-, azpiegitura- eta segurtasun-zerbitzuen horniduraren bidez adibidez, eta enpresa-sektore pribatua horietaz elikatzen da. Zerbitzu horiek sektore pribatuak soilik eskainiko balitu, herritarrentzako kostua handiagoa izango litzateke, eta eraginkortasuna, kasu askotan, txikiagoa, nazioarteko hainbat ikerketek erakutsi legez. Hornidura publikoak irabazi helburua ezabatzen du, kostu administratiboak murrizten ditu eta sarbide unibertsala bermatzen du; pribatuak, berriz, sarbidea segmentatu eta zerbitzu errentagarriak lehenesten ditu.
Bestalde, erosketa eta kontratazio publikoak, dirulaguntzak ahaztu gabe, enpresa askoren fakturazioaren zati esanguratsua dira, bereziki sektore estrategikoetan. Eraikuntza, teknologia, garraiobide kolektiboen fabrikazioa, energia-sektorea edo aholkularitza, besteak beste, eskari publikoaren mende daude neurri handi batean. Enpresa-sareak ez du erabateko independentziarik arlo publikoarekiko. EAEko gastu publiko kontsolidatu guztia kontuan hartzen badugu, eragiketa arrunten eta kapital-eragiketen %40 inguru sektore pribatuari zuzenean egindako erosketak dira, dirulaguntzak eta bestelako laguntzak zenbatu gabe.
Azkenik, sektore publikoak egiten dituen errenta transferentziek, gizarte segurantzaren sistemaren eta pobreziaren aurkako laguntzen bidez, eragin makroekonomiko positiboa dute. Kontsumorako joera marjinal handiagoa duten familietako errenta erabilgarria handitzean, eragin biderkatzailea sortzen da eskari agregatuan, eta sektore pribatuari mesede egiten dio, salmentak handitu egiten baitira. Gastu publikoa egonkortzeko funtzio hori azpimarratu du eskola keynesiarrak, bereziki atzeraldi garaietan, eskari pribatua jarduera ekonomikoari eusteko nahikoa ez denean.
«Sektore pribatuak sektore publikoa sostengatzen duela» dioen narratibak nahita ahazten du zerbitzu publikoak ekintza kolektiboaren eta behar komunak asetzeko gizarte-antolaketaren emaitza direnik. Osasuna, hezkuntza, azpiegiturak eta segurtasun juridikoa kolektiboki ekoiztutako eta finantzatutako ondasunak dira, eta haien existentzia ezinbesteko baldintza da edozein enpresa-jardueratako. Hala, sektore publikoa ez da hartzaile pasibo hutsa; birbanatzen, inbertitzen, kontsumitzen eta funtsezko zerbitzuak hornitzen dituen agente aktiboa da. Enpresaria, beraz, ez da sistemaren kanpoko sostengu bat, askoz zabalagoa den sare sozial baten barruko eragile garrantzitsu bat gehiago baizik. Langileak, administrazioak, etxeko esfera eta komunitate osoa barne hartzen dituen eta mendekotasun harremanen bidez antolatzen den sare sozialaren eragile bat gehiago.