Ramon Sola
GAUR8

Prozesua berrirakurtzen, Estrasburgoko epaia eta gero

Oraindik ere presoen kaleratzeak atzeratzen saiatuko diren arren, Auzitegi Nazionalak astelehenean kaleratu zuen idatziak Estrasburgon gertatutakoa aztertzeko datu guztiak jarri dizkigu mahai gainean.

Estatuaren erantzuna hori da, burumakur ikusi genituen Gobernuko agintarien eta beste hainbat eledun ahoberoren hitz-jarioaren gainetik. Estrasburgoko epaia zigorraren bidegabeko luzapena jasaten jarraitzen duten preso guzti-guztiei aplikatu behar zaiela eta botere guztiek nahitaez bete beharko dutela onartu du Audientzia Nazionalak. Ondorio bakarra, beraz, honakoa izango da: lehenago edo geroago, 56ak etxera, bai eta zigorra betetzeko zorian dauden gainerakoak ere data iritsitakoan. Kartzelak, azkenean, husteko norabidean.

Bestelako ondorioak ere uzten ditu erabakiak, prozesuari berari dagozkionak. Atzera begira jarrita, duela bi-hiru urte denon buruan zeuden hainbat eskema ez dira bete. Batzuk aipatzearren: inflexio-puntua uste baino zailagoa izan da, ez du negoziazio batek ekarri, ez du Gobernu espainolak erabaki eta ez dirudi ere Euskal Herriaren lorpen edo garaipen zuzentzat har daitekeenik, egiari zor. Aldiz, iragarri eta sumatu ez ziren beste aldagai batzuk ageri dira bidean. Eta horregatik, Estrasburgokoak uzten dituen beste ondorioak, irakaspenak, aztertzea komeni da. Hona batzuk (guztiz subjektiboak eta eztabaidagarriak, nola ez):

–Nazioartea bada eta eragin egiten du: Aietetik bi urte pasata, pentsa liteke Kofi Annan eta abarren bisita ameskeria baino ez zela izan, edota kanpoan ez dituztela ikusi Madrilek egindako astakeriak (ETAren ordezkaritza Norvegiatik kanporatzea, Egiaztatze Batzordeko kideekiko mespretxua...). Baina nazioartea izan bada, eta ez urruti. Estatu espainolak baino isilago eta zuhurrago jokatzen du, hori bai.

–ETAren erabakiak dena aldarazi du: Estrasburgoko Areto Handia duela bost urte eskas Batasunaren ilegalizazioa (bai eta EAE-ANVrena ere!) txalotu zuen berdina da. Duda izpirik ez dut 197/2006 doktrina hau ere ontzat joko zuela orduan, ilegalizazioaren zentzu eta helburu berdina baitzuen:&dle;legea muturreraino bihurritu, independentismoaren kaltetan. Neurri berean, baina, oraingo tenorean ilegalizazioa ez zuela inolaz ere baimenduko gainera daiteke. Tartean ETAk armak behin betiko uztea erabaki izanak oin azpiko lurra mugitu die guztiei, baita Estrasburgoko auzitegiko kideei ere.

–Giza eskubideak dira jokalekua: Kolpe psikologiko latza izan da espainolentzat Ines del Rioren aurka galtzea, baina Estatuak sortu du arazoa, presoen giza eskubideak zapalduz. Ezker abertzalearen barne eztabaidan idatzi zenez, aurrera egin ahala gero eta agerikoagoa da Estatua borrero dela, eta, euskaldunen eskubideak, biktima.

–Estatu espainolak ez ditu giltza guztiak: Europak ireki ditu kartzeletako ateak, ez Madrilek. Giltza ugari ditu eskuetan Madrilek, baina konponbideari sarrailak ixteko baino ez baditu erabiltzen, galdu egingo ditu, kenduko dizkiogu/dizkiote.

–Euskal Herrian bertan asko dago egiteko oraindik: Presoen aldeko mobilizazio erraldoiek auzia agenda politikoan txertatu dute, baina, hortik harago, ez dute Euskal Herrian erantzun sendoa eragin, ez behintzat Estatua mugiarazteko adinakoa. Batez ere, dudarik gabe, EAJ-Lakuaren utzikeriagatik.

–Eragiteko indargune berriak eta egokiak: Josu Uribetxebarria Bolinaga askatzeko borrokak inflexio-puntua lortzeko unea ematen zuen, baina, lan eskerga eta txalogarria burutu arren, Madrilen itxikeria gogortzea baino ez zuen ekarri. Eragingarriagoa izan da Europako bidea, bere konnotazio on eta txar guztiekin, eta honakoa ez da iritzi bat, datu objektiboa baizik.

“Prozesu” hitzak esanahi hori du: garatzen den neurrian, barrutik ere aldatzen joaten da. Bada zer ikasi aurrerapauso honetatik, prozesua bera hobetze aldera, noski.

Recherche