Ibai Iztueta Azurmendi

«Pureza»-ren zuloa

Errespetua guardatu zuten / beldur ziraden artian. Txirritak, nahiz eta lunpenproletargo inpuro samarra izan, ziur asko bazekien «errespetu»-ren ordez «begirune» erabil zezakeela. Eta jakingo zuen, halaber, «guardatu»-rekin batera «zaindu» edo «gorde» edo «jagon» esan zitezkeela. Baina ez dirudi hizkuntzaren garbitasuna gehiegi axola zitzaionik. Eta, halere, eskola zaharrekoa izaki, ziurrenik «euskaldun garbiaren» ideia defendatuko zizun. Zergatik jakin ez arren, intuizioak esango zion kontu horrek Euskal Herri berdinzale, beregain eta euskaldun batekin zerikusiren bat zuela (eta, hemen, «euskaldun» diogunean hizkuntza dugu ipar).

Eta bai, ados: oraintxe, «euskaldun garbiaz» hitz egiteak ez garamatza inora. Hasteko −bada denboratxo bat− «euskaldun berria»-ren kontzeptua edo antzerakoren bat daukagulako landu zain. Aroa ere hobea dago "Ocho apellidos vascos/catalanes/marroquís" bezalako porruetarako beste ezertarako baino. Dena den, ideien historiaz ere interesatu behar da eta, alde horretatik, «garbitasuna»-ren historia deseraikitzea merezi dugula esango nuke. Eta, agian, «desmitifikazioa»-ren ideia maiztu baingo maiztuago hau deseraikitzea ere mesede galanta genuke.

"Ni la mitad te creas" libururi buruzko prentsarako elkarrizketa batean, Urtzi Reguero egilea «Pureza» idazkun ironikoa dakarren kamiseta jantzita ageri da. Eta azaltzen digu euskal abertzaleek euskara errelato politikoen zerbitzura jarri izan dutela. Baina zalantza sortzen da: apuntatzen hasita, ez ote zatekeen argigarriagoa lehenbizi behatza nazionalismo espainolari apuntatzea, eta gero gerokoak? Ze, «pureza»-ren kontua agendan jartzen lehenengoa, izan, espainiar nazionalismoa izan da, ezta?

Burlatzen naiz Garibaiez / bai halaber Etxabez / zenak mintzatu baitire / erdaraz euskaldunez. XVII. mendekoak dira bertsook, Joan Claveriarenak. Euskaldunei buruzko apologiak erdaraz idazteko tema aurpegiratzen zien Garibai eta Etxaberi. Eta arrazoi zuen Claveriak −orain ere baluke, nik uste−.

Ordea, haiek ere bazituzten bere arrazoiak, eta ez batere txarrak.

Inkisizioaren eta protonazionalismo espainolaren fundaziozioaren garaian gaude. Efemeride oso gogorrak dauzka seinalatzeko modukoak nazionalismo espainolak: hala juduen nola mairu eta moriskoen garbiketa etnikoa, «odol zikinekoak» omen zirelako. Eta giro hartan, garaiko euskaldunek hobe izan zuten irtenbide bat bilatu, noski. Zeren eta, katolikoak bai, baina euskarak badaezpadako kristau bihurtzen baitzituen. Eta, gainera, bazekiten lehenago ere eskumikatu eta anatemizatuak izatea zer zen. «Hablame en cristiano» horrek erro sakonak ditu.

Ataka gaizto hartan, Espainiak exigitzen zuen odol-garbitasunaren aurrean, alegia, baserriko intelektual horiek euskara bera bihurtu zuten argudio eta salbokondukto. Hasi ziren kontatzen euskarak latinaren eta arabieraren aurreko estadio bat adierazten zuela; eta egoteko lasai, euskararen iraupenak berak nahasketarik eza inplikatzen zuela. Eta, ondorioz, Euskal Herrian ez zegoela inor «odol-zikinekorik». Eta garai hartan odol garbitasuna juridikoki frogatzeko genealogia mitikoak aipatu beharra zegoenez, lehenengo euskaldunak kristau eta espainol jatorrak zirela garbi uzteko, Bibliako Tubal eta bere senitartekoak zirela hasi ziren kontatzen.

Egia, ez zuen Gasteizko eta Balmasedako juduak salbatzeko balio izan, ezta Erriberako mairuak ere. Eta, halere...

Mehatxuak eragindako premia urre bihurtu zuten: gaur egun mitokeriatzat jotzen den konpontxo hark, Erregimen Zaharreko testuinguru batean, bere mugen ardura zuen euskal gizarte berdinzale, beregain eta euskaldun baten bermetzat balio izan zuen. Jakina da euskal eliteei −Garibairi berari− Espainiar inperioaren kortean karrera egiteko aukera eman ziela; baina zinez azpimarratzekoa bestea da, gehiengoari tokatzen zaion partea, alegia: «garbitasun» eskaera hori hizkuntzaren bidez justifikatzen asmatzeak, hizkuntza konpartitzen zuten herritar (ia) guztien artean «noblezia» estatusa demokratizatzeko aukera eman zuen.

Sasoiko pentsalari atzerritarrak −onerako− harritzen zituen gizartea zen hura. Ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Berez gutxi batzuentzat gordetako eskubide politikoak (torturatua ez izatekoa, soldaduzkara ez joatekoa, nagusi bati zergarik ez ordaintzekoa...). unibertsalak ziren euskaldunen artean, idealki behintzat −eta hori bera ez da gutxi.

Baina XVIII. mendetik aurrera Ilustrazioak paradigma aldaketa ekarriko du. Orain, mitoak geroz eta gutxiago balio izango du, zientziari kontrajarriko zaiolako; eta hasiko gara entzuten arrazoiaren argiak agintzen duela nazio atzeratuak nazio aurreratuei subordinaraztea. Ondorioz, euskararen «antzinatasunaren» ideia −lehenago salbokonduktotzat balio izan zuen hura− «atzerapen» frogatzat esplikatzen hasiko dira intelektual espainiarrak. Eta euskaldunen eskubide politiko berdinzaleak, berriz, espainiar konstituzioaren amorez erauzi beharreko «nobleen pribilegioak» izango dira.

Eta, ditxosozko desmitifikazio beharraren txilibitu soinua izan da, hain zuzen ere, espainiar nazionalismo garaikideak euskal lurraldeen asaltorako erabilitako diskurtsoetako bat. Pentsamendu «inpuroak» erauzi eta lustroso askoak sartu behar omen ziren (dira) euskaldun «fanatikoen» gogoan.

Gerrak galtzen dituenak bakearen prezioa garesti ordaindu behar izaten du. Luzeak eta estuak izaten dira gerra-ondoko era guztietako hipotekak, baita intelektual erakoak ere. Gaur egun, «garbitasunaren» mito zikinak oraindik ere hainbat euskal herritarren gogoan sustraituta jarraitzen omen du. Izango da. «Desmitifikatu» beharraren antsiak ere bai, beste askorenean... Zein bere zoroak darabil.

Ez dakit. Nolanahi den ere, babestua sentiaraziko zaituen proiekturik agertu artean, ez al da humanoa biziraupenean guardatu zaituzten intuizio zaharrei erortzen ez uztea? Nik uste, «pureza»-ren zulo beltzarekin ere, ilargia seinalatzen digutenean bezala egin behar litzatekeela: zulo beltzari begiratu, alegia, eta ez hatzari, ezkalu baten eran.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Recherche