Joan Mari Beloki Kortexarena

Putinen misilak (eta II)

 Putinen misilak (I)

4. «Ez dugu inbaditzeko asmorik. Jendea izutzeko mezua da»

«Zer irabaziko dugu, ba? Ez dugu inolako interesik. Nahiko lur daukagu eta jende gutxi. Planeta osoa arriskutan jarriko lukeen mundu-mailako gudak ez du zentzurik. Soilik erasotzen badigute joko dugu erasora. Beldurra zabalduz, Ukrainarako armak erosteko dirutza handiak bideratzea errazago onartuko dute. Onura sozialen kaltean, noski».


5. «Ukraina estatu artifiziala da. Guda zibila da hau»

Lehen ordu erdi luzea Errusiaren historia azaltzen eman zuen Putinek, Ukraina eta Errusia historikoki lotuta egon direla azalduz. Ondoren, hau erantsi zion:
 
«Ukraina izena `o Krai´ esamoldetik dator eta muga inguruko jendea esan nahi du errusieraz. Ez zuen adierazten etnia edo kultura desberdineko jendea. Estatu baten lehen itxura Stalinek eman zion Errepublika sobietarraren estatusa eman zionean. Bitartean Errusiaren beste zati bat besterik ez zen izan».

Putinek konfrontazio hau guda zibiltzat jotzen du. Eta beren arteko harremanak berreskuratuko direla ziurtatzen du, prozesu luzea izanen den arren.

6. «Legez nazismoa debekatzea sinatu zuten ukrainarrek gurekin batera»

Nazismoaren inguruko tartea luzea izan zen. Izan ere, II. Mundu Gerran nazien basakeriekin izugarri nola sufritu zuten azaldu zuen hainbat aldiz. Putinek Ukrainan beste inon ez dagoen arazoa dagoela azpimarratu zuen. Herrialde guztietan azaltzen da halako ideologia duen jendea, baina inon ez da ontzat ematen. Ukrainan, berriz, onartua ezezik maila gorenera eramana dago eta heroi nazional gisa dituzte milaka guda-krimen egin zituzten Estepan Bandera eta Román Shujevich. Hortaz gain, monumentuak eraikitzen dizkiete eta ikur naziak nonahi erabiltzen dituzte. Onartezintzat jotzen du 2023ko irailean Kanadako Parlamentuan Yarsolav Hunka 98 urteko naziari eginiko omenaldia. Hitlerren kolaboratzaile handia izan zen eta judutarrak, poloniarrak eta errusiarrak hil zituen gizona honela txalotzea ez dela onargarria dio.

«Hitler hil zen, baina haren ideologia oso bizirik dago Ukrainan. Guda amaitzeko Istanbuleko 2022ko hitzarmenean jasota dago nazismoa legez debekatzea Ukrainan».

7. «Onura ekonomikoa BRICSen bidetik dator»

Eduki hauek jorratu zituen Putinek munduaren egoera ekonomikoaz: azken urteetan, [estatu kapitalista aberatsenak biltzen dituen] G7 taldearen indize ekonomikoak beherantz doaz eta une honetan munduko BPGaren %30 biltzen dute, duela urte gutxi batzuk %42 zutelarik. BRICS komunitatearena, orain %40, duela urte batzuk %16 zela. G7ren beheraldia eta BRICSen goraldia mantendu eginen dira. Dolarra eta euroa indarra galtzen ari dira, eta berekin Mendebaldearen ekonomia. BRICSen liderrak Txina eta Errusia dira eta lehena munduko potentzia ekonomiko handiena da eta Errusia Europakoa. G7 eta BRICSek norabide berean jardun beharko lukete, buruan garunaren bi zatiek bezala, baina ez da hala eta horregatik munduak gaitz larria du.

«Mendebaldean elite ekonomikoek agintzen dute eta garaiak eskatzen duenaren aurka ari dira. Politikoek neurri egokiak hartzeko espezialisten aholkuak behar dituzte».

8. «AEBek ezartzen dituzten zigorrak ilegitimoak dira NBEren arabera»

Kontzeptu hauek garatzen ditu atal honetan: dolarra arma bezala darabilte eta akats larria da. Etengabe presioa egiten ari dira mundu osoan eta kezka zabaldu dute leku guztietan. Zigor ekonomikoak ilegitimoak dira Nazio Batuen Gutunaren arabera. Zentzugabekeria da, beren burua ere kaltetzen baitute.

«Nazioarteko politikaren arauak NBEak finkatu beharko lituzke».

9. «Kontinente arteko misil hipersoniko onenak dauzkagu»
 
Arma nuklearrekin arazorik ez izateko, misilen aurkako babes-sistema elkarrekin antolatzea proposatu zien Putinek Bush presidenteari. Arrisku nuklearra munduan ezabatuko lukeen proposamen hau ere ukatu egin zioten. Ondorioz,
«Kontinente arteko misil hipersonikoak sortu genituen eta une honetan denen aurretik gaude».

10. «Nord Stream 2ko hodi bat onik dago, baina Alemaniak ez du zabaldu nahi»
 
Beraz, gasa Europaren mendebaldera bihar bertan has daitekeela berriz bidaltzen dio Putinek. Nord Stream hodi horretaz gain, Poloniatik beste bide bat igarotzen dela eta Ukrainatik beste bi. Hortaz, zer zentzu du gas merkeena eta onena erosteari uko egiteak?

«Alemaniako jendea oso inkonpetentea da. Gasa orain hiru aldiz garestiago erosten ari dira».

11. «Zuek pragmatikoak zarete; guk garrantzia handia ematen diegu balio etiko eta moralei»

Pragmatiko hitza erabiliz Mendebaldean diruari gehiago begiratzen zaiola esan nahi du Putinek. Eta Errusian, berriz, kultura, artea, erlijioa… eta horien inguruko balio ez-ekonomikoek garrantzi handia hartzen dutela.

«Berdinak dirudigu, baina gure mentalitatea desberdina da».

Bizitzeko bi modu desberdin hauek kontutan hartuta bakarrik ulertuko dugu Ukrainako gudan bi aldeek izan dituzten jarrera kontrajarriak.

Hausnarketa osoa hemen (https://blogak.eus/euskal-herritik/putinen-bonbak)

Recherche