Putinen misilak (I)
Tucker Carlson
Otsailaren 9an, Tucker Carlson AEBetako kazetari ezagunak bi ordu luzez jardun zuen hizketan Vladimir Putin Errusiako presidentearekin. Gizon hau errepublikarra da, eskuin muturrekoa diotenez -Fox News telebistako aurkezle izana- eta Donald Trump ospetsuaren ildokoa. Jakinmina pizten du jakiteak zergatik eman dion Putinek kazetari honi elkar hizketa egiteko aukera eta ez orain arte Mendebaldeko beste inori. Donald Trump presidentegaiaren konfiantzakoa izanik, ez al zion ezkutuko mezu garrantzitsuren bat ekarriko Putini?
Elon Musk
Honi denari eransteko beste elementu bat ere bada. Elon Musk aberats famatuak zergatik eskaini zion Carlson kazetariari elkar hizketa hau irekian hedatzeko aukera? Lehen Twitter zen X sareak hala zabaldu zuen elkar hizketa eta biharamunerako 200 milioi ikusle izan zituen, sekulan inork lortu dituen kopuru guztiak aise gaindituta. Carlson-Trump-Musk hirukoak eskuartean planen bat baduela pentsatzeko bidea ematen du.
Zentsura
Elkar hizketa honek oihartzun izugarria izan zuen mundu osoan. Putinek ez zuen gauza berririk esan. Zergatik, ba, halako dardarizoa planeta osoan? Seguraski, Operazio Militar Berezia abiarazi zenetik Mendebaldeko kazetari batek Putini egiten zion lehen elkar hizketa zelako eta mundu errusiarrari egiten zitzaion bi urtetako zentsura gainditzen zuelako.
Vladimir Putin
Orain Mendebaldean jende askok Putini zuzenean entzun dio eta pertsona hauen iritzietan eragina izanen duela ez da zalantzarik. Gauza interesgarri asko esan zuen, pentsarazi behar digun ideia ugari. Bonbak bezala gainera erori zitzaizkigunak. Aski da elkar hizketa hau entzutea ohartzeko kultura handiko pertsona dela, politikari handia eta maila goreneko estatu-politikaria. 24 urte daramatza munduko herrialde handiena den Errusia gidatzen eta gaitasun hori oso jende kualifikatuak bakarrik egin lezake.
Misilak
Bere iritziak harrapatzen duen guztia birrintzen duen misil hipersoniko bezala iritsi zaizkigu. Elkar hizketa honetatik egungo Mendebaldearen diskurtso hegemonikoa gainditzen duten misil asko atera da gugana. Elkar hizketak AEBetatik eta EBetik egunero zuzentzen diguten mezuaren gabeziak agerian utzi ditu eta, goi mailako estatu-politikaria denez, koherentziaz azaldu dizkigu Ukrainako gudaren inguruan herritar guztiok jakin beharko genituzkeenak.
Volodymyr Zelenski
Interesgarria litzateke jakitea Volodymyr Zelenski Ukrainako presidenteak zergatik ukatu zion Carlson kazetariari elkar hizketarako aukera. Jakina da estatubatuarrak gudari amaiera emateko asmotan direla eta ez dutela Zelenski bukaera hori kudeatzeko egokitzat hartzen. Egoera horretan elkar hizketa ukatu izana ez da ustekabekoa. Bestalde, Putinen aldean edukietan eta maila politikoan eskas gelditzeko beldurragatik izan zela ere pentsatzeko bidea eman du.
Putinen misilak
1. «AEBek hasi zuten guda hau»
Putin une desberdinetan mintzatu zen elkar hizketaren muina zen honetaz. Lehen aurrekaria 1991n kokatu zuen, Sobiet Batasunak bere buruaz beste egin zuenean. Horren truke,
«NATOk ekialdera ez zabaltzeko konpromisoa hartu zuen. Baina bost alditan kide berriak onartu zituen eta 2008an Ukraina eta Georgiari bazkide izateko gonbitea luzatu zien. 2014an, Ukrainan estatu kolpe bat eman zuten eta konstituzioan jasota zuten neutraltasunari uko egin zioten. Yanukovich presidenteak Alemania, Frantzia eta Poloniarekin sinatua zuen plana errespetatu balitz eta estatu-kolpea eman izan ez balitz, behatz bat ere ez genukeen mugituko».
Erreferentzia hauek egin ondoren, 2014an kokatzen du Ukrainako gudaren hasiera. Detonatzaile gisa aipatzen ditu NATOren base militar estatubatuar eta britainiarrak hasiak zirela lurralde ukrainarrean azaltzen, Minskeko hitzarmena betetzeko borondaterik eza errepikatuz Gobernu ukrainarra, Holland eta Merkelek egindako adierazpenak eta, azkenik, Donbassko zibilei egiten ari zitzaizkien bonbardaketak.
2. «Badakit AEBek guda amaitu nahi dutela eta ez dakitela nola»
Errusiari ezin zaiola porrot estrategikorik eragin esanez, guda hau Errusiak irabazia duela adierazten du. Putinek ez du uste AEBak mundu-mailako guda batean -nuklearrean alegia- inplikatuko direnik. Mezua biribiltzeko honakoa eransten du:
«Guda aste gutxitan buka daiteke. Aski da AEBek arma gehiago ez bidaltzea».
3. «Negoziatzeko prest gaude»
Jarraian hainbat aldiz azaltzen ditu negoziazio-prozesuaren pausu esanguratsuenak: 1991tik aurrera, NATO kide berriak hartuz joan zen bitartean Errusia «ez egin halakorik» esatera mugatu zen. 2014 eta 2015ean Minskeko hitzarmenak sinatu zituen. 2022ko martxoan, Istanbulen ados jarri zen Ukrainaren ordezkariekin OMB Operazio Militar Bereziari amaiera emateko. Borondate ona erakusteko, 2022an Errusiak Kievetik erretiratu zuen armada. Akordioa sinatu berritan Boris Johnsonek Zelenski konbentzitu zuen gudari berriz ekiteko.
«Beraiek konpondu beharko dute akats larri hori. Gu negoziatzeko prest gaude. [OMB] guda bukatzeko urratsa izan zen».