Salba dezagun euskara?
Euskararen egoera larria omen da. 1979an, Autonomia Estatuaren bidez, euskararen koofizialtasuna ezarri zenetik datuek adierazten dutena, dirudienez, ez da oso baikorra bere garapenari dagokionez. Noski, datuak ez dira inongo jainkoen hitzak, gizakion asmakuntza baizik. Eta gizakiok egiten duguna, arlo politikoari dagokionez, bereziki, ez da datuen erabilera garbia eta objektiboa; aldrebes, askotan, gure interesak defenditzeko, datuekin jolasten gara halako moduz: gure aldekoak direnak azpimarratzen ditugu eta gure interesen kontrakoak direnak isilarazten ditugu. Eta printzipio honek balio du hala hizkuntzei dagokienez nola hauteskunde-proiekzioei dagokienez, besteak beste.
Gauzak horrela, euskarari buruzko datuak interes politikotik zein mundu afektibotik urrun aztertu behar ditugu, baldin eta zein den benetako egoera ezagutu nahi badugu.
Eustaten datuak hauek dira: 1986an, elebidunak (elebidun pasiboak barne) %39,41 ziren bitartean, 2021ean, %57,82. Eta lehen hizkuntzari dagokionean, 1986an, euskara edo euskara eta gaztelania lehen hizkuntza zutenak %24,29 ziren eta 2021ean, berriz, %24,20.
Datu horiek zera erakusten dute: 35 urteetan euskaraz hitzegiteko gai direnen kopurua %18,41a igo dela, baina hizkuntza lehentasunari dagokionez, ehunekoak berdin mantentzen direla. Lehen datuei erreparatzen badiegu, euskara aurrera doala eta pozik egoteko modukoak direla esan daiteke. Bigarren datuek, berriz, kontrakoa esaten digute. Zeri eman lehentasuna euskararen egoera zein den epaitzeko?
Hizkuntzek bizirik diraute eguneroko komunikaziorako erabiltzen badira. Bai, dudarik gabe, haietaz irakurtzea eta bere gramatika, historia eta literatura ezagutzea ere lagungarria da, baina latinaren gramatika, historia eta literatura ezagunak dira eta hizkuntza hila da. Jakintsuek diotenez, bi astean behin hizkuntza bat desagertzen da, asko dokumenturik utzi ez dutelako, beste asko, ordea, hiztunik geratu ez direlako. Gaur egun, hizkuntza asko desagertzeko arriskuan daude: ba al da euskara haietako bat? Hizkuntzak, orohar, desagertzen dira arrazoi hauengatik: arestian esan dudan bezala, erabiltzen zituzten herriak desagertzen direlako edo desagerrarazten dituztelako; presio soziopolitiko eta ekonomikoagatik: hizkuntza nagusiek (ingelesa, espainiera, frantsesa, etabar) enplegu, hezkuntza eta gizarte-mugikortasun aukera handiagoak eskaintzen dituztelako; hizkuntza-politikengatik: gobernuek hezkuntzan, administrazioan eta komunikabideetan hizkuntza ofizial bat inposatzen dutelako; migrazioa eta urbanizazioarengatik: hirietara joatean, komunitate indigenek hizkuntza nagusia hartzen dutelako; globalizazioarengatik: komunikabideek eta nazioarteko merkataritzak hiztun gehiago dituzten hizkuntzak bultzatzen dituztelako; belaunaldien arteko transmisioaren galeragatik: gurasoek beren ama hizkuntza seme-alabei hitz egiteari uzten diotelako, askotan, diskriminaziotik «babesteko» argudiopean, eta hizkuntza mantentzeko eta garatzeko erabili diren baliabideak egokiak ez direlako izan.
Arrazoi guzti hauek, azkena izan ezik, baziren Euskadik eskumenak lortu zituenean, hortaz, ezin da esan gure gobernariek ez zituztela ezagutzen. Ondorioz, zazpigarren puntuan aipatzen denari erreparatu behar diogu hartutako neurriak zuzenak izan diren edo ez jakiteko. Dirudienez, ez da nahikoa izan koofizialtasuna lortzea, hezkuntzan ezarri diren ereduak, hezkuntza publikoan ia bakarrik euskaraz ikasteko aukera egotea, administrazio publikoko lanpostuak lortzeko euskarari ematen zaion garrantzia, komunikabide batzuk euskaraz izatea, kultura eta entrepresen arloetan eman eta ematen diren diru laguntzak... Azken batean, ikastetxeetan euskaraz eta euskara ikasten bada ere, edo lanpostuak lortzeko jendeak euskara ikasten badu ere edo komunikabide batzuk euskaraz egotea ere ez dira nahikoa izan euskararen gaztelaniarekiko egoera hobetzeko.
Jakin badakit hizkuntza munduan aditu asko dagoela, baina, barka nazazue nire ausardiagatik, jakitunak ez garenok ere zerbait lagungarria esateko gai izan gaitezkeelakoan nago. Hauek dira nire burutazioak: oso zaila da nahitaezkoa dena maitatzea; utilitarismoa agian egokia da printzipio moral bezala, baina ez hizkuntzak salbatzeko. Zenbait lanpostuetarako (hezkuntzarenak eta hiritarrei arreta emateko direnak izan ezik) euskararen ezagutza saritzeak ez du balio izan lanetik kanpo, eta gehienetan ezta lan esparruan ere, gaztelaniaren aldean euskararen erabilera hobetzeko; umeek euskara ikasten badute ere ezin dute erabili euskara ez dakiten gurasoekin eta beste senide askorekin, eta arlo hau oso gaizki tratatua izan da. Helduek komunikazio-euskara ikas zezaten doakoa eta lanorduetatik liberatua izan behar zuen, pertsona askok ordaindu ezin dituztelako, eta, gehienetan, lan-ordutegitik kanpo egin behar dutelako; HABE, AEK (neurri txikiagoan) eta euskararen irakaskuntzan diharduten gainerako erakundeak eguneroko komunikazioa ahalbidetzen duen euskara irakasten den leku bat izan ordez, tituluak lortzeko akademia bihurtu dira, nahiz eta tituluak lortzeko azterketen estatistikek diotena ez da batere positiboa; euskalki anitzen existentzia eta mantentzeko askoren borondatea ez da lagungarria. Kristorenak egin euskara ikasteko eta, askotan, ia ez duzu fitsik ulertzen euskara batua erabiltzen ez diren herrietan. Agian, beste arloetan ematen den eskualdeen arteko lehiakortasuna euskararen eremura eraman da eta inork ez du amore eman nahi, gure hizkuntzaren garapenerako oso kaltegarria delarik, eta, azkenik, euskara ikasteko zaila da eta munduko beste tokietatik datozenek zailagoa dute, gehienak euskararekin zer ikusirik duten testuingurutik kanpo bizi direlako. Etorkinen kopurua handituz doa eta euskara, orohar, berdin mantentzen da komunikazio arloan. Ba al dute gure arduradun politikoek pentsatu zer den giza erlazioei dagokienez «irla» batean bizitzea eta hizkuntza ezezagun bat ikasi behar izatea? Beltz edo txinatar batzuk ateratzea euskaraz hitz egiten, islatzen al da haien benetako errealitatea euskararekiko?
Gabezia guzti hauek, eta ziur aski egongo diren beste batzuk ere izan beharko lukete euskara berpizteko programa baten ardatzak. Bestela, zoritxarrez, beste 50 urte igaro ondoren, egoera antzekoa izan daiteke.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.