Iñigo Santxo eta Martxel Toledo
Esait-eko kide ohiak

«Santi, molts ànims i amunt des d’Euskalherria»

Santiago Espot i Piqueras, Auzitegi Nazional espainoleko 4. epaitegi zentraleko Fernando Andreu epailearen aurrean deklaratzera deitu dute gaur, Koroari eta Espainiako sinboloei irain egitea leporatuta.

Barçak eta Athleticek Camp Noun 2015eko maiatzaren 30ean jokatutako Errege Koparen finalaren atarian, “Espainiako ereserkiaren aurkako txistukada” izeneko manifestuaren egilea izatea eta zelaian egin zen txistukadaren bultzatzaileetako bat izatea da bere delitua.

Hori da guztia. Galdera da, non gelditzen da bakoitzaren  adierazpen askatasuna? Eta non dago delitua? Garbi dugu aipatu ekimenek Europan oro har eta Estatu osoan bereziki lortutako arrakastak beldurtuta, monarkiaren aldeko botere faxisten mendekua baino ez dela oraingo hau. Jarraian, 2015eko maiatzean finalaren aurretik Kataluniako hamabi erakundek sinatuta prentsara bidalitako manifestuak, eta,  ondorioz, Santi Auzitegi Nazionalera zitatzeko erabilitako aitzakiak, hau zioen: «Katalunia egoera politiko erabakigarri batean bizi da. Katalanen gehiengo batek ulertu dugu: edo Espainiatik independizatzen gara edo herri bezala desagertuko gara. Horrela  adierazten dute azken urteetako mobilizazioek, Kataluniako independentzia Kataluniako politikaren erdian jarriz.

»Hala ere, azken garaipenera iristeko, Kataluniako Estatu independentea izatea baino ez dena, lurralde osoaren kontrol politiko osoarekin, gure ekintza guztien sendotasuna eta gure nazio askatasun nahia adierazteko aukerarik pasatzen ez uztea eskatuko du. Borroka hau arlo askotan garatzen da: politikoan, kulturalean, sozialean edo hizkuntzan. Baina baita ere gizarte protesta kolektiboan. Eta datorren maiatzaren 30ean, Camp Nou zelaian Bartzelona FCk eta Athleticek jokatuko duten Errege Kopa finalean izugarrizko aukera ezin hobe baten aurrean aurkituko gara, Espainiako erreinuaren subjektu izateari utzi eta soilik Katalunia independente baten herritarrak garela adierazteko. Kirol jarduera honek Espainiako ordezkari instituzional eta politiko nagusia, Felipe Borboikoa erregea, errege ereserkia entzunez estadioaren palkora azaltzea suposatuko du. Orduantxe izan behar du, eta partidura joaten diren zale katalan guztiek (eta joaten ez direnek ere bai) ozenki adierazi behar dute beren haserrea, bai monarkaren presentziagatik bai ereserkiaren doinuagatik, txistukada batekin adierazi ere, eta seguruenik, euskal zaleen babesa izango duena.

»Ziurrenik, gure etxeko ahots batzuek berriro errepikatuko dute errespetua zor diegula eskubide nazionalak ukatu eta umiliatu nahi gaituen Estatuaren sinboloei. Sententzia judizialen bitartez katalan hizkuntza antzinako erlikia bihurtu nahi duen, independentismo katalana faxismoarekin parekatu nahi duen eta 1939an Bartzelonan odola eta sua erabiliz presidente bat fusilatu zutenei babesa ematen dion estatu horri. Trapu zikin baten modura tratatzen gaituenarentzat errespetua eskatzea esklabotza konplexu sakon batetik soilik azal daiteke.

»Konbentzituta gaude independentisten gehiengo handi batek hori baino duintasun eta kuraia handiagoa duela. Ulertzen dutelako askatasuna irabazteko lehen baldintza hori ukatzen digunari hori aurpegiratzeko prest egotea dela».

Eta Santi Espot Auzitegi Nazionalera, Fernando Andreu epailearen aurrera deklaratzera, idatzi honek eraman badu oraingoan, aurrekoetan ere, Athleticek eta Barçak jokatutako Errege Kopako finaletan,  2009an Valentzian eta 2012an Madrilen, monarkiaren eta ereserkiaren aurka izan diren txistukada historikoen harira, Denaes (Defensa Nación Española) eskuindarreko alderdi espainolistak Catalunya Accio eta Esait-en aurkako salaketa aurkeztu zuen. Gero, Santiago Pedraz epaileak, zorionez, artxibatzeko agindua eman bazuen ere, besteak beste, adierazpen askatasunaren barruan kokatzen zuelako gure deialdia. Oraingoan, berriz,  eta hasieran fiskaltzak artxibatzeko agindua eman arren, Manos Limpias Fundazioak eta VOX alderdiek jarritako salaketak bultzatuta eta presio «mediatikoen» eraginez, lortu dute Santi Espot Auzitegi Nazionaletik pasatu behar izatea eta kondenatzeko zorian jartzea. Horrelakoa da espainiar demokrazia. Eta injustizia honek bultzatuta animatu gara idatzi xume hau kaleratzera, besteak beste, Santi lagunari gure elkartasuna adierazteko eta bide batez, euskal gizartearen aurrean, adierazpen askatasunaren aurkako jokabide hau salatzeko, argi baitugu, Katalunian eta Euskal Herrian independentzia lortze bidean aipatu finaletan antolatutako ekimenak beharrezkoak izanik, Santik horregatik izan dezakeen zigorrak (6 hilabetetik 2 urterainoko kartzela) guztion aldetik babesa merezi zuela. Animo Santi eta aurrera!

Recherche