Jose Ignazio Ansorena
Musikaria

Sarriegi ez da Donostiako martxaren egilea

Hainbat elkartetan istiluak eta haserreak sortu dira horren inguruan. San Sebastian egunetik kanpo joz gero, anatema. Indar eta kemen horiek beste kontu batzuetarako gordeko balira, denontzat hobe. Hainbesteko malgutasuna eta aldaketak (askotxo artean Sarriegi bizirik zela) izan dituen abestia zergatik soilik honetan zurruntasunez erabili?

Raimundo Sarriegi ez da Donostiako martxaren egilea. 1861ean “Marcha de San Sebastián” izenekoa sortu zuen eta 1883an partitura argitara eman “Euskal erria” aldizkarian. Ez zuen hitzik, ezta danborrentzako laguntzarik ere eta, aldizkari hartan bertan aipatzen denez, gure konpositoreak San Sebastian santuaren omenez egin zuen, San Ignaziok edo San Joanek euren himnoak zituzten bide beretik, ez hiriaren himnoa izateko. Beraz, “San Sebastian martxa” sortu bazuen ere, Donostiakorik ez.

Hasieratik izan omen zuen arrakasta Sarriegiren honek eta azkar batean hartu zuten garaiko danborraden errepertorioan. Danborrada horiek ez zuten antz handirik egungoekin. Oso gutxi ziren, bakarra gehienetan, jotzaileak mozorrotuta irteten ziren –txinatar jantzita, lanperna itxuran…– eta guztiz inauteri giroan. Eta bestelako doinuak jotzen zituzten, Sarriegi geroago hasi baitzen sortzen orain ezagunak diren besteak, 1882tik aurrera. Egun ezagutzen dugun danborrada uholdea (1976an hamasei ziren, 2013an, ehun eta hogeita bost) eta berarekin daraman histeria kolektiboa ere oso kontu berria da, berrogei urte ingurukoa.

1898. urtean, A. Diaz y Cia argitaletxeak “El Carnaval de San Sebastián” partitura liburua editatu zuenean, “Marcha de San Sebastián” zelakoa musikalki jantziagoa zetorren eta jada danborrentzat idatzitako lerroa bazekarren, baina, liburu bereko beste hainbatek ez bezala, hitzik ez. Lehenago hainbati bururatu zitzaion doinu horri hitzak jartzea: 1882an Pepe Artola famatuak prestatu zizkion eta 1884an “La Semana” egunkariak gonbita egin zuen idazleak horretara bultzatzeko. Un pensamiento de plata jarri zuen sari, festa giroa mantendurik, hitz ederrenen sortzailearentzat. Batzuk aurkeztu baziren ere, eman gabe geratu zen saria. Serafin Barojak, ordea, berehala idatzi zuen eta argitara eman –berak sortutako “El Urumea” egunkarian– proposamen bat. Ez zuen arrakastarik izan eta inork gutxik ikasi zuen. Hitz horietan dago, hala ere, ziaboga: San Sebastian himnotik Donostiako martxara. Zehatzago, Donostiako inauterien hasierako martxa izatera.

1960an Donostiako kronikagile ofizialak, Jose Maria Donostyk –Leonardo Fernandez Eleiceguiren izengoitia– prentsan proposatu zuen Barojaren hitzei bultzada ematea, donostiarrek kanta zezaten eta, urte batzuetan kasu handirik egin ez bazitzaion ere, azkenean CAT (Centro de Atracción y Turismo) udal erakundeak, elkarte batzuk ahalegin horretan lagun hartuta, zabalkunde lana egin zuen, Barojaren bertsioaz aldaketa txikiak zituzten orriak banatu, donostiar belaunaldi berriek pixkana –ikastolen bitartez batez ere– ikasi eta abesten hasi ziren. Harrigarria da horrelako testu bromosoa hiriko himnotzat arazorik gabe denok onartu izana: agian, euskaraz izanik, askok ez zutelako ulertzen edo egia delako donostiarrok kaskarin xamarrak garela.

Hitz gutxitan, Donostiako Martxaren sortze prozesua ez da bakar baten lana izan: Sarriegik santuarentzako doinua sortu, Barojak inauteri abiapunturako hitzak jarri, ez dakigu nork zuzenketa hainbat egin, beste batzuk horrela zabaldu eta donostiarrok hiriaren himnotzat hartu. Hatzen ume jolasaren antzekoa: «Honek arrautza erosi, honek gatza jarri…».

Bide hori egin ondoren, orain dator ustezko tradiziozaleen azken babokeria: Donostiako Martxa San Sebastian egunean bakarrik jo omen daiteke. Hainbat elkartetan istiluak eta haserreak sortu dira horren inguruan. San Sebastian egunetik kanpo joz gero, anatema. Indar eta kemen horiek beste kontu batzuetarako gordeko balira, denontzat hobe. Hainbesteko malgutasuna eta aldaketak (askotxo artean Sarriegi bizirik zela) izan dituen abestia zergatik soilik honetan zurruntasunez erabili? Ez al du Donostiak urtean zehar bere Martxa jotzea egoki den beste egun edo egokierarik? Gipuzkoako hainbat herritan egiten da. Eta nire ustez, abuztuaren 31n, esaterako, inauteriak badatozela kantatzearen absurdoa azalekoa besterik ez da. Etorri badatozelako eta betoz behin eta berriz.

Niri, aldiz, belarrian eta gogoan mingarri zaizkit honen inguruko beste alderdi batzuk. Adibidez, azaro amaieraz geroztik, astean hainbatetan, era errepikakorrean, “San Sebastian Martxa” entzun behar izatea leku desberdinetan danborradetako beste hainbat doinurekin batera: kaian, Loiolako Erriberetan, Ategorrieta inguruan, Ibaetan, Altzan… Haurren danborren entseguak hasita daudelako ikastetxeetan. Haur gaixoak: gehienei ezinezko zaie ongi jotzea, Alderdi Ederren geldirik dauden tarteaz gainerako guztietan megafoniaren desfaseak ez dielako aukerarik ematen. Inposiblea bada ongi jotzea, zertarako hainbeste entsegu? Helburua gainera ongi pasatzea beharko litzateke izan, ez besterik. Aspaldi adierazi nion horren antolamenduan dabilen nagusietako bati nire ikusmoldea: «Arautegian jarri behar duzue hiru aldiz baino gehiago entseatzen duen danborrada debekatu egiten dela».

Eta Donostiako banderaren igoeran, izadan alegia, egiten den bezala, bi aldiz jotzea Martxa? Edo okerragoa, horren ondoren ia ordu laurdenero danborrada bana plantatzea Konstiko oholtzan eta, besteak beste, Martxa behin eta berriz jotzea? Ez da kontu barregarriagorik gehiegizko solemnitatea baino. Tartean dabilen alkohol eta droga dosi handiengatik ez balitz, inork ez luke hori onartuko. Baina pasatuta dagoen jendearen ezaugarria da txaplata nekagarriak izatea.

Denean neurria komeni da –zioen gure aitona zenak–, baita neurrian ere. Gero eta gehiago kontrakoa zabaltzen ari da gure festetan: desneurria denean, baita desneurrian ere. Inork horren kontura patrika ongi betetzen duelarik, noski.

Recherche