Ibai Alzaga Moreno
Mungiako Haizetara Kultur Elkarteko kidea

Sekula ezer gertatu ez den herrian

Balak gaztearen gorputza atzetik aurrera zeharkatu, soinean zeraman medailaren katea apurtu eta auto bat jo zuen azkenik. Lagunek, berehala, laguntza eskatu nahi izan bazuten ere, Guardia Zibilek ordubete luzez ekidin zuten, gerturatzen zena bertan akatzeko mehatxupean. Agustinek berak autoa hartu eta ospitalera eramateko aurkeztu zuen bere burua, baina alferrik.

1975ean Franco bere azkenetan bazen ere, hil arte heriotza-zigorrak indarrean jarraitu zuen, zendu baino bi hilabete lehenago Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kiderekin egin bezala. Giro politikoa nahasia zen eta errepresioa oso bortitza. Errepresio politikoa, «gatillo fácil» delakoa, Estatu terrorismoa, exekuzioak edota tortura medio, urte hartan 30 pertsona akabatu zituzten arrazoi politikoak zituen Estatu biolentziaren ondorioz.

1967tik hainbatetan bizi izan ziren salbuespen egoerak Euskal Herrian. Lege Antiterroristaren aitzakiapean poliziak eta epaileek ia edozertarako askatasuna zuten eta horrelakoetan, gutxieneko bermeak desagertu egiten ziren.

1975eko maiatzean, salbuespen egoera indarrean sartu zen beste behin Bizkaia eta Gipuzkoan. Lurralde hauekin lotutako edozein informazio «erreserbatutako materiala» izendatu zuten, Juan Mari Arregik 40 urte beranduago "Argia"n gogoratu zuen bezala.

Hala ere, protesta eta mugimenduak etengabeak izan ziren eta errepresioak goia jo zuen. Hilabete hura bukatu orduko, 10 ziren urtean hildakoak.

Ekainaren 14an, uda hastear zela, plentziar gazte talde bat Mungian zebilen euretako baten agur-afarian. Larunbata zen eta afalostean Hermanos Basozabal (egun Itxaropena) kaleko Zigor dantzalekuan jarraitu nahi izan zuten ospakizuna. Baina goizaldeko 02:00ak inguru ziren eta atea itxita aurkitu zuten. Barruan, artean, zarata entzuten zenez, ate joka hasi ziren sartzeko asmoz. Azkenean, Agustin jabea atera behar izan zen beranduegi zela eta ezin ziela sartzen utzi esateko. Baina ez zen bertaratu zen bakarra izan, zaratak erakarrita edo, paisanoz jantzitako bi Guardia Zibil ere atera hurbildu baitziren azalpen eske. Gazteetako batek, Martinek, arazorik ez zegoela erantzun bezain pronto, Guardia Zibilak kulataz buruan jo eta lurrera bota zuen zauriturik. Hidalgo Kapitainaren garaiak ziren, inguruetan jaun eta jabe zen torturatzaile ezaguna. Orduan Alfredo lagunak, erreakzio horregatik haserre, euren jarrera aurpegiratu zien Guardia Zibilei. Erantzuna tiro bat izan zen. Balak gaztearen gorputza atzetik aurrera zeharkatu, soinean zeraman medailaren katea apurtu eta auto bat jo zuen azkenik. Lagunek, berehala, laguntza eskatu nahi izan bazuten ere, Guardia Zibilek ordubete luzez ekidin zuten, gerturatzen zena bertan akatzeko mehatxupean. Agustinek berak autoa hartu eta ospitalera eramateko aurkeztu zuen bere burua, baina alferrik.

Alfredo San Sebastian Zaldivar plentziarrak emaztea eta urte erdiko umea zituen Algortan, 24 urterekin lurrean botata odolusturik hil zenean. Goizeko 04:00rak izango ziren Guardia Zibilaren jeep batek Alfredoren gorpua jaso eta zuzenean hilerrira eraman zuenean. Ordu batzuk beranduago, ordea, igande goizean, Guardia Zibila Alfredoren emaztearen etxera joan eta senarra Mungian atxiloturik zegoela esan zioten. Emazteak Mungiako koartelean izan zuen Alfredoren heriotzaren berri. Gertatutakoa jakin bezain pronto, Alfredoren ama ere koartelera gerturatu zen eta Guardia Zibilei bere semea erail izana aurpegiratu zien. Senideek ezin izan zuten gorpua ikusi eta ez zitzaion autopsiarik egin. "Cifra" albiste agentziak (garai hartan EFE agentziaren filial nazionala) bertsio ofiziala zabaldu zuen hedabideetara.«Se produjo un tumulto [...] cuando varias personas intentaban penetrar en el interior del local contra la voluntad de su propietario. [...] Una pareja de la Guardia Civil que efectuaba su servicio de paisano se acercó al grupo y tras identificación intentó restablecer el orden. Sin embargo, el grupo reaccionó violentamente, arrojando al suelo a uno de los guardias, al que causó algunas lesiones. El otro guardia, después de requerir al grupo a desistir de su actitud, se vio obligado a efectuar un disparo que hirió mortalmente a Alfredo San Sebastián Zaldívar» idatzi zuten.

Ez zen Estatuak eraildako lehena izan, ezta komunikabideek estalitako azkena ere. Hala ere, hurrengo egunetan erantzun jendetsuak izan ziren Plentzian eta Mungian. Denda eta tabernak Plentzian, eta lantegiak Mungian, itxi egin ziren astelehen hartan. Arratsaldez milaka lagun batu ziren elizkizunetan eta 10 atxiloketa burutu zituen Guardia Zibilak.

Hainbatek ez zuen herrira sartzea lortu. Apaizak gertatutakoa salatu nahi izan zuen sermoian eta erailketatzat jo zuen. Ondorengo hamarkadetan isiltasuna eta ahanztura izan dira nagusi. Alfredo San Sebastián urte hartan «gatillo fácil» horren eraginez hildako beste bat izatera pasa zen, inoiz ezer gertatu ez den herrian.

Eusko Jaurlaritzak 2012ko ekainaren 12ko 107 dekretuaren erreferentziapean aitortu zuen biktima bezala.

Recherche