Patxi Azparren
Antropologia Sozial eta kulturalean litzentziaduna

Sistema-aditua eta distopiak

Krisi sanitario larri honek ondorio latzak ekarri ditu. Ekar zitzakeen ere bestelako aldaketa positiboak. Ez da horrela suertatuko ordea, besteak beste, bozgorailua duten «adituak» ardura gehien izan duten eragileen baldarkeriak zuritzeko erabiltzen ari direlako.

Denok bizi izan dugu noizbait, Diaz de Rada antropologo sozialak ondo definitu duen sistema-adituen jokaera. Ezagunetako bat: Erakundearen Irriparra. Oso ohikoa den adibide bat jarriko dut. Banketxe batera ezohiko eragiketa bat egitera joaten garelarik, leihatilako langileak irripar zabal batez, ezinezkoa dela esango digu. Segituan on-line ala kutxazain automatikotik egiteko proposatu digu, eta gure denboraren ordu erditxo bat galdutakoan, bost euroko komisioa ordaindu ondoren, ezinezkoa zen tramite hura egina izango dugu.

Iragarkietan poz-pozik azaltzen diren aktoreek denetik saldu nahi digute. Gure onerako diren hamaika aukera eskainiko dizkigute: etxe berri bat, auto hobea, pentsio pribatua, osasun-zerbitzua, ortodontzia distiratsua, oporraldia. Gure lagunak bailiran jokatzen dute, atseginak dira, ederrak, azkarrak. Lehenengo ordainketa egindakoan, amua jandakoan, aldiz, irripar horren atzean ezkutaturik zeuden letaginak agertzen hasten dira. Lehenengo arazotxoa eduki orduko, kosk egingo digute: etxearen gainbalorazioa, mailegu aldakorra, komisio ezkutuak, bizitza osorako soka…

Sistema-adituak ederki hartu digu neurria. «Adituek» baino ezin dute konpondu beraiek sortutako arazoa, eta aditu horrek sarritan ez du aurpegirik, ez da inor, logaritmo bat omen da.

Buru-hauste hauetako batekin ari nintzela, aurrekoan, Miren Basaras birologoaren hitz batzuk ikusi nituen: «txertoak jarri nahi ez dutenen jarrera ez dut ulertzen». Miren Basaras oso ezaguna egin da azkeneko urte honetan, beti neurri zorrotzenak ezarri nahi dituztenekin lerrotu delako, eta beti, horiexek Basarasez baliatu dira euren erabaki irmoenak justifikatzeko.

Esaten zuten bezain eraginkorra ez den txertoa jarrita badut ere, niri behintzat iraingarria iruditu zait «ez dut ulertzen « hori. Batik bat «aditu» gisa mintzo den pertsona baten ahotik. Hori irakurtzean, bi zalantzak sortzen zaizkit, hots, Basaras andreak ez du gaitasunik pertsonen sentimenduak eta beldurrak ulertzeko, eta hortaz ez ditu «adituen» taldean sartzeko baldintzak betetzen; ala Miren iraindu nahi ditu txertoak jarri ez dituztenak, berekoiak ala inozoak deitzen, aginduak betetzen ez dituztenak babaloreen baratzean kokatuz.

Baina Miren Basaren pasadizo hau, joera orokor baten adierazle baino ez da. Egungo sistema beste arlotan erabiltzen ari den «Sistema-adituaren» jokaera maisuki erabili baitu pairatzen ari garen krisi sanitario eta sozialean.

Sistema-adituen bozeramaileek gertaeren ikuspegi bakarra azpimarratzen duten aditu bakoitzari dagokion esparrua, alegia. Esparru horietan adituen diren neurrian, euren hitzak ezin dira zalantzan jarri. Zalantzan jartzen duena burutik egina dago edota harrokeriak jota dago. Trebea da gero, noski, Sistema-aditua; aditu horiek botatzen dituzten datuak egiazko datuak izan daitezke eta. Aldiz, adituen datuen zaparrada horrek badu zeregina, ikuspegi osoa, holistikoa, lausotzea. Muina ezkutatzea, bestelako arazoak baztertzea, bestelako iritziak bekatuen mundura erbesteratzea.

Sistema aditua dugu sistema holistikoaren arerioa. Bigarrena, gertaerak modu orokorrean ulertzeko baliabideak eman nahi dituen jokabidea da. Hau da, herritarrak pertsona heldu, arduratsu, ahaldundu eta aske gisa tratatzen dituena.

Krisi sanitario larri honek ondorio latzak ekarri ditu: hildako kopuru izugarria, krisi ekonomiko sakona, gaixotasun mental andana, mesfidantza, paranoiak, kontrol soziala. Ekar zitzakeen ere bestelako aldaketa positiboak: elkartasuna, zerbitzu publikoen berrindartzea, deshazkundea, jokaera arduratsua. Ez da horrela suertatuko ordea, besteak beste, bozgorailua duten «adituak» ardura gehien izan duten eragileen baldarkeriak zuritzeko erabiltzen ari direlako. Pertsona aske gisa erabaki zentzudunenak hartzeko eskubidea ukatu nahi digutelako. Erabakiaren monopolioa «logaritmo» bati eman behar diogulako. Utopia berdintzaile eta askatzaileak distopiaz ito nahi dituztelako.

Recherche