Joseba Aurkenerena

Sohütako maskaradak eta bühamina paregabeak

Iragan urtarrilaren 17tik maskaradak iragaiten ari dira Xiberoako herri anitzetan. Lehen emanaldia Sohütan eman zuten. Aurkenerenak herriko maskaraden lehen emanaldiari buruz idatzi du, zuzeneko kontakizuna eginez eta aurtengo berezitasuna azpimarratuz. "Biba Sohütako maskaradak! Biba bühaminak eta biba sohütar gazteak!", gisa horretan animatuz bukatu du bere testua.

Urtarrilaren 16a, igandea, Sohütako lehen maskaradaren eguna. Sohüta, garai bateko Soroeta, Maule ondoan dago. Karrika bat iragaitea aski da Zuberoako hiriburutik Sohütara pasatzeko. Biztanle kopuruari dagokionez, gaurko Sohüta Zuberoako bigarren herria da, 1200 bizilagun inguru dituela. Maule-Lextarrek, berriz, 3.400 biztanle inguru ditu. Sohüta udalerria dugu, baina baita Mauleren luzapen naturala ere, eta bertara joan dira bizitzera Maulen etxea atxiki ez duten gazte ugari. Sohütan dago, bestalde, ikastola eta horrek ere nolabaiteko bultzada ematen dio.

    2003an maskarada arrakastatsua jokatu zuten, eta hamahiru urte berantago, beste maskarada berezi-berezi batekin itzuli zaizkigu. Sohüta herri pastoral-zalea dugu. 1927an bi pastoral jokatu zituzten, Pette (Leon) Salaber-ek idatziriko "San Andres" izenekoa eta J.P.Hegiaphal-ek idatziriko "Napoleon" izena zuena. 1954an "Eüskaldunak Ibañetan" jokatu zuten, 1984an "Aimonen lau semeak" izenekoa, 2001ean, Jean Louis Davantek idatziriko "Xiberoko makia" eta 2013an pastoral-idazle berberak idatziriko "René Cassin" ospetsua.

    Aurtengo maskarada, lehen aipatu bezala, berezi-berezia dugu, biziki mutil gutxi duena, eta neskei esker aitzina atera dena. Bühamerik ez zegoenez gero, neskek ordezkatu behar izan dituzte eta Zuberoako maskaraden historian lehen  aldiz, bühaminak izan dira maskarada nolabait gidatu eta bideratu dutenak.

    Hasieran, erran dudan bezala, urtarrilaren 16an izan zen Sohütako lehen maskarada. Hotza azaldu berria zen eta Zuberoako borthüak elurrez estalirik zeuden. Goizeko 10etan izan zen lehen barrikada-haüstea Bidart auzotegiko plazatxoan. Hiru musikarik giroa alaitu zuten, Mattin eta Beñüet Agor anaiek –lehena xirulaz eta tabalaz bigarrena—eta Johaine Etxebest xirulariak. Segidan aitzindariak, bühaminak, kaütherak,… herritarrak eta hurbildutako gainerako guztiak. Berehala Battitta Berrogainek ondutako lehen bertseta entzun genuen: Agür, agür Sohüta eta sohütarrak / ürtatsez horra dira maskada denbora / goraintzi beroenak ere eskentzera / algarreki gozatzeko, ihaute xüharrak.

Aurtengo maskarada jadanik hasia zen. Osora zazpi barrikada izan ziren: Bidart auzotegikoaz gain, Saihestokin, karrikan, herriko etxean, ikastolan, herriko gazteen mahaia eta pastoral-komitearena.

Horra hor, herriko etxean, mahaia zuzentzen zuen herriko auzapez anderearen aitzinean abestu zituzten bi bertsetak: Andere auzapeza, kontseiluko jaun-andere / agürtzen zütiegü denak gogo hunez / Sohüta herriaren kargüdün zidie / herri batarzünaren ardüradün ere /// Geroago ederrago ageri bürgia / bozkatü beitüzie sos ezarte handiak / ez ahatze halere, gaineko kartielak / pakatzen beitütie, haik ere ber legarrak.

Ikastolaren barrikada iristean, andereño zaharrak izan zituzten gogoan. Ikus ditzagun Battitta Berrogainek egin hiru bertsetak: Agür andereñoak, gazte ta xaharrak / ikasle, lagüntzale, büraso güziak / herri ama eskola, Eperra ikastola / segürki heben dira biharko kabanak. /// Gütarik hanitx gira, heben handitürik / oroitzapen gosoak eskolan sortürik / Odette, Annie, Margarita, Solange, Xantiana / zien artin gozatü gure haürtarzüna. /// Balizate maskadarik eüskaldünik gabe / bai eta eüskaldünik ikastola gabe / Pitxu hiltzen denian, berpizten halere / Eperra da Sohütan eüskararen pizle.

Ondoren, herriko gazteen barrikadara pasatu ginen denok. Maleruski hor baziren hainbat gazte erdaldun. Horrelako bertseta luzatu zieten: Sohütako gazteak, vous êtes au rendez-vous / normalki da eüskaraz, bertseta devant vous / züentan eüskaldünik, ez da heben beaucoup / ordüan erdi frantsesez idatzirik por vous.

Eta azkenik, gazteen barrikadatik abiatuta, pastoral-egileen komitearen barrikadara iragan ginen. Hantxe entzun genuen goiz hartan jaurti zuten azken bertseta: Sohütak beti danik üsantxer lotürik / pastoral hanitx eginik eta zoin ederrik / agürtzen zütiegü, errespetüz beterik, / goraintzi beroenak gure adiskiderik.

Goizeko azken barrikada ezohikoa izan zen, eta xorrotxen ordez atera ziren neskatila artzainak han ibili ziren ardiak zaintzen; hartza, bitartean, gertu ibili zitzaien saio osoan zehar.

Bazkari tenorea iritsi zelarik, bakoitza bere etxera erretiratu zen. Lagunak eta nik, autoaren gerizpean bazkaldu genuen eta kafe goxo-goxoa Allande Errezarret adiskidearen etxean dastatu genuen. Han izan ginen solas ederrean Allande eta Sara senar-emazte gazteekin eta baita Eloisa eta Andu seme-alaba miresgarriekin ere. Hauei ere, noizbait, maskaradan parte hartzeko tenorea iritsiko zaie, dudarik gabe.

3,30etan, puntu-puntuan, arratsaldeko saioa hasi zen herriko arrabotian. Jokoa eta dantzak bereziak izan ziren. Aintzina-pika, gabota, brailia, godalet-dantza… Brailia, adibidez, aitzindariek bakarrik dantzatu zuten, inolako jenderik gabe, eta biziki joko berezia eginez. Ber gauza gertatu zen godalet-dantzarekin. Dantzariak biziki onak ziren, baita kantoreetan aritu zirenak ere.

Bühaminek lan handia eta ederra egin zuten arren, ohikoan mutilek egiten dituzten balentrien hutsunea nabari zen. Normala zen, lehen aldia baitzen neskek horrelako bat gainean hartzen zutela, eta gainera, hantxe ziren ikusle eta entzule heien aita-amak, aitañi-amañiak, adiskideak eta gainerako herritarrak. Ez zen, beraz, bat ere erraza izan neska bühaminentzat, baina hori dena kontutan hartuta, heien jarduera duintasun osoz bete zutela erranen nuke nik. Hurrengo igandeetako maskaradetan ildo berriak zabalduko dituztelakoan nago, hau da, ardo onaren antzera, onduko direla uste dut nik.

Arratsaldeko 6etarako, iluntzen hasia zenean, bukatu zen dena. Nik Pitxuren testamentüaren falta sumatu nuen. Ondoren muñeinak eta aintzina-pika dantzara sartu nahi izan zuten guztiendako.

Ezohiko maskarada, zalantzarik gabe, baina merezimendu handia duena, Sohütako gazteak  --eta gehien bat neskak—maskarada antolatzeko eta jokatzeko gai izan baitira, eta ez da gutti, gaurko gazteen arteko egoera negargarria ikusita. Biba Sohütako maskaradak! Biba bühaminak eta biba sohütar gazteak!

Recherche