Ezker Abertzaleko militantea
Sorgin ehiza

Lau gizaldi hauetan Pierre De Lancre asko ezagutu ditugu Euskal Herriko herritarrok. Izan ere, askatasunaren prezioa beti da ordain handia

08/06/2019

Edozein herritako bizitzaren berri, era askotara heltzen zaigu. Euskal Herriak egindako ibilbidearen berri ere, era askotara jasotzen dugu: historialarien bidez, baita kontalari, bertsolari, kantari, olerkari, antzerkigile, dantzari, komikilari, zinemagileengandik ere.  Arlo hauek eta askoz gehiagok osatzen dute herrien kultura, eta, hartutako iturrien arabera kontatzen digute gehienetan Euskal Herriaren antzinako historia. Hain zuzen, kontalaria edozein izanda ere, interes zuzen bat duenez, gertakari berak kontakizun kontrajarriak sortzen ditu.

Horregatik, errazena zaigu aspaldiko gertaerak begi aurrean jartzea, eta ez gaurkoak. Urruntasunak berez duen misterioaz baliatuz, sinesgaitza sinesgarri bihurtuz gaurko gizartean. Gehienetan konturatu gabe, historia edota istorioa bera mila bider errepikatzen dela herri baten ibilbide luzean, urteak mendeak bihurturik, eta inoiz hurbil ez balego bezala kontatua beti.

Pierre De Lancren historia beltza azpimarratuz dabiltza gaurko zinemagileek. Bordelen jaioa (1553-1631), legelari zorrotz eta goi funtzionario ezaguna, frantziar errege Enrike IV.ak Estatu Kontseiluko kide izendatua. Bada, epaile guztiz ahaltsu honen eskutik, duela 400 urte “sorginkeria” aitzakiatzat harturik, Sarako herritarrak atxilotu, torturatu errudun bihurtu arte, txikitu eta zikiratuak izan ziren, epaitu eta hilak ere bai. Lapurdi osoko kontaketan, 200 euskal herritar goitik, haurrak barne erail zituen Enrike IV.aren aginduak. Bere homonimo espainiarra, Felipe III.a, Zugarramurdiko gertaeretan hurbil ibili zitzaion, Logroñoraino torturaz hilik zirenak epaitzera eramanak... Beti asmo berarekin: nor zen agintzen zuena zeruan eta lurrean. Sorginkeria deabruaren kontua. Tortura aingeruena.

Lau gizaldi hauetan Pierre De Lancre asko ezagutu ditugu Euskal Herriko herritarrok. Izan ere, askatasunaren prezioa beti da ordain handia, baina lortzeko bidea altxorra da askatzailearentzat. Hori kontuan izaten dut beti!

Irailaren 16an, garai batean Inkisizio Santuak egin antzera, Auzitegi Nazionalak 47 herritar epaituko ditu Espainiako erresuman, Felipe VII.a buru delarik, laguntza juridiko eta psikologikoa euskal preso politikoei emateagatik. Kartzela zigor eskaerak handiak dira, baita ekonomikoak ere.

Lagunok, bihotza uzkurturik esan behar dizuet zein hurbil egiten zaidan historia hau, ezaguna baitugu euskaldunok, betikoa. Eta, historia hurbil honek ez du inolako xarmarik, ezta misteriorik ere, ikusten denez. Ez da deigarria historialarientzat, ezta idazle eta zinemagileentzat ere. Kazetariek beste edozein gertaera arrunt gisa zabaltzen dute berria. Hain da entzuna bere doinua... bada, arrosario edo mantraren antzera hartzen da egun. Historikoa da gure kemena, ez al duzue uste? Iraun handikoak gara!

Mendeko behar gaituzte beren ezintasunaren mailua gure buru gainean senti dezagun. Baina ez dute adierazi nahi gizarte osoaren begi bistan dagoena: aro berri honetako sorgin ehiza hasi dutela, eta badakigula. Aginte itsu, irteerarik gabeko honi garbi utzi behar diogu, sorginkeria zabaltzen doala, gero eta sorgin gehiago garela askatasun egarriz!

Gure erantzuna honakoa: gaurko sorginkeriak irabaziko du!

Articles
Jonathan Martínez
22/09/2019
Iñaki Egaña
21/09/2019
Víctor Moreno
20/09/2019
Txema Mendibil
20/09/2019
Lettres
Maddi Beguiristain Garaikoetxea
21/09/2019
Brenda Cusipuma Cayo
21/09/2019
Alba Martín
21/09/2019
Manu Ballesteros
19/09/2019