Spaerma
Koldo Almandozen “Spa zirku(ito)a” (Gaur8 14/02/08) artikulu ederra irakurri nuenean, jarraian doazen anekdota eta txisteetako batzuk trukatu nituen Koldorekin eta, jakina den arren onak ez direla, haren artikuluari bigarren partea eransteko gogoa piztu zitzaidan.
Izan ere, Groupon, Let’s Bonus eta antzekoek saltzen dizkiguten kupoi, eskaintza eta abarrak kontsumitu izan ditugu gehienok eta grazia egin dit ikusteak nola bat egiten duten aberats izateko gure fantasiekin. Pobreentzako luxuak dira, aberats izango ez garenez eta aberats izatetik oso urrun egongo garenez beti, gure klase kontraesanen aurka ur azpitik datozen torpedo terapeutikoak.
(Excursoa: Hala ere, batzuek bederen geure buruari galdetu beharko genioke benetan aberats izan nahi ote dugun, izan ere, susmoa dut hamaika garela horrelako lekuetara promozioaren azken egunean joaten garenak «gaur azken eguna da, balio du, ezta?» galdera ahotan. Oraintsu 30 urte hildako Cortazar handiak zioenez, erloju bat oparitzen dizunak infernu loretsu bat oparitzen dizu. Batzuoi bale bat oparitzen digunak, gure deskalabruentzako ispilua ematen digu).
Nolanahi ere, bistan dago horrelakoek gure desio proletario lizunenekin bat egiten dutela, alegia, spa zirkuituek badutela zerbait likitsetik. Bikoteek, bikote-nahiek edo azkenetan dauden bikoteek begiko duten planetariko bat da. Beste kontu bat da fantasia horiek zer-nolako formak hartu ohi dituzten. Gogoan dut lagun batzuk hotel batera jacuzzi pribatuaren fantasia pornoa bizitzera joan zirela eta desengainuaren kronika egin zigutela gero: xanpaina berotuta, erosotasuna oso mugatua eta amaitu osteko zigarrotxoa ezinezkoa burbuilak zirela eta. Baina fantasia existitu egiten da, spa batzuek hartzen dituzten neurriak testigu. Beste lagun batzuk bono “completo” batekin spa batera joan ziren, eta haien gozamenerako zeukaten jacuzzira heldu zirelarik, kamera nabarmen baten parean honako kartela aurkitu zuten: «Este jacuzzi es vigilado mediante videovigilancia. Está prohibido practicar sexo en el mismo. A la pareja que se le sorprenda practicándolo se le cobrará el coste de cambiar el agua: 600 €». Beraz, Koldok iradoki zidanez: bi pertsonarentzako spa zirkuituaren txartela, 100 euro; jacuzziaren ura aldatzea, 600 euro; azalean auzokoaren txorrotada ote daramazun zalantza… ez dauka preziorik.
Zer esango dut nik, ni neu spa batean isuritakoa izaki. Ronhaldinoren pin-pana baino disimulu handiagoz, ia tantrikoa litzatekeen mantsotasun eta kontzentrazioarekin, baina, bai, mea culpa, aizu (edo mea pulpa). Kasu honetan, pentsatu nahi dut (giza zuribideen misterioak) ekintzak bazeukala klase gorrototik, Euskal Herriko sparik ezagunenetako eta garestienetakoan egin bainuen. Izorrai! Ez pentsa zure spa ezaguna, kalitatezkoa edo garestia izateagatik dagokizun zurrustaz libratuko zarenik.
Izan ere, harro erakusten dituzte negozio hauek haien aberats eta aberats nahientzako eskaintza terapeutiko oparoak, masajerik exotikoenak eta tratamendu bitxienak, munduko txoko urrunenetatik ekarritako produktuekin eginak: «Envoltura con algas. Envoltura con chocolate. Envoltura con barros del mar muerto». Bada, zintzoagoak izango balira, aitortuko lukete gehienetan zirkuituaren prezioan debalde datorrena «Envoltura con leche de tupalo» dela.
Pentsatzen hasita nago zirkuituen amaieran ez luketela egon behar kontraste dutxa deritzoten horiek, baizik eta erradiazioa deskutsatzeko erabiltzen diren dutxak. Azalak sufritu egingo luke, baina gutxienez ez genuke etxera eramango espermak ur berotan sortzen duen Superglue likatsu hori.
Beharbada, spak pobreen esku geratu diren luxuzko produktuak diren neurrian, hobe genuke haietara joaten jarraitzea egiten dugun horretan askorik pentsatu gabe. Ez pentsatu igeritokira usu doan zure bizilagunak zer egin duen, egin duen horrek gaixotasunik izango duen… ez pentsatu zer dagoen uretan, open your mind and… be water, my friend.