Tamainaren garrantzia eta gimnasio zonbiak
Gimnasioan hasi naiz. Berriro. Duela bost bat urte, kirol sukarrak harrapatuta, astean hiru edo lautan joaten nintzen auzoko polikiroldegira. Gimnasio aretoa eta igerilekua bihurtu ziren nire eguerdietako babesleku. Neguko gaixotasuna izaten da. Neguaren iraganarekin bat sukarra arintzen doa eta udaberri parterako diru-zorrotik desagertu egiten da kirol txartela.
Kirol txartela diru-zorroko bere negu kanpalekura itzuli da. Mens sana ez daukadanez, corpore ahalik eta sanoena izateko promesa egin diot nire buruari. Beste behin. “Katxas” jarriko naiz. Tamainak ez duela inporta esatea oso ongi geratzen delako baina guztiok dakigulako ez dela egia. Tamainak eta zabalerak badu garrantzia. Ikusi bestela Fagor. Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak... guztiak dabiltza enpresa handi horren suizidioa ekiditeko ahaleginetan. Duela ez hainbeste, muskulua galtzen ari zela ikusi eta anabolizanteak sartu zizkioten, baina jakin beharko lukete, egunero entrenatu ezean, dopinak ez duela ezertarako balio.
Enpresa txikientzat, ordea, ez dago dopin publikorik. Txikiek eta meharrek ez dute inoren begirunerik merezi. Eredu bakarra jarraitzen da gaur egun lan munduan: irabazietan patroi eta galeretan sindikalista. Eta lelo horrek guztientzat balio du. Enpresa txikiek ez dute politikaririk edo komunikabiderik alboan izaten ateak betiko ixten dituztenean. Tamainak inporta du, horixe inporta duela!
Gimnasiora itzuli naiz eta berehala igarri dut bertoko fauna. Ispiluari begira, beren gorputzarekin larrua jotzen ariko balira bezala portatzen direnak. Muskuluek eta alopeziak erlazio zuzena dutela konturatu al zarete? Burusoil geratu ahala muskulua irabazten du gizonezko askok, nolabaiteko konpentsazio lege bat existituko balitz bezala. Emakumeen artean gehien atsegin ditudanak aerobik irakasle itxurakoak dira. Haurtzaroan speed eltzean erori eta azala beti beltzarana duten jainkosa horiek.
Kamera geldoan ariketak egitera gerturatzen diren gizon eta emakume jubilatuen estilo eta mania partikularrei begira liluratuta geratzen naiz. Buruan komuneko paperez eginiko zinta jartzen duena, zapatilen lokarria orkatilari buelta emanaz lotzen duena, beti kamiseta berdinarekin azaltzen dena, galtza motzak besaperaino igotzen dituena...
Azken bost urte hauetan berrikuntzak izan direla jabetu naiz. Muskuluak lantzeko asmoarekin Justin Bieber itxurako gaztetxo gehiago azaltzen da gimnasiotik. Baina gehien harritu nauena beste zerbait da. Bost urte eskasetan gertatu den aldaketa nabarmen bat: isiltasuna.
Isiltasuna da nagusi gimnasioan. Bizikleta, lasterka egiteko zinta eta eliptikoetako erabiltzaileak paretetan jarri dituzten pantailei so daude. Muskulazio makinetan daudenen gehiengoak, gerrian edo besoan telefonoa darama gomazko banda ergonomiko batekin itsatsita. Eta telefonoetatik, kaskoak zuzenean belarrietara. Inork ez du ezer esaten. Gimnasiora joatea “Black Mirror” telesaileko atal batean barneratzea bezalakoxea da: kaloriak erre eta muskuluak zigortu belarrietatik kable batzuk agerian dituzula.
Nire asmoa, hilabete gutxi batzuetan New Yorkeko Euskal Etxeko presidente ohiaren moduko “harri” gorputza izatea zen. EAJko hainbaten masturbazio ezkutu eta erruduna elikatzeko moduko gorputza lortzea. Baina zail ikusten dut erronka. Berez ere munduko gauzarik entretenigarriena ez den gimnasioak, egun, eliza dirudi. Egia esatea nahi baduzue, faltan botatzen ditut garai batean entzuten nituen elkarrizketak. Hitz-aspertu basati eta politikoki ez zuzenak. Aldageletako oilar borrokak. Sexua, gezurrak eta hankarteko ile kiribilak. Gorila hutsak gineneko garaiaren nostalgia dut. Nahiago ergelkeria oihan hura egungo giro aseptiko eta isila baino. Gimnasioko txuloputak gimnasioko zonbi bihurtu gara.