Imanol Galfarsoro Madariaga
Soziologoan doktorea

Tarsoko Sauloren orkestra polifonikoa (I)

Unibertsaltasuna, interesatzen zaiguna, borroka zehatzen, asmakizun kolektiboen eta gure existentziaren baldintzak aldatzeko saiakera historikoen lohi eta lehia testuinguruetan forjatzen da.
Baina unibertsaltasunaren kontzeptua ez da inoiz era uniforme edo harmonikoan garatu. Izan ere, Mendebaldeko pentsamenduan jatorriko arrakala batera jo behar dugu, hasieratik bereizi ziren-eta bi modu bateraezin: arkitektura arrazionalaren objektu den unibertsaltasuna, batetik; eta subjektuak bultzatutako ekintza den unibertsaltasuna, bestetik. Arrakala hori bi figura historiko ezagun bata bestearen parean, are aurka ezarriz, argitzen da: Tales Miletokoa vs. Saulo Tarsokoa. 

Mendebaldeko filosofian, Tales Miletokoa santutu izan da, mitotik at logosa eta kosmosaren azalpen unibertsala aurkitu zituelakoan. Baina jaiotza filosofiko hori ezin da bere baldintza materialetatik bereizi. Tales ez zen aszeta bat; oso merkatari arrakastatsua izan zen, eta olio errotak monopolizatuz aberastu zen. Beraz, espekulazio filosofikoa eta finantzarioa pertsona berean batu zituen. 

Talesen unibertsaltasuna objektuari bideratutako unibertsaltasuna da. Mundua gobernatzen duen ordena egonkorra aurkitzea du helburu. Baina arrazoi hotz horrek jatorrizko trauma bat ezkutatzen du. Talesek zorteari eskerrak ematen zizkion hiru muga hauengatik: gizaki jaiotzeagatik eta ez piztia; gizonezko jaiotzeagatik eta ez emakumezko; greziar jaiotzeagatik eta ez barbaro. 

Hori ez da pasadizo historiko soil bat; Mendebaldeko logosaren diseinu estrukturala baizik. Talesen unibertsaltasuna bazterketa bortitz batez eraikitako eliteko klub batena da, gizaki razionala ez-denarekin definitzen duena: ez da animalia, ez da emakumea, ez da barbaroa. 

Gaur egungo estatu neoliberaleraino iritsi den unibertsaltasun eredu horrek paretak eraikiz funtzionatzen du. Bere arrazoi-irizpideak objektibo eta neutraltzat jotzen dira, baina kanpoko subjektuari −barbaroari, kolonizatuari, azpikoari− bere berezitasuna alboratzea eta «greziar» eredu patriarkalera asimilatzea eskatzen dio, gizakitzat hartua izateko. Lerrokatze-unibertsaltasun bat da: ez bazara ezarritako ordenaren neurri geometrikoetan sartzen, kanpora zaude. Ez du ezberdintasuna jasaten. Ez du politika eraldatzaileak garatzeko aukerarik sortzen. 

Horretarako, filosofia klasikotik urrundu eta Paulo Tarsokoak hasitako etenaldia behatu behar da. Galaziarrei adierazpen ezagunean, Saulok Talesen eredua birrindu zuen: «Ez dago ez judurik ez greziarrik, ez dago ez morroirik ez gizon liberaturik, ez dago ez gizonezko ez emakumezko; denak bat baitzarete Kristo Jesusengan». Kolpe bakar batez, bere munduko zatiketa ofizialak desmuntatu zituen: kultural-erlijiosoa (judaizazio/greziartasun), ekonomiko-juridikoa (esklabo/aske) eta biologiko-patriarkala (emakume/gizon). 

Garrantzitsuena, ordea: Sauloren deklarazioa ez da ezberdintasunen ezeztatze baboso bat. «Ez judurik ez greziarrik» esateak ez du esan nahi greziera desagertzen denik edo anatomia ezberdintasunak ezabatzen direnik. Saulok badaki ezberdintasun horiek munduko substantzia materiala direla. Bere urrats erradikala ezberdintasun kultural horiek politikaren egiaren aurrean indiferenteak direla deklaratzea da. 

Hortaz, galdera erabat aldatzen da. Unibertsalak ez du Estatuaren galdera administratiboa egiten: «Zein identitate daukazu?». Aitzitik galdetzen du: «Zein egia-prozesutan parte hartzea aukeratzen duzu politikoki?» Unibertsalak ez du gure berezitasuna suntsitzea eskatzen; gure berezitasunak, berez, subjektu politiko gisa aritzeko gaitasuna ez baztertzea baizik. 

Recherche