Inaxio Mendizabal

Torturaren biktimen alde Eusko Jaurlaritzak Bilbon antolatu ekitaldiaren harira

Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko eguna izenarekin gaur Bilbon Eusko Jaurlaritzak ekitaldia antolatu izana urrats bat da, norabide onean doan urratsa. Eta horretxegatik, txalotzekoa! Urte askoan, hamarkada luzetan egon baita hemen tortura ukatua!

Komisaldegitako tratu txarrak salatzea ETAk emandako kontsignarekin jokatzea zela lotsagabeki aldarrikatuz. Edota, ez konfiantzazko abokaturik, ez medikurik... testigu izan zitekeen edonori sarrera debekatuz, atxiloaldi osoan bakar bakarrik beraien eskutan nahi zuten guztia eginez eduki zaituztenean, handik aterata salaketa egitea okurritzen bazitzaizun berriz, salaketa faltsua jartzen ari zarela eta kereila bat jartzearekin mehatxatuz!

Tortura, modu basatian, salbajeki eta sistematikoki erabilia izan da hemen, torturatzaileak inpunitate osoa izan duelarik.

Bakarren batzuk aztarna gehiegi bistan uzteagatik kondenatuak izan direnetan ere indultatuak izan dira bizkor, eta medailak ondoren. Hildakoak ere badira torturapean. Bizi osorako markatuta geratu direnak ere bai, fisikoki edota psikologikoki.

Orain, Arantzadi Elkarteko profesionalen lan eskergari esker zientifikoki frogatutzat ematen ari da milaka pertsona torturatua izan denaren egiazkotasuna. Eta jakitun gaude gehiago direla egin ziotena kontatzen hasteko ere ausardiarik gabe geratuak.

Baina, gertatzen dena da Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak bezalaxe, EAEko Gobernuaren mandatupean ari diren ertzainek ere torturatu egin dutela hemen. Ehundaka dira dagoeneko Aranzadik frogatutzat eman dituen tortura kasuak. Non dira delitu horren egileak, konplizeak, kolaboratzaileak, arduradun politikoak?

Denok dakigu komisaldegietan ankerkeriarik gertatzea ezinezko egiteko zeintzuk diren hartu edo jarri beharreko bitartekoak. Baina, bestaldera begiratu du askok. Gehiegik! Hala komeni zitzaielako! Gertakari horiek burutu zitezen bultzatzaile izan ez direnean, isilik geratuz edo praktika horiek inbestigatzea oztopatuz derrigorrezko kolaboratzaile izaera hartzen dute, beraiek beste aldekoei ETAren ekintzekiko egozten dieten gisa berean Eta noski: gizateriaren aurkako krimentzat dauka tortura, Nazioarteko legediak. Eta preskribatzen ez den delitutzat, honetatik ondorioztatzen den guztiarekin.

Hemen galdera zehatz bat da egin beharrekoa: zergatik torturatu da?

Eta ezbairik gabeko erantzun zuzena honako hau da: hemen gatazka politiko bat egon delako eta dagoelako oraino, eta zapaldua eta ukatua dagoen nazio bat dagoelako hemen. Eta ukapen horren aurka modu askotako borrokak altxatu dira.

Bi fronte dauzkagu, beraz: euskal nazio izaeraren ukapenari eusten diona, bata, eta nazio batek aurrera egiteko beharrezko dituen instrumentu politiko eta juridikoak berreskuratzeko borrokatzen duena, bestea.

Borroka horretatik sufrikario latzak etorri dira bi aldetakoentzat. Alde batek utzi zion sufriarazteari, borroka armatuari amaiera emanez, bide demokratikoetatik soilik jokatzeko hautua eginez. Baina beste aldeak ukazioari eutsiz jarraitzen du, gatazka mantenduz, eta urte luzetako kartzela zigorrei jarraipena emanez sufrikarioa areagotuz. Beraien aldeko inor ez dago egin dituzten delituengatik preso egun.

Ordua da Nazio aitortza egin eta bere alde borrokatu dutenak, presoak eta iheslariak denak, libro jar daitezen eta behingoz etxera itzuli, gure gizarteari elkarbizitzarako hesiak irekiz.

Horretarako Espainiako kongresuan itxaropen leiho bat zabaldu da lurraldetasunari buruzko eztabaidari bidea ireki zaiolako. Eta beraz, EAEko Gobernu berriak aukera paregabea dauka Legebiltzarrean erabakitzearen eta subirautzaren alde sekulan egon ez den gehiengo zabalaz baliaturik, eta inori beto eskubidea utzi gabe (Gobernuak daukan baino gehiengo handiago dago hor), Nafarroa Garaiarekin bat, HERRI bezala Espainiako Gobernuarekin berdintasunean negoziatu eta Euskal Nazioak estatus berria erdiesteko, denborarik galdu gabe.

Komunitate honek hil ala biziko bi ataka gaizto baititu gailendu beharrekoak, bizi-iraun nahi badu:

Bata da, digitalizazioaren garai berri honetan, Euskara ez dakien biztanlegoari jatorri askotariko etorkin kopurua gehitzen zaiolarik, herri kohesiorako euskara ardatz duen hizkuntz politikak behar direla aplikatu eta politika horiek guk behar ditugula hemen erabaki. hori ez egitean, ziurra baita oso epe motzean euskarak ez duela presentziarik izango eta desagertu egingo litzatekeela

Beste ataka gaiztoa, klima aldaketak gizadiak planetan beharrezko dituen baldintzekin amaituko duela uste baino epe motzagoan, ez baditugu bizkor gaur egungo produkzio eta kontsumo moldeak erradikalki eraldatzen.

Eta birmoldaketa integral hori aurrera eramateko, eta aldatu beharreko ohiturak aldatuz joateko, bertako premiak aztertu eta lehenetsiz, Gizarte eta Ekonomia politikak erabakitzeko eskumenak ere hemen egon behar dutelako.

Hori da daukagun apustua! Denok hobeto bizitzekoa! Hori litzateke torturatuentzat omenaldirik onena! Ez denborarik galdu! Aitzina! Gora Euskal Herria askatuta!

Recherche