Tximinia
Oso adierazgarria izan zen fumatako tximinia. Eta ez hainbeste tximinia bera, baizik eta ehunka milioi pertsonak egunak eman izana, kearen zain, tximinia bati begira: hodi horrek itzalaldiari, Europa Leagueri, muga-zergei eta Peinado epaileari ere protagonismoa kendu zien. Gainerako albisteak baztertu zituen. Dena bertan behera geratu zen, latinez egiten duten agure taldekideen ke-seinaleen zain geunden eta. Erritu honek daukan erantzunak, ohikune honek daukan eraginak, gogoeta pare bat −behintzat− sorrarazi dit:
Lehenengoa. Teknologikoki hiperkomunikatuta dagoen munduan norbaitek mezu bat bidaltzeko ke-seinaleak aukeratzea oso esanguratsua da: behin baino gehiagotan, benetan helarazi nahi dugun mezua horretarako erabiltzen dugun tresna edota euskarria da. Esate baterako: printzipioz, ez genuke Signal txat bat erabiliko Yemenen kontrako bonbardaketa bat antolatzeko. Eta erabiltzekotan, ez genuke sorturiko taldean parte hartzera ezezagunik gonbidatuko. Estatu batek mezularitza-zerbitzu hori erabiltzea askoz esanguratsuagoa da bertan kontatzen zena baino: Yemenek bost axola diola.
Kearekin antzeko zerbait gertatzen da: mezu nagusia, «habemus papam»-etik haratago doa: ke horrek Eliza beste garai batean mugitzen dela −edo geldirik dagoela− jakinarazten digu; are gehiago, jakinarazpen horren benetako hartzailea Zerua dela; ez digutela guri luzatzen. Oso nabarmena da, halaber, komunikazio-prozesu hori, fumata erabat analogiko hori, milioika telefono adimendunek grabatu izana eta smartphone horiek albistea di-da batean bost kontinenteetara helarazi izana. Bat-batekotasun hori: instituzioaren erritmo motela eta bideratu nahi duen gizartearen arintasunaren arteko kontraesana.
Bigarrena. Jendea gero eta gutxiago joaten da elizara, baina amore ematen du haren liturgiaren aurrean, Aste Santuko prozesioen eta kardinalen desfilearen aurrean edo pontifize berri bat dugula baieztatzen duen kebide horren aurrean. Vatikanoari −espazio berezi bat, non lurtarrek eta jainkotiarrek bat egiten duten− bere botere mediatikoa, bere fotogenia errekonozitu behar zaio: Edward Berger zinema zuzendaria ohartu zen. “Cónclave” filmeko plano batzuk egun hauetan filmatuak izan zirela dirudi. Bestalde, telebistak erakutsiriko pasadizo ugarik pelikula horretatik harturikoak ematen dute. Filmak oso gertutik jarraitzen dio munduko erritual sekretu eta zaharrenetako horri: Aita Santuaren hautaketari, hain zuzen. 120 milioi dolar bildu zituen... Ez da harritzekoa ere, filmez gain, dozenaka eleberri ere idatzi izana fikzio erreal hori, fikziozko errealitate hori, laburbiltzen duten bestseller-ek: Matilde Asensiren “El último Catón”; Donato Carrisiren “El maestro de las sombras”, non, bide batez, Leon X.a agertzen den; Dan Brownen “Ángeles y demonios”...
Azken hautaketa honetan, adimen artifizialaren etorrerarekin, Grok-ek, ChatGPTk, Sorak, Runwayk, Filmorak eta Deep Seek-ek askoz harago eraman gaituzte; imajinaezina zena erreal bihurtu dugu: tximiniatik kolore guztietako kea atera da; bertatik Kapera Sistinoan sartu gara eta kardinalak orgian harrapatu ditugu. Donald Trumpek berak aurkeztu eta izendatu du bere burua...
Ez, ez hainbeste tximinia bera, baizik eta berari begira egon den jendetza; tximinia −totem− horren erakargarritasuna; kebide ondoan agertu zen kaioari eman dizkiogun bueltak...
En fin.