Urriaren 26an, sarrailak bota
Egite kozkorrarekin hasi zen gauza, ateko sarraila diskretuki aldatuz. Alokairuen prezioaz, bizkar zakuarekin gora eta behera ibiltzeaz, bizitegi hutsen funditzeaz eta legalitateetaz asperturik. Sar gaitezen eta gero gerokoak.
Hiru hilabete pasa dira eta urtea igaro zaigula iduri. Gertakariak agertu arau notarik ez hartzea damutzen zaren horietarikoa. Emozioak, esperantzak, ez ulertzeak, sorpresak, egoera bitxiak paperean etzateko. Iniziatiba ttiki batek har dezaken ezusteko tamaina eta iraul dezakena idazteko, militantismotik haratago bizipenaren liburuari gaineratzen zaion kapitulu gisa.
Lehen egunean HLM jabeari deitu zion auzo salatariarekin ukan eztabaiden kondatzeko, adibidez : nola handik aste batzuetara gure aldeko petizioa sinatu zuen. Polizia etxe aintzinean zegoela telefonoz abisatu zigun beste auzo baten erreflexu ona. Kazetariek prentsaurreko bukaeran xuxurlatu animoak. Txakurtegian, hamasei urteko neska bat 9 euroko eraztuna ebasteagatik atxiloturik zegoen bitartean, poliziek etxebizitzaren egoeraz ere kezkatuak direla erran zigutelarik. HSAko abokataren aurpegi errabiatua auzitegiak kanporatze erabakia hilabete eta erdira emanen zuela jakitean. Sustengu bestara Frantzia ipurtzulotik stop-ez jin bi okupa purista horien portaera. Hauteskundeak hor ez balira aferak bestelako begitartea ukanen zuela deitoratzen duen hautetsiak. Bilkura batean, langile sozial animatuak kanpaina hau dinamika orokorragoa sustatzeko erabili behar dela diolarik. Herriko etxeko bitartekariak, gatazkak hartu bihurgunea ikusirik, deus gehiago ezin duela egin azpimarratu duenean, segida auzapezaren esku utziz.
Eroak garela ulertarazi digutenean, parasitoak, kaka nahasleak. Ala askatasunerantz goazela, jabego pribatu sakratua eta diruaren legea zangopilatuz. Borrokaz tronpatzen garela ala zirrikitua molde trebean zabaldu dugula ohartarazten digutenak. Urruneko adixkideak bidali sustengu sms-a, kasualitatez uxera pasa baina bost minutu lehenago. Auzoko biztanleen ordezkariarekin solastatuz, borroka egiazki irabazi daitekela sinesten duzunean. Etxean auzo aperitifa antolatzean, eskaleak eta magrebiarrak jendartearen zaborra direla baieztatzen duen besteak.
Eta halako beste hamaika. Sarraila bota genuen, atea ireki eta zirimola sartu zaigu. Adaxka besterik ez, herri borroken enbor zaharrean. Oraingoan bizitokia salaketaren eta aterabideen gune eta islada delarik. Epe finkatuekin. Urriaren 21etik goiti, auskalo zer pasako den. Berriz ere motoreak fite berotu beharko. Ozenki aldarrikatu herri harresia eraginkorra, zabala izanen ote den jakin gabe. Gatazkari amaiera ohoragarria emateko gogoz, herriko etxearekin akordio zerbaitera helduko garela igurikatuz. Zorionez historia ez da hortan geldituko, aspaldi hasia baitzen.
Baionan duela 30 urte Laguntza taldeak okupatu etxeetan. IKko militanteen kanpainetan. Patxaren gaztetxeetan, ABn, herri zerrenda abertzaleetan, Eskualdun Gazterian, Euskal Herria ez da salgai dinamiketan, Lurzaindian, Donaixtiko eskolan. Lurra eta Etxebizitzako kideen iharduera sutsuan. Eta etortzeko direnak. Nahia eta elkarlana handituz doazen heinean, norabideen finkatzeko beharra ari da zehazten, poliki, potentzialari ongi erantzuteko dauden duda eta motibazioekin. Eremua goldatua da, landaketara pasa behar, denek elgar elikatuz. Plantoun-en esperientziak proiektuari bere harria ekarri nahi dio. Bizitegi duin eta eskuragarrien aldeko ardatza landuz, alternatibak posible direla adieraziz eta biharko ekintzak ernalduz. Urriaren 26ko hitzorduak mementu garrantzitsua izan nahi du, aintzina segitzeko. Etxe okupatuarekin zer gerta ere, itzul ezineko bidaian gaudelako. Sarraila berrien botatzeko, gero eta azkarrago. Etxebizitza eskubidea dela numbre handian plazaratzeko, gero eta jende gehiagorekin. Zurekin baita ere. Arratsaldeko 4etan, Baionako herriko etxearen aintzinean. Ez huts egin !