Iñaki Soto
GAUR8

«We have to take the Powell back»

Arrazoi desberdinak direla medio –testuinguru europarra, gatazkaren dimentsioak, segregazio politikoa, errepublikanoen eta abertzaleen arteko harremanak…–, Irlandakoa gure auziarekin zerikusi handiena duen gatazka dela aipatu izan dut (aldi berean, politikaren arloan Hegoafrikako borrokaz gehiago jakitea komeniko litzaigukeela defendatu izan dut).

Ondorioz, hango konponbide prozesuaz asko ikas daiteke. Nolanahi ere, beti aipatzen da honelako kasuetan ereduak eredu izan daitezkeela, baina sekula ezin direla mimetikoki jaso. Aste honek argi erakutsi du Euskal Herriko kasua bakarra dela munduan, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek eta nazioarteko adituek azaldu (eta sufritu) dutenez. Horien artean, Jonathan Powell Bilbon egon da aste honetan, Aieteko bide orriari bultzada emateko.

Kasualitatez, Powell bertan zegoela, Irlandan krisia berpiztu da eta bera da krisi berri honen protagonistetako bat. Iragan den astean James McArdie errepublikanoa epaitu nahi zuten 1996an Londresen izan ziren atentatuengatik, baina, Ostiral Santuko Akordioen baitan, britainiar agintariek bere aurkako jazarpen judizialik izango ez zela agintzen zuen gutuna eman zioten, eta, gogo txarrez bada ere, epaileak aske utzi behar izan du. Biktimak, nola ez, erabat aurka azaldu dira. Peter Robinson Belfasteko lehen ministroa sutan agertu da, honen berririk ez zuela esanez eta dimisioarekin mehatxatuz. David Cameronek honelako «amnistiak» onartezinak direla esan du. Lider errepublikanoek, Martin McGuinness buru dutela, akordio hauek ezagunak zirela eta oraingo krisiaren atzean dauden interesak oso bestelakoak direla azaldu dute. Izan ere, hilabeteak dira unionisten eta errepublikanoen arteko liskarren maila igo egin dela, unionisten barruan dauden tirabirak eta hauteskundeak direla medio, besteak beste. Urrutiago joan gabe, Gabonetan alde bietako buruzagiak Stormonten negoziatzen egon ziren, Richard Hass AEBetako bitartekaria bertan zela.

«Great Hatred, Little Room»

Lehenik eta behin, unionistak eta Londreseko agintariak gezurretan ari direla aipatu behar da. Irlandako negoziazioei buruzko Powellen “Great Hatred, Little Room” liburu bikaina da gezur horien froga argienetako bat. Bertan, Robinsonekin auzi honetaz hitz egin zuela azaltzen du Powellek. Berak dioenez, garai horretan Ian Paisley zen akordioak erdiesteko oztoporik handiena. Hauek gainditzeko, Powellek Robinsonek gidatzen zuen «unionista gazteen» taldearekin harreman zuzena zuen (241. orrialdea). Gauzak honela, Tony Blair berak On The Run edo iheslariei buruzko akordioa Paisley eta Robinsonen DUPekin ez, baizik eta David Trimbleren UUP alderdiarekin egindako hitzarmena zela ziurtatu zien, idatziz. Hartara, DUPekoek ez lukete beren oinarrien aurrean hori azaltzeko arazorik izan behar. Robinsonek Powelli Paisley konbentzitzen ahaleginduko zela agindu zion, esan bezala, Robinson baitzen DUP alderdi ultraren adar pragmatikoaren bozeramailea. Baita lortu ere, liburuan azaltzen denez, baina batez ere egitateek erakutsi dutenez.

Powell berak akordio hauen nondik norakoak BBCn azaldu ditu, Bilbotik bueltan. Lehendabizi Euskal Herrian eta ondoren Irlandan eta Britainia Handian, Powellek aste latza bizi izan duela baiezta daiteke. Liburuan erakusten duen buru-argitasun eta umore guztia beharko ditu aurrera egiteko, zalantzarik gabe, han eta hemen.

Guk, gure aldetik, kasu bakoitza bakarra dela onartuta ere, irakaspenen bat atera beharko genuke hemendik. Irlandako prozesuan hasieratik alde guztiak akordioaren eta nolabait bakearen alde zeudela onartuz eta hamasei urte geroago nola dabiltzan ikusita, baita gurean aurkakotasunak ze indartsuak diren jakinda ere, denbora aldetik gutxienez buruan egin ditugun hainbat aurreikuspen nahiko okerrak direla onartu beharko genuke. Tamalez, aste honetan berriro frogatu denez, aurreikuspen okerrak etorkizuneko etsipenen iturri baitira.

Recherche