Wert-en teorema: 4+1€ = 3+2€
Espainiako Gobernuak unibertsitatean aplikatu nahi duen erreforma-dekretu berriak berehalakoa izan du unibertsitate sektoreen, sindikatuen eta erakundeen erantzuna. Oro har PPk, baina batik bat Wertek berak hezkuntza-esparruan orain arte agertu duen estiloari ezer berririk erantsi ez bazaio ere, pisuzkoa izan da aurka atera zaion erreakzioa, eta espektro zabalekoa gainera. Horrela, dekretuka eta negoziazio eta elkarrizketarik gabe gobernatzeko erak gaitzestetik, ikasteko gelditzen zen aukera berdintasun urriaren deuseztatzea salatzeraino iritsi dira kritika-ahotsak, tartean inprobisazioa, graduen debaluazioa, elitismoa eta bestelako argudioak falta izan ez direlarik.
Kritika gehienak, edonola ere, zuzenak. Dekretuak, izan ere, espero zitekeen asmo pedagogikorik ere ez dauka, ez muinean ez azalean. Unibertsitate esparruko kosteak merketzeko egokitze dekretua besterik ez da, eta ez dirudi eskuinaren unibertsitate politikarako ministro honen hitzek inolaz ere lauso dezaketenik haren benetako xedea: neoliberalismoaren agindupeko lehengo Bologna bera da garatu nahi dena, betiere merkatuen interesei erantzunez, koste ekonomikoak, kosta ahala kosta, azken muturreraino gutxituz edota «bezeroei» bizkarreratuz (jendaurrean agertzean, ordea, familiek lortuko dituzten aurrezkiak azpimarratu ditu ministroak mantra baten gisan: 150 milioi euro aurreztuko omen dituzte familiek urtero sistema berriarekin!) eta, ahal delarik, arka publikoetako esnea txekor pribatuak hazteko etengabe jetziz.
Harrigarri samarra, beraz, CRUEren (Conferencia de Rectores de Universidades Españolas) erantzuna, unibertsitateen eskaintza akademikoaren kalitateaz omen duen kezkan ezkutatu baita bestelakorik ez kuestionatzeko. Hori bai, errektoreen ausardia Werten erreforma pare bat urtez atzeratzeko eskaera luzatzeraino iritsi da.
Gurea bezalako unibertsitate sistemetatik begiraturik, baina, baluke 3+2 eredua (hiru urte gradurako eta bi urte masterrerako) xedatzen duen dekretuak onuragarri edo litekeen alderdirik. Amestutakoetatik urruti eta betiere Bolognaren aterpean, zalantzarik gabe, baina bai, ziurrenik, oraingo demasia batzuk ezabatzeko eta joko zelaia modu egokiago batez diseinatzeko baliagarria.
Hortaz, lehenbailehen eta ausardiaz helduko balitzaio hemen dekretuari, hobe, agerikoa baita egungo eredu zurruna (4+1), ofizialki ebaluatu gabe dagoen arren, nekez suerta daitekeela makurrago. Horrela, gutxienez, Europan nagusi den ereduarekin bat egiteko aukera hedatuko litzateke gurean. CRUEren moratoria aldarriak gorabehera, eta hainbat karreratarako eskema zaharra mantenduko balitz ere.
Baina dekretuari heltzekotan, hartaz baliatzeko heldu beharko litzaioke, ez huts-hutsean aplikatzeko, ahaleginak, merezi izateko, ikasketen diseinu berria ikasleen prestakuntza-premiekin koherenteago diren parametroen menpe jartzeraino iritsi behar du nahitaez.
Lerrook ez luzatzearren, bizpahiru puntu besterik ez dugu mahaigaineratuko.
Lehenik eta behin, oraingo eskema orokorraren kontzepzioa aldarazi beharko luke Graduen murrizteak. Beraz, denbora-laburtzearekin loturik, Unibertsitateak hasieratik bertatik eskaini beharko lituzke taxuzko espezializaziorako bideak, egun oso errentagarri gertatzen bide diren artalderatze erraldoiak bertan behera utziz eta ikasleen denbora generalitate hutsalekin betetzeko joerak baztertuz.
Kreditu «generalisten» eskaintza, izatekotan, zientziaren filosofiarekin, zetetikarekin, deontologiarekin eta ikasleek dagozkien ikasketetan garatuko dituzten metodologia lerroekin uztartua etorri beharko litzateke diseinu berrietan, eta ez batxilergotik ikasiak behar dituzten materiez osatua edota kultur bernizdurekin eta departamentuen soberakinekin adabakitua.
Master berriek, bestalde, espezializazioa areagotzeko eta perspektiba berrietan sakontzeko denbora eta kreditu gehiago izango dute. Halere, ezin gutxietsi daiteke master «zahar» zenbait egokitzeko aukera ere, eta batik bat irakaskuntza ez-unibertsitarioan aritu ahal izateko ezinbesteko diren masterrak misto bilakaraztekoa. Ildo horretan, orain arte didaktika eta pedagogia sailen ardurapean izan diren masterrek aski iritzi badiote urtebeteko (60 kredituko) prestakuntzari irakasleak trebatzeko, dekretu berriaren karietara aukera ezin hobea irekiko litzaieke unibertsitate-aurreko hezkuntzan presentzia izan lezaketen jakintza-arloei (Historia, Filologiak, Zientziak...) bi urteko master mistoak, hibridoak, anitzak... antolatzeko eta, bertan, kredituen erdia arlo desberdinetako espezializazioetara bideratzeko eta beste erdia irakaskuntzarako prestakuntza eskaintzeko.
Erantsi behar da, bide batez, ikerkuntzarantz zein irakaskuntzarantz bideratutako ibilbide gisakoekin hornitutako master mistoek bizitza berria ekarriko lieketela hil hurran diren espezialitate horietako askori. Master franko lekuko: lakioa eta biska erabilita ere, ezinezkoa gertatzen ari zaie hiruzpalau ikasle baino gehiago sareratzea.
Kosteei dagokienez, inori ez zaio ezkutatzen Graduko eta Materreko ikasketen prezioak homogeneago egiteko ahalegina areagotu dezaketela unibertsitateek, kosteak, oro har, erabaki politikoen fruitu ere baitira. Nola ulertu bestela Kataluniako gradu eta masterren matrikula EHUkoen bikoitza izatea?
Izan liteke, guztiarekin, dekretu berriaren efektu kolateral asko eta okerrik ere (finantziazioan, beken kapituluan, graduetako irakasleak bigarren mailako bilakatzeko arriskuan, prekarizazioan...), baina gaudenean gaudela, gutxienez ikasteko aukera-berdintasuna ziurtatzera eta ikasleen zinezko prestakuntza bermatzera jo beharko luke EHUk.