Iratxe Esnaola Arribillaga
Informatika ingeniaria

Whatsapp, Facebook-en esku

«Badakigu zein prezio ordaindu duen Facebookek. Ikusteke dago oraindik Whatsapp erabiltzaileok ordainduko duguna», dio egileak teknologien munduko albiste entzutetsuenaren harira. Baztertu egiten ditu termino monetarioetan operazioa neurtzeko tentaldia, baita Facebookek bere datu basea handitzeko gose aseezinaren ideia ere, eta «konpentsazioaren ekuazioan» erabiltzaileak irabazten duela uste du.

Aurtengo otsaila izan da teknologien munduko azken hilabete luzeetako albisterik entzutetsuena iritsi den hilabetea: Facebookek Whatsapp erosi du. Eta ez nolanahiko prezioan: 13.800 milioi euro ordaindu ditu Facebookek Whatsappen jabe bilakatzeko. Zergatik hainbeste diru? Zergatik hainbeste interes Whatsapp eskuratzeko? Hainbeste diru balio al du Whatsappek? Zein eragin izan dezake erosketa honek? Izan al du eraginik jada? Albisteak sorpresaz harrapatu gaitu. Ez da aurrez zurrumurrurik zabaldu. Sorpresaz eta prudentziaz: Facebookek izan behar zuen? Ezin zuen beste inork izan?


13.800 milioi euro. Erraz esaten da: Facebooken burtsako kapitalizazioaren %10, gutxi gorabehera. 13.800 milioi horietatik 2.900 milioi sartu dira Whasappen kontu korrontean. Beste 8.700 milioi Facebooken akziotan ordainduko dizkiete. Eta gainontzeko 2.200 milioiak akzio mugatuetan: Whatsappen sortzaile eta langileentzat zuzenean, lau urtean beste norbaiti saltzeko aukerarik gabe. Edozein kasutan, mundu teknologikoan orain arte izan diren erosketen preziotik oso urrun dago azken hau. Baina zergatik hainbeste diru? Diote beste eroslerik ere bazela. Baina Facebookek, kosta ahala kosta, Whatsapp bere egiteko erabakia hartua zuela (beste inork eskura ez zezan). Baina deigarria da: Facebookek 31 euro ordaindu ditu Whatsapp erabiltzaile bakoitzeko eta Whatsapp erabiltzaile bakoitzak 0,89 zentimo ordaintzen ditu urtean. Hortaz, nekez uler daiteke zuzeneko diru sarrera gisa. Urteetan zehar buelta emango ez dion erosketa da (eurotan, bederen). Eta, horretxegatik, iruditzen zait, erosketa hau ez dela, inondik ere, termino monetarioetan neurtu behar.


Zer du, hortaz, Whatsappek, hainbeste balio izateko? Zenbaki batzuk: 2009an sortu zen; 55 langile ditu soilik, horietatik 32 ingeniariak; egunean 600 milioi argazki eta 100 milioi bideo banatzen dira; 450 milioi erabiltzaile ditu; eta, garrantzi-tsuena, erabiltzaile horietatik guztietatik %70 erabiltzaile aktiboa da. Beste inork esan al dezake bere Interneteko zerbitzu edo smartphoneko aplikazioaren erabiltzaileen %70 aktiboa dela? Ez. Are gehiago: 450 milioi erabiltzaile izateaz gain, egunean milioi bat erabiltzaile gehiago lortzen ditu. Smartphone bat erosten duenak instalatzen duen lehen aplikazioa izango da, kasu gehienetan, Whatsapp. Milioi bat erabiltzaile egunean: beste inork badu gisako hazkunde-abiadurarik? Ez. Zenbat denbora pasatuko da 1.000 milioi erabiltzaile izateko? Gutxi.


Erabiltzaile kopurua eta erabiltzaile aktiboen ratioa ezinbesteko ezaugarriak dira erosketaren prezioa eta atzean duen estrategia ulertzeko. Eta horren eskutik joango da Facebookek bere datu basea handitzeko duen gose aseezina eta grina ere. Facebook mila aldiz eta beste hainbeste modutan saiatu da bere erabiltzaileen telefono zenbakiak lortzen. Ez zaio erraza egin, erabiltzaileek mugikorreko zenbakia datu pertsonalegia dela iritzi baitiote. Orain mugikorreko zenbaki horiek ere izango ditu. Baina ez dut uste horrek gauzak asko aldatuko dituenik. Ustez, sare sozialeko informazioa aztertuta gai da Facebook bi pertsonek harreman bat hasi edo bikote batek harremana bertan behera utziko duen edo ez iragartzeko. Eta, hortaz, erosketaren aurretik ere, Facebooken datu basea nahikoa handia da gure informa-zio pertsonalarekin nahi bezala jolasteko. Gehituko nuke, gainera, tamalez, pribatuta-sunaren afera galdutzat emana dugula. Etsi dugula horretan. Eta egun, konpentsazioaren ekuazioan Facebook eta Whatsapp erabiltzeak irabazten duela, horren truk gure komunikazioak saltzen baditugu ere.


Erabiltzaileen kontuari oso lotua dago gaztetxoen afera ere. Egungo gaztetxoek Facebook (edo Tuenti) eta Whatsapp ia une berean deskubritzen dituzte. Eta horrek aldaketa bat ekarri du, Whatsappek lekua jaten baitio sare sozialari: azkarragoa da, naturalagoa, argazkiak partekatu daitezke eta gertukoagoen arteko taldeak egin. Beraz, uler daiteke gaztetxoengan gailendu den komunikatzeko modu horren jabe ere bilakatu nahi izana. Berez, Facebook, bere aldetik, saiatu da mezularitza aplikazio bat eskaintzen: Facebook Messenger. Baina teknikoki eta diseinu aldetik potentzia handikoa izan arren, ez du Facebook erabiltzaileek Whatsapp erabiltzea saihestu ahal izan. Erosketa honekin, online funtzionatzen duten munduko bi plataforma sozial handienen batura gertatu da, bide batez Facebook gailu mugikorretan jaun eta jabe bilakatuz.


Honek guztiak izango du eraginik, epe laburrean gehiegi igarriko ez bada ere. Facebooken sortzaile eta nagusi Mark Zuckerberg eta Whatsappen orain arteko CEO zena, Jan Koum, ezer ez dela aldatuko azpimarratzen tematu dira. Baina nork uler dezake 13.800 milioi ordaindu eta ezer ez aldatzea? Diote, gainera, bi enpresa ezberdin eta independente bezala funtzionatuko dutela. Baina Jan Koum Facebookeko zuzendaritzan sartuko dela ere zabaldu da.


Aldaketak egongo dira, ziur. Gaur-gaurkoz, aldaketa positibo batzuk argi ikus daitezke. Batetik, Whatsapp, 55 langile eta 32 ingeniariz osatutako enpresa bat izatetik, Facebooken 1.000 langile ingururen ondoan aritzera pasatuko da. Hau da, garapen teknikoan eta diseinuan eragin positiboa izan dezake. Eta ziur aski lehen baino eguneraketa gehiago eta esanguratsuagoak izango ditu Whatsappek. Jada aurreratu dute 2014ko hirugarren hiruhilekoan Whatsapp bitartez deiak egiteko aukera izango dugula. Badatoz aldaketak, beraz.


Argi dago ere Whatsapp erosteak Facebook Messengerren heriotza iragarri duela. Ez luke zentzurik bi mezularitza zerbitzuekiko apustuarekin jarraitzeak. Alegia, Facebook eta Whatsappen arteko integrazio bat gauzatuko dela: Facebook Whatsappen integratuz eta Whatsapp Facebooken. Zergatik ez, beharbada, Facebook sare sozialean lagun gisa gehituak Whatsappeko kontaktu gisa agertuko dira. Ezin jakin. Ikusteke dago for-mula zein izango den, baina integrazioa izan izango dela, ezin dugu zalantzarik izan.


Oraingoz nahiko argi dago Whatsappeko elkarrizketetan publizitaterik ez dela sartuko. Batetik, Whatsapp ordainpekoa izateko arrazoi nagusia publizitatea saihestea zela esan zigutelako. Eta, bestetik, Whatsappeko elkarrizketak espazio intimoegi bat direlako, ziur aski, publizitatea txertatzen hasteko. Publizitateak dena aldatuko luke. Eta hori badakite.


Albistea jaso genuenetik, egon dira Whatsappi bizkarra emateko deialdiak. Kasualitatez edo kausalitatez, astebete lehenago ezagutu genuen Telegram. Eta erabiltzaile andana ditu jada, baina Whatsappi lekua kentzea ez da hain erraza. Ez behintzat orain arte bezala funtzionatzen jarraitzen badu. Besterik gerta daiteke Facebooken eskuak igartzen badira. Eta nolabait eta noizbait igarri edo jakingo dugu, 13.800 milioi euro ordaindu eta gero, Facebook eta Whatsappek norabide, helburu eta estrategia bakarrari erantzutea baita normalena.


Badakigu zein prezio ordaindu duen Facebookek. Ikusteke dago oraindik Whatsapp erabiltzaileok ordainduko duguna.

Recherche