Biktor Abarzuza Fontellas
Liburuzain langabetua

Zentsura politikoa

2008-2009 bitarteko urteetan euskal gaiei buruzko titulu unibertsitario bat egin nuen Asmoz Fundazioaren bitartez. ‘Piruxak Nafarroan: zentsurari buruzko ikerketa 1979-2009’ aurkeztu nuen hartarako. Piruxak aizturrak dira Ipar goi-nafarreraz. Ikerlan hartan saiatu nintzen aztertzen erregimen frankistaren ondorengo zentsuraren fenomenoa, Nafarroari lotutako kasuak bilduz. Ikerlan haren ondorio batzuk hona ekarri nahi ditut.

Nire ikuspuntutik, zentsurak debekuaren formetan eratzen da gaur egungo lege eta ekinbide judizialen bidez. Euskal gatazka deitzen dugun eremu politikoan, hirugarren mundurako planteamenduaz eginiko ZEN plan haren kontzeptuekin janzten da zentsura. Zona Especial Norte planak Euskal Herria eremutzat hartzen zuena, oraindik ere indarrean. Orduan bera osorik agerian jartzen da, denekoa baita, aipatu gatazkak hartzen duen era errepresibo ideologikoa; ukatzen duten gatazkaren existentzia bera horrelaxe gorpuztuz eta bere errealitatea nabarmenduz. Hedabideetan, komunikazioan eta informazio arloan bere luzapena baino ez da; helburu politiko baterako: isilaraztea bere moduko pentsamoldea ez duena, azken finean.

Bilduriko kasuen artean, batzuk zakarrak, gardenak eta argiak dira, frankismoan gertatzen ziren bezalakoak: gogora ekar ditzagun Soren Hansen eta Jesper Jensen egileen ‘Libro rojo del cole’ hura edota Zeig Mal alemaniarraren ‘¡A ver!’. Edo, askoz geroago, Alfredo Jaime Irujo alkatearen garaiko kasuak; Maribel Beriain zinegotziarenak batera, «heretikoen mailua» goitizena zuen hura: VI. Euskaraz Komikiaren Lehiaketaren komiki zentsuratuak «eduki biolentoengatik, biluzgorriengatik eta mezu sasi-politikoengatik», edota Mikel Urmenetaren artelana ‘Autorretrete’, besteak beste. UPN-koak biak. Zentsura giroa zen hura, iritzi publikoa hartua zuela eta bere hartan segitzen zuela, laino sarriaz, aurreko agintaldian bezalatsu. Ez dugu ahaztu behar, adibidez, Rodolfo Martín Villa, Sindicato Vertical taldeari lotua, 1976tik 1979ra arte Gobernazioaren kartera izan zuena (UCD) eta 1977tik aitzina Gorte Nagusietako senataria; frankismoaren dokumentazioa erretzeko agindua eman zuela leporatua izan dela zenbait alditan, Montse Armengouk eta Ricard Belis-ek eginiko ikerketen arabera. Emilio Majuelo Gil historialariari egindako elkarrizketan, Nafarroako Gobernu Zibileko dokumentazioa erreta izan zela baieztatu zuen; instituzio hartako artxibozainak berari esandakoan oinarrituta, hau da, UCDren Barne Ministerioak emandako agindua 70ko hamarkadan bete egin zutela. Frankismo ondorengoak lotu eta estu lotu nahi zuen.

Beste kasu batzuek era sofistikatuagoa dute edo legez bestitu nahi dute: adibide gisa, Simonides-en ‘Jamon de Gorrión’ komikia, ‘Liburu bat egiten-Cómo se hace un libro’ erakusketa Ziudadelatik kendu zutenekoa, Joseba Sarrionaindia Uribelarrea idazle bizkaitar hipersaritu eta ETAren kide ohiaren lana agertzen zelako, edo, Altaffaylla Fundazioaren ‘Navarra 1936: de la esperanza al terror’ txosten-liburuarekin izandako arazoak etab., etab.

Badira kasu dexente Nafarroan zentsurari edo «errepresura kulturalari» loturikoak (José Andrés de Blas argitaltzaileak sorturiko terminoa) eta horietako dexentek badute lotura ez bakarrik kultura, politika edo erlijioarekin; aunitz ere badaude loturik sexualitate, abortu, sida eta gisa horren kontuekin. Gure ‘Navarrra’.

Kultura eta zentsura arloetan Euskal Herriko aditu handienetako bat, Joxe Mari Torreldayk, zentsura garaikidearen kasu nabarmenetako baten biktima berau, Egunkaria itxi baino lehenago egin zioten elkarrizketa batean, honakoa esan zuen ziurtzat: «hala ere, oso ezberdina da orain egon daitekeena, eta hemendik aurrera egongo dena, frankismoaren zentsurarekin. Orduan, aparatu bat zegoen, pentsamendua bideratzeko zuzenki destinatutako aparatu administratiboa. Egun, ez da horrelakorik». Nire ustez, aunitz dira orduko zentsura eta egungo zentsuraren arteko berdintasunak eta galdetzen diot neure buruari ea aparatu hori gure aurrean ez ote dugun, itxura legalaz edo administratiboaz, arrazoi soil batengatik, ikuspegi kontua baino ez delako, aparatu garaikidearen pentsamolde judizial-politiko sarriaren baitan disolbaturik izanda ere.

Hain zuzen ere, agintaldi diktatoriala egon bitartean bazegoen apartu espezializatu bat horretan (aunitzetan apez bat ere), txosten bat; eta egungo agintaldian, betearazpen-akzio bat elkar banatua da aparatu polizial edo militar eta judizialaren artean, batzuetan, aparatu politikoak bultzatua dagoelarik. Egunkariaren kasua ezaugarri horietarikoa da. Frankismoaren gizon grisaren txostena kapitain baten ofizio-agiriak ordezkatua, instrukzioko epail bati zuzendua, nork «ETA dena da» aski ezagututako diskurtsoaren izenean egunkaria ixten duen. Torrealdayk atsekabeturik esan zuen bezala, ETA Jaingoikoa da eta bere izenean dena egin daiteke.

Zentsura, Francoren garaian, politikoa ere bada, ohiko jarduera da, eta, bizitzaren eremu guztia hartzen duen heinean, normalizatutako ekinbidea da, ohikoa, politika egiteko modu baten alderdi bat bezalakoa (frankismo ondoren ere bai), horrelakoa baita horrelakoa delako. Normalizatua bai herrian (boteredunak nola aberasten diren ikustera ohitzen den hori bezain) bai erregimenaren kontrako intelektualen artean; zeren haiek beraien baitan pairatu zuten auto-zentsura delako hura, nahiz eta horri aurre egiteko borroka zintzoa egin. Aginte zentsuratzaileak markatzen du politika arloan debekaturik zer dagoen. Halako agintaldian debekaturik dago erregimen horren inposaketaren aurka dagoen guztia. Honek guztiak alderaketa nabaria egitera eramaten du: alde batetik, ze erraz itxi egin dituzten komunikabideak 1979tik aitzina, eta bestetik, erregimen horren akolitoen konplatzentzia. Luis María Anson kazetari kontserbadoreak, berriz, (ABC, La Razón eta El Imparcial-eko zuzendaria izan da) Egin-en itxieraren kontra azaldu zuen; bere bestearekiko jarrera orokorra nolakoa den imajina dezakegu. Edozein delarik ere, zentsuaren helburua beti bera da: kolore bakarreko informazioa (informazioaren metaketa kapitalistaren ondorioa) eta bestearen ikuspuntua isilaraztea. Hauek horrela, XXI. mendeko zentsuaren sofistikazioa eta konplexutasuna aparte utzita, zentsura hori zentsura baino ez da, argi eta garbi. Zuk pentsatzen duzun eran pentsatzen ez duen bestea isilarazteko giza-joera, tik hori. Lehen, aurretikoa, orain, «kautelazkoa».

Nik uste dut ez dakigula komunikatzen eta elkarri hitz egiten, ez ziguten irakatsi, eta ikasi duguna justu kontrakoa da. Katalan izaeratik gutxi dugu, bai bikingoena. Eta espainarrak ere bai. Zeren, horretaz ari garela, auto-kritikaz eta desikasteko xedeaz; ulertu behar da, izan ere, zentsura botere instituzionalizatuetatik datorren ekinbide penagarria dela, batez ere, baita ekonomikoetatik ere; baina ez da soilik haien esklusitibitatearena, kontra-boterea egin duena hark eramana edo tentatua noizbait izan da. Zentsura, ezarritako boteretik heldu ohi dena eta besteengana ibiltzen dena, paranoikoa eta kutsakorra da.

Zentsurak ez du meniarik. Bere makineria publiziatarioa saiatzen da iritzi askatasunaren eza zerbait normalizatua balitz bezala ikus dezagun (sofistikazioaren bere ezaugarrietako bat). Hain zuzen ere, boterearen ekinbide ez etikoak informazioaren kontrolean du oinarri, esaten den eta esaten ez den horretan. Adierazpen askatasun eta gardentasunaren aldean. Horregatik GARA eta ‘Berria’ egunkariak ez daude Nafarroako liburutegietan, Iruñeko alkateak ez ditu gogoko CAN-i buruzko dokumentalak eta Ateak Ireki bezalako komunikabidea berriro ere itxi dute betiko diskurtso bereziaren bidez, iparrerako eginikoa eta aski ezaguna. Beharbada, Nafarroan Ateak Ireki izan liteke UPN-ek duen informazioa kontrolatzeko sistema bere lekutik kanpo utz dezaketen hedabide horietako bat; agian hauteskundeetan partidu horren etekinaren zati daitekeen sistema.

Iritzi eta adierazpen askatasuna denon eskura izan beharko lukeen eskubidea da eta eskubide horrek erabatekoa izan beharko luke muga inposatutakoen gainetik. Inor ez da horren ordezkoa eta jabe ofiziala, bestearen izenean inork ez baitu norbanakoaren askatasuna ordezkatu behar, eta, aldi berean, denon erantzukizuna da bestearen askatasuna defenditzea. Hitz egin dezagun, eta elkarri hitz egiten ikas dezagun inor baztertu gabe, hitza isilarazi gabe. Botereen-banaketa benetan existitzen bada, bada garaia militarrak politikoari ez agintzea. Bada gatazkaren amaieraren garaia. Zentsura gehiagorik ez.

Recherche