Garazi Irureta Eizagirre
EHK, Euskal Herriko Komunistak

Zergatik bozkatuko dugu EH Bildu?

Bada denbora “Eusko Jaurlaritza” deritzogunerako hauteskundeei buruzko iruzkin eta azterketa ugari irakurtzen eta entzuten ari garela Ezker Abertzalearen baitan nahiz beste eremu batzuetan. Hainbat arriskuri buruzko izu, arreta eta mesfidantzaz josita daude: langileen eta herriaren borroka instituzionalizatzeko arriskua, sisteman barneratu eta asimilatzeko arriskua; azken batean, independentziaren eta sozialismoaren nazio-eraikuntzaren helburuak alde batera baztertzeko arriskua.

Ez dira funtsik gabeak izu horiek. Zehaztasun gehiegirik ematen hasi gabe, sobera daude horri buruzko adibide historikoak, eta bat egiten dugu guk haiekin. Hori bai, egoera politiko hori onartzearen aurka hausnarketa sistematizatuen esparruan nahiz beste esparru batzuetan agertzen ari den erresistentzia garrantzitsuak pentsarazi behar liguke ezer ez dagoela idatzita, eta, horrenbestez, ongi dagoela izu eta oharrak adieraztea, baina soilik Ezker Abertzalearen baitako inplikazio antolaturako aurretiazko urrats moduan, haiek gauza daitezen saihesteko.

Iraultzaren bultzada indargabetzeko nahiz alboratzeko presio egingo duten indarrak boteretsuak dira, bai maila objektiboan, bai Ezker Abertzalearen subjektibotasunean. Halaber, ez dugu ukatuko EHK parte duen kolektibo soziopolitikoan ideien lehian adierazten den klase-borrokaren errealitatea. Une bakoitzeko printzipioak, helburuak, estrategia eta taktika astindu ederraren mende egongo dira etengabe.

Hor daude indar posibilistak, moldakorrak eta ohiko pragmatismoa; egia da, halaber, egungo baldintza objektiboen bilakaerak (krisi ekonomikoa, soziala, kulturala eta politikoa) ekarri dituen langabezia gero eta handiagoa eta langile-klaseen sektore eta herri-sektore zabalen pobretzeak ez dutela erraztuko haiek finkatzea. Ezker Abertzalea, eta, harago, euskal disidentzia osoa, ez da kontzeptuen (demokrazia, adibidez), metodoen (mugatzen dizkigutenak) eta etikaren (burgesiarekiko errespetua) eremuan etsaiaren logika onartzeak ekarri ohi dituen esperientzia argitzaileak bizi gabea. Elementu horiek guztiek une bakoitzean “kontraesan nagusia herriaren baitan dauden kontraesanetatik” (Mao dixit) bereizten jakiteko ahalegina egitera eramaten gaituzte, funtsezko elementua baita, bai eraginkortasunaren arloan, bai pedagogia politikoaren arloan.

EHKk etengabe nabarmendu du aldi-politiko berri honetan mugitzeko ezinbestekoak diren bi termino argitzeko beharra:

Lehenengoa zenbakizko-masa kontzeptua da, indar-metaketa deitu izan zaiona. Oinarri demokratikoa duen akordio baten emaitza izan da, erakundeen osaeran (udaletan, parlamentuetan…) aldaketa bat eragiteko. Gutxieneko demokratikoak akordio hori lortzen dutenen behar eta indarguneetatik sortzen dira, baterako espazio batean batzeko hauteskundeetan islatu ohi diren esku-hartze politikoko energia eta gaitasun guztiak, izan udal-hauteskundeak, autonomikoak edo orokorrak.

Bigarrena masa kritikoa da (zenbakizko-masaren baitakoa). Errealitatea aldatzeko lan handia egiten duen indarra da, eta talka-indarra oinarritzat duten herri-erakundeak sortzen ditu: esku-hartze politiko eta sozialak garatu eta presio handia eragiten dute burgesiaren erakundeetan. Hau da, sistema menderatzailea eta haren baitako egitura antolatuak (sindikatuak, alderdiak...) dinamiko izatera behartzen ditu. Masa kritikoa da, zenbakizko-masaren parte izateari utzi gabe, zehaztasunetan ekintza-batasuna hautsi gabe, eta oinarriko akordio demokratiko taktikoak errespetatuz, elementu soziopolitiko estrategikoei eutsi eta haiek asaldatzen dituena.

Hori esan da, eta dagoeneko errepikatu den moduan, hauteskundeak nahiz erakundeetako lana proiektuaren zerbitzura dauden tresnak dira, eta ez helburu bat bere baitan, ezta tresna pribilegiatu bat ere. Baina «egoera zehatzaren azterketa zehatza» eginez, onartu behar dugu mugak ezarri arren ere, gure hautagaitzak, EH Bilduk, emaitza garrantzitsuak lortzen baditu hauteskundeetan, eta hautetsi ugari, horrek erraztu egin dezakeela, eta behar duela, ziur asko oso luzea eta zaila izango den (ez da ukatu behar) botere politikoa konkistatzeko bideranzko prozesuan funtsezkoak diren esku-hartze politikorako beste tresna batzuk garatzea.

Eta hori guztia ez dago jainkoen esku, baizik eta gure langile-herriaren eta hortik sortuko den abangoardiaren esku; izan ere, Euskal Herrian, ez dugu amore ematen, eta ez gara damutzen. Jo dezagun iraultzaren pianoa hatz guztiekin.

Jo dezagun iraultzaren pianoa hatz guztiekin.

Recherche