Mikel Zubimendi
GAUR8

Zergatik ez isildu komunikatzeko bada?

Aristotelesek zioenez gizakiaren berezitasuna arrazoimena eta hitza dira. Litekeena da. Baina galdera sortzen zait: ez ote da hitza gehiegi miretsi eta isiltasuna akats bihurtu? Litekeena da ere. Bata eta bestearen artean, eskatzea libre, laburrak izatea eska liteke, Euskal Herria hitzez gainpopulatuta dago-eta.

Eska daiteke hitz gutxitan argi adieraztea, arrazoibide sendoetan oinarritzea, eduki interesante bat ezagutzera ematea. Eskatzea libre, oso argi pentsatzeko abilezia, konklusio zehatzetara iristeko indarra eta publikoan aurkezteko kuraia izatea eska liteke. Ez, noski, zozo-zozo, pasiorik gabe hitz eginez eta norbere parrokiari begirako errelato orekatuak eginez soilik. Ohikoena hori den eta izango den arren, ez bakarrik besteak, arerioak, gorestea ala kritikatzea eska liteke; hau da, ahal den neurrian beste gai batzuk ere sartzea, soluzioak eta errezeta kreatiboak eskaintzea. Asko eskatzea ote? Litekeena da, bai.

Kontua da, baina, asteari gainbegiratua ematean, asteak utzi dizkigun gertakarietan eta horien gaineko berri eta iritzietan kakofonia nonahi eta eskolaurreko jolastokietako zalaparta larregi aditzen dela. Zenbat purrusta ez ote diren bota eta herriratu Fagorren itxieraz, Igeldoko kontsultaz eta Bergarako simulakroaz, Estrasburgoko epaiaren ondotik kalera ateratzen ari diren euskal presoen inguruan... Purrusta itsuki alderdikoiak asko, zintzotasun intelektualik gabeak besteak; kaikuan txiza bezala, hitza eta hitza herriari. Aste honetan, gertakari bat hartu eta hari horretatik tiraka letrok osatu beharrean, orokorrean nabarmen den hitzen inflazio totalaz eta isiltasunarekin komunikatzeko, isilik autodeterminatzeko dagoen gabeziaz arituko naiz. Apunte solte batzuk besterik ez. Dagokienei erabilgarri bazaizkie, zorionekoa ni.

Isiltasuna ez da ahanzturaren sinonimo. Prentsaurrekorik gabe, errutinatik harago, badago komunikazioa. Denetan, denetarik, den-dena esan beharrik ez baitago. Ezta gatzik gabeko malkoak isuri edo gogor plantan, katu-begiradarik gabeko katamotzarena egiten ibili beharrik ere. Jendea enpatxatu eta nekatu egiten baita. Politika gogaikarri egiteko arriskua dago, betikoan, déjà vu aspergarri batean gabiltzala, diskurtso berean, tonu eta estilo igualtsuan, “kaka” berari bueltaka eta bueltaka.

Jakina eztabaida probokatu behar dela Euskal Herrian. Eta perspektiba seinalatu. Eta posizioa eta agenda finkatu. Bai, dudarik gabe, aldaketaren alde borrokatu behar da. Eta herritarrak konbentzitu. Ekintzara eta erreakziora animatu. Gaiak, lehentasunak determinatu eta bakoitzean zer esan behar den zehaztu. Hori dena eta beste bost daude egiteko. Beldurrik gabe, uste osoz, bide erakusle eta ez dogma hutsak diren printzipioak emanda.

Euskal jendearekin elkarrekikotasuna eta kontaktu erreala landu behar dira, horixe baietz! Ideia on eta freskoen iturri izatea aspirazio hartuta, zenbakitan, exijentzia mailan eta dibertsitatean hainbeste handitu den komunitate naturalari ideiok modu interesgarri, erakargarri eta desafiatzailean aurkeztuz. Horrela, hobe, askoz hobe.

Tamalgarria dena, kezkagarria oso, hipnosi kolektibo on baterako kontsignen eta komenentziazko definizioen bonbardaketa sustatzea da. Mezu positibo bat zabaldu eta ideia indartsu bat bultzatu beharrean, errutinazko diskurtsoen preso segitzea. Norberarena super eta besteena oker. Eta igual-igual da Fagorrez ari garen, errauskailuaz ala aurrekontuez.

Aukeran, isilik egotearen artea komunikatzeko bitarteko legez entseatzea ez litzateke txarra. Aurpegia sosegatu, ibilera moteldu eta ahotsa leunduta, isiltasunean autodeterminatzea. Saiakera egitea, ariketa hori komunikazio gorenaren eta poesia sublimearen iturri izan dela jakinik. Ekialde Hurbilean eta baita gurean ere. Azken buruan, hori behar baita: barne garrasi ozena barruko hutsunean besteak eta guztion Euskal Herria bera ere jaso ahal izateko.

Gorrari ezkilak birritan jotzen ez zaizkion bezala, hitzen gainpopulazioaren eta kontsignen bonbardaketaren aurrean oilagorrarena egitea ez delako jarrera politiko zuzena.

Recherche