Zero tolerantzia?
Duela aste batzuk iritsi ziren garapenerako GKEen egoitzetara Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Gaietako Sailak abian jarri duen "Zero tolerantzia" izeneko sentsibilizazio kanpainaren kartela eta diptikoak. Aldundiak dioenez, kanpaina horren helburua da «giza eskubideen gaineko sentsibilizazioa egitea eta balore demokratikoak sendotzea». Halere, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundean uste dugu zero tolerantziaren aldeko sentsibilizazio kanpainak egitea beharrezkoa bada ere, kasu honetan hala kanpainaren ikuspegia nola bere sakoneko mezua ez direla egokiak.
Lehenengo eta behin, iruditzen zaigu ekimen horrek Arabako biztanleriaren zati bat estigmatizatzen duela eta xenofobia eta bazterkeria bultzatzen dituela, modu deliberatuan erabiliz Islama eta fanatismoa elkarrekin parekatzen dituzten irudiak. Kanpainaren bidez aditzera ematen da fanatismoa bakarrik gertatzen dela Islama nagusi den herrialdeetan, baina ezkutatu egiten da gure herriko errealitatea, non, CISen datuen arabera, homofobiak sustrai sendoak dituen, gazteen %77,4k entzunak baititu inoiz irain homofoboak eta %18,2k ikusi baititu homosexualak jotzen eta bultzatzen.
Bigarrenik, uste dugu kanpainak ez duela aintzat hartzen genero ikuspegia, argazkietan ageri diren emakume gehienak zaintzaile eta biktima roletan ageri baitira, emakumeei betidanik egokitu zaizkien roletan, alegia.
Hirugarrenik, kanpainak bost eskubide-urraketa mota aztertzen ditu. Horietatik bi kenduta (indarkeria matxista eta emakumeen aurkako tratu txarrak), beste hirurak –erdia baino gehiago, beraz– atzerritarrekin lotuta ageri dira. Eta hori, jakina, ez da kasualitatea. Baina ba ote dago elkarrekin parekatzerik indarkeria matxistak gurean daukan indarra eta Araban burkaz jantzita dabiltzan emakumeen kasuak? Errotik sinesten dugu herri erakundeak herritarren zerbitzura egon behar direla, erne egon behar dutela lurraldeko jendeak benetan dituen arazoak konpontzeko, mamu faltsuak astintzen aritu beharrean hauteskunde usaina zabaltzen hasi orduko.
Bestalde, baldin Arabako Foru Aldundia benetan prest balego horrelako kasuetan zero tolerantzia aplikatzeko, gizarte ekimenak bultzatuko dituzten prebentzio estrategiak martxan jarriz eta tokiko borrokak epe luzeagora laguntzeko diru gehiago garapenerako lankidetzako proiektuetara bideratuz, orduan neurriak hartuko lituzke arazo horiek eragiten dituzten egiturazko arrazoiak borrokatu nahiz ezeztatzeko. Baina hori egin beharrean, 2012. urtean (PPen agindupeko legealdiaren lehen urtea, bere aurrekontuak onartu zirena), garapenerako lankidetzarako laguntza %65 murriztu zuen. Horrekin dena esanda dago.
Azkenik, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundean uste dugu badirela gure herrian beste hamaika egoera eta arazo salagarri, zeintzuen aurka ere erakunde publikoek «zero tolerantziako» politika aldarrikatu beharko luketen. Arabar asko kolpatzen dituzten injustizia sozial horien artean aipagarriak dira, adibidez, doako osasun arreta zerbitzurik gabe dauden atzerriko etorkinak, familia behartsuen etxe kanporaketak, soldaten arteko desorekak, etxebizitza bat lortzeko ezintasuna edo ustelkeria eta iruzur fiskalak. Gure iritziz Aldundiak abiatutako kanpainan erabat ezkutaturik geratu diren errealitate horietan guztietan nahi genuke aplikatuta ikusi «zero tolerantzia» hori.
Horregatik guztiagatik, gure desadostasunaren seinale, eta gure ustez kanpaina hau ez delako benetan giza eskubideen gaineko sentsibilizazio kanpaina bat, eta are gutxiago balore demokratikoak defendatzekoa, eskatzen dugu har daitezela behar diren neurriak bere edukia berehala aldatzeko, edo bestela kanpaina bera bertan behera uzteko.